Itsasoagaz lotutako emakumeentzat izango da aurtengo Hegaluze Saria
Sektorearen hainbat arlotan emakumeek izan duten eta gaur egun duten funtsezko ekarpena ikusarazteko eta balioan jartzeko helburua du aurtengo sariak
Itsasoaren sektoreko emakumeen lanari aitortza egingo dio aurtengo Hegaluze Sariak. Izan ere, Arrain Azoka elkarteko presidente den Nadia Nemeh Bermeoko alkateak gaur jakinarazi duenez, itsasoagaz lotutako emakumeentzat izango da 28. Hegaluze Saria.
Hain zuzen ere, sektorearen hainbat arlotan emakumeek izan duten eta gaur egun duten funtsezko ekarpena ikusarazteko eta balioan jartzeko helburua du aurtengo sariak. “Arrantzarekin lotutako lanbide tradizionalak garatu dituztenetatik hasi eta gaur egun berrikuntza, ikerketa edo kostaldearen kuadeaketa gidatzen dituztenetara arteko emakume guztiei aitortza egin gura diegu”, azaldu du alkateak. Hala, saregile trebeen eskuetarik hasita, ozeanoen sekretuak ikertzen dituztenetara artekoen lana sarituko dute: “Arrantzale, kontserbagile, armadore edo itsas kulturaren zaintzaile diren emakume guztiak dira isilpeko olatu baten parte: ausartak eta erabakigarriak. Emakume horiek gure komunitateen eta itsasoaren arteko harremana zaindu eta eraldatu duten kate isil eta beharrezko baten parte dira”.
Aitorpen horrek esanahi berezia hartuko du aurtengoan, ze Arrain Azoka ospatuko duten domekan Itsas Sektorean lanean diharduten Emekumeen Nazioarteko Eguna ere ospatzen da. “Egun horrek, beraz, gure portuen zaporea eta memoria kolektiboa dakartza gogora, baina, aurten, gainera, belaunaldiz belaunaldi apar artean lanean jardun duten emakume horiei egindako justiziazko keinu sinbolikoa da”.