Barandika eta Basque, hautagai
Xabier Barandika eta Thibault Basque nagusi azaldu dira Ekaitz Mendizabal 'Goixerri'-ren eta Imanol Lopezen aurka, Iron Cupen. Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek Ludovic Ladutxeren eta Julen Del Rioren aurkakoa irabazi dute.

Argitu da zeintzuk izango diren Bilboko Iron Cupeko finalaurrekoetara sailkatuko diren hiru bikoteak. Barikuan [maiatzak 2] jokatu zuten txapelketaren bigarren jardunaldia Deportivo pilotalekuan, eta goi mailako zesta-punta gailendu zen. A taldean bikote hautagaietako batek, Aritz Erkiagak ispastertarrak eta Gorka Sorozabal miarriztarrak osaturikoak, helburua ondo bete zuten: garaipena eta sailkapena. Ludovic Ladutxe getariarraren eta Julen Del Rio gasteiztarraren aurkakoaren set bat irabaztea nahikoa zuten sailkatzeko, baina partidua bera ere eskuratu zuten, ozta-ozta bazen ere. B taldean, Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarra eta Imanol Lopez zumaiarra jokoz kanpo geratu ziren, Xabier Barandika gernika-lumotarraren eta Thibault Basque bidartarraren kontra galduta.
Jardunaldiaren lehen partiduan, Erkiagak eta Sorozabalek gogor lan egin behar izan zuten, partiduan nagusitze aldera. Izan ere, Deportivo Del Rioren atzelari xehetasunetara hoberen egokitzen den kantxetako bat zen, eta lehia gogorra plazaratu zuen eskumakadaz edota horma bitara. Erkiagak ere kokagunea apur bat atzeratu behar izan zuen, arabarraren pilotakadei eusteko; eutsi ez ezik, jokaldi ederrak biribildu zituen ispastertarrak. Bikote horia, Ladutxe eta Del Rio, 5 eta 8 aurreratu zen, baina marroiek behetik gorako jokoa egin zuten, batik bat, Sorozabalen sendotasuna tarteko. Lapurtarraren eskumakada boteretsu batek hamarna berdindu zuen partidua, eta jarraian iritsi ziren 11 eta 19ekoa, 14 eta 11koa eta, azkenik, 15 eta 12koa.

Argazkia: Jai Alai News.
Bigarren setean ere, horiek aurrea hartu zuten lehenengo, eta 6 eta 8koarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren setean, baina, asmatu zuten beren errenta hobeto kudeatzen. Getariar aurrelaria giltzarri izan zen set osoan zehar. Ladutxek txik-txakera, ebakita edota saihetsez egin zituen tantoak, eta eraginkortasun hark 11 eta 15 irabaztea ahalbidetu zien. Lehen partidua, beraz, berdinketa haustean erabakiko zen. Hirugarren set hartan, berdintasuna izan zen nagusi, eta markagailua haren ispilu: 1 eta 2, bina, 2 eta 3, hiruna, 4 eta 3 eta launa egotera iritsi ziren. Azken tantoan, Ladutxeren tantoak zazpiko lerroa gainditu zuen. Garaipena eta sailkapena, hortaz, Erkiaga eta Sorozabalentzat.
Barandika eta Basqueren hautagaitza.
Bigarren norgehiagokan, Goixerrik eta Lopezek ez zuten Barandika eta Basqueren aurkako azterketa gainditu. Azken biek, hain zuzen, bikote sendoa, fisikoa eta orekatua isatzen dutela frogatu zuten Deportivon. Beren hautagaitza plazaratu zuten: ia ez zuten partidurik egin, maila aldetik neurketa erregularra egin zuten, eta aurkariek une batean ere ez zuten egoera hura iraultzeko aukerarik eduki. Tarteka-marteka, mutrikuarrak eta zumaiarrak partidua lehiatzeko abanguneren bat edo beste probestu zuten, baina ez zen inondik inora erabakigarria izan.

Argazkia: Jai Alai News.
Izan ere, Basquek atzealdeko koadroetan dominantzia erakutsi zuen; Barandikak, ostera, pilotakada oso gaitzak jaurti zituen aurrean, eta erritmoaren kudeaketa aparta kantxaratu zuen. Lehen atsedenaldira 5 eta 8koarekin ailegatu baziren, 11 eta 15ekoarekin burutu zuten seta gernika-lumotarrak eta bidartarrak.
Bigarrenean, Goixerrik eta Lopezek beraien maila igo zuten, baina ez behar zuten beste. Hori bai, Goixerrik opari tekniko apartak egin zizkien ikusleei, besteak beste, alboz eginiko edota erdira jaurtitako horma biko bana. Seina joan zen partidua, baita 6 eta 7 nahiz 6 eta 8 ere. Apurka-apurka, Barandikak eta Basquek beren tokia topatu zuten kantxan, eta partidua gernika-lumotarrak erreboteraino jaurti eta inork ezin eroandako sake batekin biribildu zuen, ace. Bigarren setak 9 eta 15ekoa bistaratu zuen, horien alde.
Hurrengo barikuan [maiatzak 9], Ladutxek eta Del Riok A multzoan aurrera egiteko azken tokiagatik borrokatuko dute, Jean Dominique Olharan pauetarraren eta Unai Lekerika gernika-lumotarren kontra. B multzoari dagokionez, Goixerri eta Lopezen kanporatzeak bidea libre utzi die Barandika eta Basqueri, batetik, eta Eñaut Urreisti eta Ion Ibarluzeari, bestetik. Hurrengo astean, multzoko lidergoa lortzeko jokatuko dute, hala Erkiga eta Sorozabalen aurkakoa ekiditeko.