"Maloste beti izango da nire etxea"
Denboraldiak bereak eman ditu Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Baloiak birak egiteari utzi dio, eta atsedenerako tartea dute hala jokalariek, nola lantaldeak. Lucas Fernandez entrenatzaileak sasoiaren balorazioa egin du, aurtengo argi-itzalak zeintzuk izan diren nabarmenduz eta denboraldiaren luze-zabalean gertaturikoak beren-beregi azalduz.

Partiduen zurrunbiloa amaituta, denboraldiaren zein irakurketa egiten duzu?
Irakurketak positiboa izan behar du. Emaitzei bakarrik erreparatu barik, prozesu osoa kontuan hartzen dut: lantalde eraginkorra osatzea eta haregaz beharrean hastea. Esango nuke taldeak urte osoan zehar lanerako ikuspuntu positiboari eutsi diola, eta uneoro lehiakorrak izan garela.
Iazko garaipen kopuru berbera, Emakumezkoen Endesa Ligaren sailkapenean bederatzigarren postua, eta Erregina Kopara sailkapena. Azterketa gaindituta al dago?
Baiezkoan nago. Bederatzigarren postuak erregulartasunari eutsi diogula bistaratzen du. Erregina Kopako esperientzia, urtero legez, ahaztezina izan zen. Gure jarraitzaileengana are gehiago hurreratu gintuen. Horrez gain, ligaren bigarren itzuliaren azken unera arte play-offen lehian ibili garela nabarmendu gura dut.
Zer falta izan zaizue play-offetara sailkatzeko?
Goi mailako kirolean, sarri, kontua ez da norberari falta zaiona, gainontzekoek mahaigaineratzen duten potentziala baino. Esaterako, liga amaieran Kutxabank Araskiren etxean jokatu genuen; gasteiztarrek, ligan bizirauteari begira, puntuak behar zituzten, eta norgehiagoka oso gogorra proposatu ziguten. Halaber, Spar Gran Canariaren kontra etxean jokatutako partidua ere giltzarri izan zen: ez genuen neurketa kudeatzen asmatu, eta garaipenak nahiz play-offak ihes egin ziguten. Edozelan ere, urte osoan zehar lantaldeak gogor behar egin du, eta harro nago lortutakoaz. Hainbat hitzordutan, dinamika oso onei eutsi diegu, baina horrek ez du beti garaipenik ekarri atzetik.
“Goi mailako kirolean, sarri, kontua ez da norberari falta zaiona, gainontzekoek mahaigaineratzen duten potentziala baino”
Aurtengo unerik eztiena eta mingotsena zein izan da?
Ni ez naiz momentu puntual horietan sinesten duen norbait, egia esan. Goi mailako kirolean garaipenekin eta porrotekin elkarbizitzen ikasten da. Niretzat gozoena taldearen eguneroko lana bizitzea izan da. Beharbada, gailurra Erregina Kopan bizi izan nuen: Gironaren aurkako konporaketa galdu ostean, geure jarraitzaileek egundoko babesa eman ziguten, eta maitasun hori ez dut berehalakoan ahaztuko.
Lortu al duzu buruan zenuen joko estiloa kantxan islatzerik?
Ez da erraza izan, unean uneko moldatzen joan behar izan baikara. Taylor Mikesell edota Annika Soltau moduko jokalari garrantzitsuak hasierako eskemaren parte ziren, baina alde egin zuten. Orduan, jokoa zabaltzeko estrategiak edota hiruko lerroari dagozkionak errotik eraldatu behar izan genituen. Defentsa aldetik, denboraldian zehar izan gura genuen taldea izan garela pentsatzen dut, baina erasoan aldaketak egiten joan gara, hobekuntza helburu. Eskura eduki ditugun baliabideak ahal bezainbeste zukutu ditugu.

Argazkia: Gernika KESB.
Bai defentsan, bai erasoan, konpromisoa izan da denboraldian uneoro ahotan eduki duzun berba.
