Ajangizko XI. Esku Pilota Txapelketa, finalen atarian
Datorren domekan [maiatzak 11] jokatuko dituzte Ajangizko XI. Esku Pilota Txapelketaren finalak. Elite mailako afizionatuena izango da hitzordu nagusia. Benjamin, kimu eta haur kategoriei, neskena gehituko zaie final egunean, 10:45ean.
11 urte ez dira berehalakoan betetzen. 11 urtez irautea ondo eginiko lanaren zantzu da. Ajangizko Esku Pilota Txapelketa bere XI. ekitaldira iritsi da, eta zelan iritsi, gainera. Harrobi eta herrigintza lana oinarri, urtez urte aurrera egin du txapelketak, eta aurtengo aldiak domeka honetan [maiatzak 11] harrapatuko du bere gailurra: final handiak jokatuko dituzte, 10:45ean hasita, herriko pilotalekuan. Urtero legez, txapelketaren azken txanpa Ajangizko jaien atarikoa izango da; gainera, artisau azoka ere egongo da domekan, giro ederra bermatuz.
Elite mailako gizonezko afizionatuen finala izango da partiduen egitarauko tontorra. Batetik, Eñaut Lizeaga eta Unax Landa ariko dira, gorriz; bestetik, bikote urdina, Unai Amianok eta Oier Elorzek osatua. Elite mailan, beste urte batez, “maila erraldoia” erakarri du Ajangizko txapelketak. Gantzabale Elkarteko antolatzailek azaldu dutenez, lehiaren jomuga, harrobi beharra egiteaz gain, goi mailako esku pilotara “jauzia egiteko puntuan” dauden pilotariak hartzea da: “Beraz, progresio bete-betean dauden pilotariak etortzen dira, baina honezkero kirol maila oso esanguratsua daukatenak”.
Txapelketak, elite mailako afizionatuez gain, benjamin, kimu eta haur mailetako partiduak barnebildu baldin baditu, finalak kategoria erantsi bat ere edukiko du: nesken partidua. Hala, honakook izango dira lehendabizi kantxaratuko direnak: benjamin mailan, Iza anaiak Leizaren eta Iglesiasen kontra ariko dira; kimu mailan, Aratz eta Ander Jurdanen eta Eleneren aurka; haur mailan, ostera, Lizarrek eta Xubanek Beñaten eta Sillonizen kontra neurtuko dituzte indarrak. Nesken partiduari dagokionez, Menak eta Uriartek osatuko dute bikoteetako bat, eta bestea Galdosek eta Gastonek.
Apirilaren 27an eta maiatzaren 4an lerrokatu zen finalerako bidea. Lehen kanporaketan, Oihan Etxeberriak eta Julen Sotilek Amianoren eta Elorzen kontra neurtu behar zituzten indarrak, baina Etxeberriak GRABNI txapelketan min hartu zuen azken orduan, eta bere tokia Aimar Okamikak bete zuen. Antolatzaileek argitu dutenaren arabera, “ez zen izan Okamikaren eta Sotilen eguna”. Hain zuzen, Amiano tolosarrak eta Elorz zaratamoztarrak 22 eta 12 irabazi zuten neurketa.
Maiatzaren 4an, ostera, Beñat Zubizarretak eta Unax Apeztegiak Lizeagaren eta Landaren kontra jokatu zuten, bigarren jardunaldian. Aurreko domekan Amianogaz geratu bezala, Lizeagaren garapenak “arreta handia” deitu zuen frontoian: “Bere anaia Ekainegaz pasatu zen modura, Eñaut ere progresioan dago; bere pilotakadek, presentziak eta, batez ere, indarrak bat baino gehiago zur eta lur utzi zuen”. Norgehiagoka oso estua izan zen, eta azken zatira arte “zeharo berdinduta” ibili ziren. Azkenean, markagailuak Lizeaga astigartarraren eta Landa oiartzundarraren alde egin zuen: 22 eta 18.
Finala, “jadanik jokatuta”.
Final “estua eta punta-puntakoa” izango dela aurreratu du antolakuntzak. Amianori partiduari “erritmo bizia” ezartzea dagokiola azaldu dute; Elorzek, bere aldetik, ezker pilotakadak zukutu beharko ditu. Bikote gorriaren partetik, baliatu beharreko bertuterik azpimarragarriena potentzia izango da. Edozelan ere, frontoiaren ezaugarriak aintzat hartuta, Lizeaga eta Landa “apur bat hautagaiago” direla.
Bestalde, antolatzaileek “ñabardura kurioso bat” gertatuko dela adierazi dute: “Final hori dagoeneko beste nonbaiten jokatuta dagoela”. Hain zuzen ere, Zumarragako Goñi Memorialak, duela hilabete pasatxo, pilotari berberen arteko finala hartu zuen: “Lizeaga eta Landa nagusitu ziren han; partidu hark hautagaitzaren pisua emango die”. Ez hori bakarrik: bai Lizeaga, bai Landa GRABNIko egungo txapeldunak dira; lehenengoa bakarka, eta bigarrena, ostera, bikoteka. “Horrek beraien mailaren berri ematen du”, azaldu dute.