Basque Warriors gerrikoa, Jon Ander Erreaperen gerrira
Jon Ander Erreape gernika-lumotarrak etxekoen aurrean irabazi zuen, zapatuan [maiatzak 3], Basque Warriors gerrikoa. Jai Alaiko boxeo gaualdiak jende ugari erakarri zuen.

Zapatuan [maiatzak 3], Jai Alai kantxatik ringera igaro zen. 2015az geroztik ez dute boxeo gaualdirik antolatu bertan, eta Lions Fight Club eta Royal Boxing klub zornotzarrek prestatutakoak goia jo zuen. Zortzi borroka amateur antolatu zituzten, eta neo-profesional bi. Horietan lehiatu zuten Basque Warriors gerrikoa.
Jon Ander Erreape gernika-lumotarrak Steven Ruiz Euskadiko txapeldun izandakoa eduki zuen aurrez aurre, eta puntuka irabazi zuen etxekoak. Gerrikoa estreinakoz irabaztearren “oso pozik” agertu da: “Lagun, senide eta herritarren aurrean aritzearren urduri nengoen, baina azkenean helburua lortu nuen”. Lehen round-ean, elkarren mugimenduak aztertzen ibili ziren; borrokak aurrera egin ahala, legez kanpoko kolpe bat ematearren eta burua etengabe jaistearren puntu bana kendu zioten Ruizi, eta lau round-etan irabazi zion Erreapek. Beste borrokaldian, Ibai Carmonak Asier Sanvicenteren aurka irabazi zuen, lehia oso estuaren ondoren.
Jon Ander Erreape: “Lagun, senide eta herritarren aurrean aritzearren urduri nengoen, baina azkenean helburua lortu nuen”
Harmailak bete-bete eduki zituen frontoiak, eta “egundoko giroa” egon zen. Gernika-lumotarrak azaldu du “errespetuzko aldartea” gailendu zela: “Boxeoa gorakadan dago, Gernika-Lumon boxeolarientzako gimnasio bat zabalduko dugu, eta pasio handia igarri nuen ikusleen aldetik; zapatuan jasotako babesa ez dut berehalakoan ahaztuko”.
Aurrerantzean, gerrikoa defendatzea du buruan Erreapek: “Mailako arerioren bat topatuz gero, borrokarako prest egongo naiz. Bien bitartean, boxeoaren alde lanean jarraitzeko prest nago”.