Gernika Club SDk 2. RFEF mailari eutsi dio
Gernika Club SDk 2. RFEF mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. Iragan domekan [maiatzak 4] Real Sociedad C-ren kontra 3 eta 0 irabazita lortu dute gernika-lumotarrek mailan bizirautea.

Gernika Club SDk kale edo bale egin beharra zuen atzo [maiatzak 4], hurrengo denboraldian 2. RFEF mailari eutsiko bazioten. Real Sociedad C-ren aurka jokatu zuten, Urbietan, liga erregularreko 34. jardunaldiari zegokion partidua, eta guztia gura modura atera zitzaien etxekoei: 3 eta 0 gailendu zitzaizkien gipuzkoarrei, erakustaldia emanez eta etxekoe aurrean urteko partidurik gogoangarrienetako bat jokatuz. Garaipenak mailan bizirautea ekarri zien gernika-lumotarrei, alegia, helburu handia betetzea.

Argazkia: Iker Nebreda.
Final baten presioz ekin zioten liga erregularreko azken lehiari. Herritarrek klubak eginiko deialdiari ederto erantzun zioten, harmailek aurtengo betealdirik handiena bistaratu baitzuten. Jarraitzaileen hauspoagaz eta irabazteko beharrizanagaz, Gernika lehen minututik partiduan sartu-sartuta zelairatu zen eta, baloia biraka jarri bezain pronto, ez zuen hutsik egin: erasora bete-betean jo zuten gernika-lumotarrek, eta lehenengo ordu laurdeneak aldeko bost alboko sake lortu zituzten. Ez hori bakarrik: etxeko jokalari beteranoenetako batek, Koldo Berasaluze gernika-lumotarrak, Ander Lorente santurtziarrak 10. minutuan ateratako alboko sake haietako bat ederto zukutu zuen, baloia bigarren zutoinetik zuzenean sarera bidaliz. Autengo lehen gola azken jardunaldian lortu zuen Berasaluzek, unerik preziatuenean.
Markagailuan aurrea hartuagatik ere, etxekoen erasoko presioa ez zen inondik inora kikildu; aurkaria estu hartzeko hautua egin zuten, defentsa lanetara mugatu barik. Gipuzkoarren aukera garbi bakarra 25. minutuan edukitakoa izan zen, eta baloiak zutoinera jo zuen. Joko zuzenagaz eta partiduaren kudeaketa esku artean edukita, aldageletara joan orduko azken jokaldian iritsi zitzaien bigarren gola. Berasaluzek baloia arerioen defentsa lerroaren lepora bidali zuen, eta eskualdeko beste jokalari batek, Jon Larrauri bermeotarrak, ederto biribildu zuen jokaldia, atezainaren aurrean.

Argazkia: Gernika Club SD.
2 eta 0ekoagaz bueltatu ziren atsedenalditik. Taldetik azaldu dutenez, “emaitza nahasia” zen hura, eta erasora jotzen segitzea erabaki zuten: “Gol biko aldea esanguratsua den arren, aurkariak bat sartuz gero, berrio estu eta larri ibili beharra suposa dezake; beraz, erasoan presioa egiten jarraitu genuen”. Presio hark uzta ederra ekarri zuen: 75. minutuan, Larraurik bere bigarren gola lortu zuen. 3 eta 0eko haregaz amaitu zuten hil ala biziko partidua: “Ustekabean, joko aldetik urteko partidurik lasaienetako bat izan zen”. Gaur [maiatzak 5], denboraldiko azkenengo entrenamendu saioa egingo du Gernikak, helburu nagusia bete duenaren asebetetasunez: 2. RFEF mailako talde izaten segitzea.