Itsasoaren zaporeek euskararen indarragaz bat egingo dute 31. Arrain Azokan
Bermeoko itsas ondare kulturalaren, enpresa munduaren eta gastronomiaren erakusleiho den Bermeoko Azokak programa zabala eskainiko du aurten. Elkartasuna presente egongo da Elkartasun Gunean, Lameran.

Aurtengoan ere, itsasoagaz lotutako tradizioa, kultura eta zaporeak izango dira Bermeoko Arrain Azokaren osagai nagusiak. Maiatzaren 16tik 18ra bitartean ospatuko den 31. Arrain Azokaren bideak Euskaraldiarekin bat egingo du aurten, eta bi ekumenek eskutik helduta egingo dute bidean aurrera, bakoitzak bere izate eta helburuak bultzatuz, baina elkar aberastuz. Horren erakusgarria da azokaren kartelak Bermeoko euskarari egiten dion keinua: galzorian dauden hitzak ezabatuta legez ageri dira, “hizkuntzaren zaurgarritasunaz eta edertasunaz ohartaraziz.
Ondorioz, Arrain Azokaren egitaraua osatzen duten jarduera gehienak euskaraz egingo dituzte, “ahal duten neurrian”. Hala ere, esan dute ekitaldietako batzuk gaztelaniara itzuliko dituztela, Arrain Azokaren Yotubeko kanaletik, “inor ez baztertzeko”. Hain zuzen ere azokaren programan belarri batekin markatutako jardueretan eskainiko dute itzulpen zerbitzu hori.
Arrain Azokak Euskaraldiagaz bat egiteaz gain, beste bi egun seinalaturekin ere bat egingo du asteburu berean: maiatzaren 17a da LGTBIQ+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta maiatzaren 18a Itsas Sektoreko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Bi horiekin ere bat egingo du Arrain Azokak. Hain zuzen ere, aurtengo Hegaluze Saria itsasoarekin lotutako emakumeentzako izango da.
Hain zuzen ere, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azpimarratu du Arrain Azoka dela herriko ekitaldi nagusietako bat: “Gure produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleiho onena da. Harro gaude gure kontserbak eta itsas ondarea erakusteaz, eta, era berean, mahoizko arropa jantzita udako jai-denboraldiari hasiera ematea gustatzen zaigu. Arrain Azoka kulturaren eta ekonomiaren aldeko apustu sendoa da”.
Milaka bisitari Bermeora gerturatzen dituen azokak herriko izaerari eta historiari egiten dio gorazarre, eta urteekin erreferente bihurtu da. Horregatik, alkatearen berbetan, “itsasoari lotutako ondarea eta ekonomia zaintzeko eta ezagutzera emateko erronkari lotuta” dator aurten, betiere “jasangarritasuna, elkartasuna eta identitatea kontutan hartuta”.
43 ekintza.
Arrain Azokak 18 erakustoki izango ditu, enpresa zein erakundeek euren produktuak eskaintzeko eta bisitariek horiek dastatu eta erosteko. Hala, azokak ordutegi jarraitua izango du: barikuan eta zapatuan 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta domekan, 11:00etatik 15:00etara artekoa.
Azokaz gain, denetara 43 ekintza ere egingo dituzte, Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikoko zinegotziak hala adierazita. Horien artean, berrikuntza interesgarriak izango ditu ekimenak, eta horiek klasikoekin uztartuko dituzte. Hala, aurton, Pintxo Lehiaketa lagunartekoa zein profesionalen artekoa izango da, eta finala barikuan jokatuko dute. Profesionaletan, hiru tabernaren artean egongo da lehia, Kafe Antzokiaren, Toki Alairen eta Beti Ondoren artean, hain zuzen ere; eta, lagunartekoan, bi lagun talde ariko dira lehian.
Horrez gain, zapatuan, orain arteko ohiko habanerak euskal kanta herrikoiek ordezkatuko dituzte, Josepa Kale Kalekoen eskutik. Kantuei mugimendua jartzeaz Ross Dantza Eskolakoak arduratuko dira.
Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC) ere bere lekua izango du, dastaketa tailer desberdinekin. Hain zuzen ere, ume zein helduentzat prestatutako tailerrak egongo dira, eta horien helburua da tunidoen arteko ezberdintasunak ezagutzea. Parte hartu gura dutenek aurretiaz tiketa eskuratu beharko dute Turismo Bulegoan; umeek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta nagusiek 10.
Umeentzako eskaintza berezia ere prestatu da, esaterako Galerna belaontziak itsas irteerak egingo ditu, ta Izan Arrantzale tailerra eskainiko dute Kofradia Itxas-Etxearen eskutik.
Urteroko ekintza klasikoak ere egongo dira: Hegaluze eta Taho itsasontzien irteerak, arrain salmenta edo Arrantzaleen Museorako doako sarrera. Gainera, herriko kirol eta kultur taldeek ere protagonismo berezia izango dute, “ezinbesteko protagonistak ere badirelako”, Caruezoren berbetan: “Horiei esker beteko da Arrain Azokaren egitaraua kultur eta festa giroz. Gainera, estropadak eta pilota eta zesta partiduak bezalako kirol ekimenek ere indarra hartuko dute, herriko nortasuna agerian utziz”.
Elkartasuna ere garrantzitsua da Arrain Azokan. Horregatik, urtero legez, Elkartasun Gunea egongo da aurten ere. Hori, baina, Lamerako karpan kokatuko dute: bertan egongo da marmitako eta hegaluze errea dastatzeko aukera, boluntarioen lanari esker. Hala, jatekoa etxera eroateko asmoa dutenei ontzi propioak eroateko deia egin diete antolatzaileek. Eta, urtero legez, bildutako dirua Bermeoko 6 eta 12 urte arteko gaixotasun bereziak dituzten umeen tratamentuetara bideratuko da, “Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrak asetzeko helburuz”.
Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen arloko arduradunak herritarren kontsumo ohituretan jarri du fokua gaurko aurkezpenean. Eta, esan duenez, herritarrek hurbileko produktuaren aldeko apustua egitea gura dutela diote horietako askok: “Herritarren %71k bertako produktuak eta gure kostaldeko arrainak gehiago kontsumitu gura dituzte. Etorkizun ekonomiko iraunkorrerako funtsezko sektorea da hau, eta, horregatik, BBKn bere alde egiten jarraituko dugu, kalitatezko eta ingurumenarekiko errespetuzko produktuen aldeko apustua eginez”.
“Arduratsuak” izateko deia.
Azoka dela eta, Portuzarra, Lamera, Ispizua tar Segundo eta Frantzisko Deuna artean ibilgailuen joan-etorria murriztuko da, eta horregatik, herritarrei ibilgailuak “ahalik eta gutxien” mugitzeko deia egin diete. Bisitariei, berriz, garraio publikoa erabiltzekoa.
Era berean, erosketak egiten doan jendeari, bakoitzak bere poltsak etxetik eramateko deia egin diete, eta herritarrei zein bisitariei, orohar, herria garbi mantentzeko eskatu diete.