Bai. Niretzat benetan garrantzitsua da jokalari denak elkarrekiko solidarioak eta konprometituak izatea, eta hori kontuan edukitzen dut beti, lantaldeak osatzerako orduan. Iaz taldera batutako jokalari gehienek taldean jarraitzeko eta taldea hazten ikusteko konpromisoa erakutsi dute, eta zer esanik ez etxeko jokalariei dagokienez. Konpromiso hori gako da hala une gozoak luzatzeko, nola une latzak leuntzeko.
“Gernika-Lumo moduko udalerri txiki bat handi egiten da, ikusleek taldearengandik oso ondo eginiko gauza txikitxoak espero dituztenean”
Non egon daiteke Gernikaren hobekuntza marjina?
Beti dago non hobetu, eta ez bakarrik kantxa barruan. Adibidez, lan handia egiten gabiltza talde teknikoaren profesionalizazioan, eskura ditugun baliabideen eguneroko ustiatzean, klubak atontzen dituen jardueretan edota harrobi lanean. Gernika-Lumo moduko udalerri txiki bat handi egiten da, ikusleek taldearengandik oso ondo eginiko gauza txikitxoak espero dituztenean. Beste talde batzuekiko muga ekonomikoa agerikoa da, baina lehen aipaturiko konpromisoak ez du inongo mugarik.
Elitean urratsak egiten dabiltzan jokalari gazteak ezagutzen segitzeko urtea ere izan da, tartean, Naia Zubiaga. Zein balorazio egiten duzu, Zubiagaren nahiz gainontzeko jokalari gazteen denboraldiari dagokionez?
Behe-behetik egiten den harrobi lanaren fruitua da. Zubiagaren kasuan, Siglo XXI taldera joan zen, saskibaloia ikasketekin uztartzeko; orain, beretzako espazio egokia topatu du Gernikan. Niretzat garrantzitsua da jokalariei beren ikasketa edota pareko formakuntzetan babesa ematea. Funtsean, zenbat eta babestuago sentitu, orduan eta maila hobea emango due kantxan, eta gehiago gozatu. Ane Olaetaren itzulera ere aipagarria da, baita Marta Alberdik taldean duen garrantzia ere. Denek ala denek kluba prozesu desberdinetatik pasatzen ikusi dute, gustura daude etxean, eta Gernika beraien garapenaren parte aktiboa da.
Kantxatik kanpo, zarata mediatiko handia egon da klubaren inguruan. Alde psikologikoaren kudeaketa gaitza izan al da?
Polemika ukaezina da, baina guk fokua oso argi eduki dugu beti, kanpoko zalaparta edozein izanda ere.
“Klubak bere balorazioa helarazi behar dit, eta nik neurea klubari. Bi analisi horiek ezagutu ondoren iritsiko da hurrengo urterako erabakiak hartzeko unea”
Zuk zeuk zelan sumatu duzu zeure burua aurten?
Alde partikularretik, ezin hobeto ibili naiz. Iaz egoki ikusten nuen lantaldea eratzeko aukera eta ardura eman zizkidan klubak, eta babes handia iarri nuen. Ez nuke ikusle gernika-lumotarrez ere ahaztu gura: uneoro berotasuna eman didate, eta oso estimatua sentiarazi naute. Kluba osatzen dugun guztion arteko lan kolektiboaz izugarri gozatu dut, Maloste beti izango da neure etxea.
Datorren denboraldiari begira, baduzu zer edo zer aurreratzerik?
Klubagaz hizketan ari naiz, bidean goaz. Klubak bere balorazioa helarazi behar dit, eta nik neurea klubari. Bi analisi horiek ezagutu ondoren iritsiko da erabakiak hartzeko unea. Gaur-gaurkoz, iragarri dezagun gauza bakarra da Elena Buenavida eta Awa Fam beste talde batzuetatik emanak zirela joan denboraldirako, eta ez dutela, beraz, lantaldean jarraituko. Hortik harago, ezer gutxi aurreratu daiteke oraindik.