Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua Gaztetxeak Bertsotan sariketako garaile
Gernika-Lumoko gaztetxean lehiatu zuten finala, eta jendetza bertaratu zen: 200 gazte inguru. Irabazleez gain, Gorka Pagonabarraga eta Ekhi Zuluaga ere aritu ziren bertsotan, baita Maddi Aiestaran eta June Aiestaran ere, eta ez ziren esku hutsik joan.

Gaztetxeak Bertsotan sariketak baditu irabazleak: Aroa Arrizubieta eta Unax Aizpurua. Zapatuan (maiatzak 3) lehiatu zuten finala Gernikako Gaztetxean, eta ikusleek goraino bete zuten gunea: 200 ikusle inguru bertaratu ziren. Hain zuzen ere, ikusleak eurak izan ziren irabazleak hautatzeaz arduratu zirenak, eta bikote horren bertsoak jo zituen onenentzat.
Izan ere, sei bertsolari aritu ziren bertsotan. Irabazleez gain, Gorka Pagonabarraga eta Ekhi Zuluaga ere aritu ziren bertsotan, baita Maddi Aiestaran eta June Aiestaran ere. Eta horiek ere ez ziren esku hutsik joan finaletik, izan ere, Egurre Gazte Asanbladaren saria jaso zuten Pagonabarragak eta Zuluagak, eta antolakuntzaren saria, berriz, Aiestaran ahizpek.
Hain zuzen ere, lan puntuagarri guztiak egindakoan, bi bikote sailkatu ziren buruz burukora: Arrizubieta-Aizpurua eta Aiestaran ahizpak. Eta, saio amaieran, publikoak erabaki zituen irabazleak.

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala Gernikan.Gaztetxeak Bertsotan
Martxotik apirilera bitarteko saioen emaitza izan zen Gernikako finala, izan ere, aurretik beste sei saioko ibilbidea eginda ailegatu zen sariketa udalerrira. Antolatzaileek gazte asanblada ezberdinekin elkarlanean eroan dute aurrera bi helburu nagusi zituen ekimena: batetik, bertsolari gazteei plaza eskaintzea, eta, bestetik, gaztetxeen eta bertsoaren arteko harremana estutzea. Izan ere, bertsolari gazteei festa giroko saio “eroso eta dibertigarrietan” parte hartzeko aukera eskaini gura diete, baina baita gazteen kezkei lotutako “ahots kritiko eta politizatuei” tokia ematea ere. “Horrez gain, gaztetxeen inguruan dabiltzan belaunaldi berriak bertozaletzea edo bertsoarekiko gertutasuna sentiaraztea, eta, era berean, bertsozalea den edo bertso munduan dabilen jendeak gaztetxeekiko eta politikarekiko gertutasuna sentitzea ere bilatu du ekimenak”, azaldu dute antolatzaileek. Beraz, sariketak berak gaztetxeei beraiei bultzada ematea ere helburu izan duela gehitu dute.

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala Gernikan.Gaztetxeak Bertsotan
Hala, sariketaren ibilbidie bera “oso emankorra” izen dela diote arduradunek: “Saio guztietan gaztetxeak betetzea lortzeaz aparte, bikoteen dinamikiarekin adin desberdinetako bertsolari gazteak saretzea lortu dugu, eta oso pozik gaude”. Eurentzat “oso garrantzitsua” zen baita ere, gaztetxeak eta bertsoak batzea, eta lortu dutela diote. “Gaztetxeak eta bertsoa lotuz, bertsoaren inguruko jendea gaztetxeetara eroan dugu eta gaztetxeetako jendea bertsoetara”, gehitu dute.
Gainera finala Gernikan izatea ere “berezia” izan zela uste dute, Bilboko finalaurrekoan Etxarri gaztetxearen utzaraztea presente egon zen moduan, Gernikako finalean gaztetxe berri baten etorrera ospatu ahal izan zutelako. “Beste gaztetxeen aldarrirako ere lekua egon zen, ospakizunak alde batera utzita, ezin delako ahaztu gaztetxeak sufritzen ari diren eraso egoera”, azaldu dute. Hala ere, “oso pozik” daude, baina lanean jarraitu behar dutela badakite: “Lanean jarraitu behar da txapelketetatik haragoko plaza alternatiboak sortzeko, horrek gure lanaren oinarri eta helburu izaten segitzen du eta”.
Egun osoko egitaraua.
Bertso saioa 19:00etan hasi zen arren, bertsoak lehenago ere hartu zituen udalerriko txoko ezberdinak. Izan ere, bertso poteoa egin zuten eguerdian, eta sariketan parte hartu duten bertsolariak izan ziren giro hori berotzeaz arduratu zirenak. Gero, bazkarian bildu ziren, eta Manex Astigarraga eta Lide Arregi umoregileen saioaz gozatu zuten. Finalaren ostean ere, festa giroak ez zuen etenik izan: Desgaraian eta Mikosis taldeek kontzertua eskaini zuten, eta MariDJo DJa ere musika jartzen aritu zen.

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala Gernikan.Gaztetxeak Bertsotan