Gernika-Lumoko XI. Mendi Jairako izen ematea, abian
Maiatzaren 18an egingo dute Gernika-Lumoko Mendi Jaiaren XI. ekitaldia. Urtero legez, martxa luzea eta laburra egingo dituzte, baita mendi lasterketa luze eta laburra ere. Aurtengo euro solidarioa Enarak Behar Zaitu izeneko leiomiosarkoma ikertzeko beka babesteko baliatuko du Arrolape Mendi Klubak.
Lau probetara aurretiaz izena emateko epea zabaldu dute antolatzaileek, eta Internet bidez egin behar da. Hain zuzen, aurretiaz izena ematea gomendatu du antolakuntzak, egunean bertan ere, irteera bakoitza orduko, horretarako aukera egongo den arren. Ibilbideez gain, aurreratu dute martxalari nahiz korrikalarientzako kontsigna egongo dela eta, behin ibilbideak amaituta, guztiak pasta janaldian elkartuko direla.