Warhammer 40k: estrategiak eta giro ona, pantailetatik at
90eko hamarkadan sortu zuten estreinakoz Bermeoko Rol Eskola Elkartea, eta, etenaldi baten ostean, 2019an ekin zioten berriro bere ibilbideari. Astebururako, Bermeoko VI. Warhammer lehiaketa antolatu dute Artzan, 156 parte hartzailegaz.

Bermeotar askoren hobby edo pasio dira futbola edota musika, eta horiez gozatzeko gunetzat dituzte Itxas-Gane edo Bermeoko Kafe Antzokia. Herritar askok baina, beste hobby batzuk ere badituzte, esaterako, mahai jokoak, eta horiek ere lortu dute beraientzako txokoa: Bermeoko Rol Eskola Elkartearen (BREE) egoitza. Elkartea 90eko hamarkadan jaio zen, rol klub bezala: “Rol joko asko eta karta jokoak genituen, gaur egun oso ezaguna den Magic, esaterako”.
Garai horretan, taldeko bi kideak Warhammer rol jokoarekiko interesa erakutsi, lehen miniaturak erosi, muntatu eta margotu, eta jolasten hasi ziren. Urte gutxitara, baina, BREEk “hamabost urte inguruko etena” izan zuen, 2019an hamar lagun inguruko talde batek berreskuratzea erabaki zuen arte: “Ezin zuen izen berbera izan, eta BREE 40k izena jarri genion”. Elkartearen bigarren aroa Warhammerrera bideratuta dago, askorentzat ezezaguna bada ere, munduan zehar asko eta askoren rol joko gustukoena den horretara. Hala ere, denborarekin bestelako mahai jokoak ere tartea hartuz joan dira, eta, egun, elkarteak “eskaintza zabala” du.

Argazkia: Bermeoko Udala
Elkartearen birfundazioak “helburu argia” du: “Gazteria pantailetatik urrundu, eta pantaila bidez baino, aurrez aurre jolastu dezatela”. Helburu hori betetzeko, beraien esku dagoena egiteko elkartu ziren hamar bat lagun, eta gaur egun hamazortzi bazkide dira: “Bermeotik kanpoko bi bazkide ere baditugu”. Hala ere, elkartetik zehaztu dute beraien helburua ez dela gazteak bazkide bihurtzea, egoitzara (Esparru kalea, 1) jolastera joatea baino: “Jolastu nahi badute eta adinez nagusiak badira, prezio sinboliko bat (2 euro) ordaindu, eta egun guztia eman dezakete bertan. Adin txikikoek, berriz, ez dute ezer ordaindu behar; gure izateko arrazoia gazteak bertaratzea da, eta gure helburua betetzen ari gara”.
Munduko Kopa.
Warhammer estrategia oinarrian duen fikziozko unibertso batean oinarritutako rol jolasa da, jolasa eta modelismoa uztartzen dituena: “Pertsona batzuek ez dute jolasten, baina miniaturak muntatzea eta margotzea gustatzen zaie”. 80ko hamarkada inguruan sortu zen Warhammer, baina azkenaldian “goraldia” izaten ari da, besteak beste, “gaiari lotutako telesailak eta marrazki bizidunak egin direlako”. Jolasak modalitate bat baino gehiago ditu, esaterako, Warhammer Fantasy (fantasiazko munduan oinarritua) edo Warhammer 40k (futurista). Elkartearen izenak aurreratu bezala, talde bermeotarrak bigarrena praktikatzen du.
Estrategia jolasa “aisialdirako aukera” bada ere, munduan zehar hamaika txapelketa ere antolatzen dira, tartean, aurten Austrian egingo den taldekako Warhammer 40k-ko Munduko Kopa, zeinetan BREEk bere ordezkaritza izango duen: Ivan Andres Team Spain-eko parte izateko deitu du hautatzaileak.
Munduko Kopaz gain, Warhammer banakako Munduko Kopa ere egon badago, azaroan Atlantan (AEB) lehiatuko dutena. Horretara sailkapena lortzeko bideetako bat Iberian Open da: lau txapelketa handi ditu, eta irabazleak Golden Ticket bat lortzen du: sailkapena, ostatua eta Munduko Koparako hegaldia. Horrez gain, beste “torneo txiki asko” daude, sailkapen orokor batean puntuak lortzea ahalbideratzen dutenak: “Sailkapen horretako lehen zortziak beste torneo batera doaz, eta irabazleak beste Golden Ticket bat bereganatzen du”.
Torneo txiki horietako bat BREEk antolatuko du, Bermeon, ekainaren 21ean, eta izen ematea gtbermeo40k@gmail.com helbidera idatziz egin daiteke.

Bermeoko Rol Eskola Elkarteak Warhammer 40k Euskadiko Liga irabazi zuenBermeoko Rol Eskola Elkartea
Liga.
Dena dela, herrikako zein herrialdekako lehiaketak ere egon badaude, eta iaz txapelketa berriak sortu ziren: “Galiziar bati existitzen ez zen autonomia erkidegokako lehiaketa sortzea otu zitzaion, eta nahierara aukeratu zituen hautatzaileak”. Andres izendatu zuen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hautatzaile eta hark, jokalari guztientzat “ahalik eta justu eta inpartzialena” izateko, Euskadiko Liga eratu zuen, “sari berezi batekin”: talde irabazleak hurrengo urteko hautatzailea aukeratzeko aukera irabaziko zuen. Zortzi taldek parte hartu zuten, eta Bermeoko taldea nagusitu zen; edozelan ere, “desadostasunik ez egoteko”, ez zuten norbere buruaren alde egin, eta hurrengo hautatzailea gasteiztarra izango da.
VI. lehiaketaren atarian.
Bermeok udalerriko VI. Warhammer 40k lehiaketa hartuko du asteburuan [maiatzak 3 eta 4], eta, antolatzaileen esanetan, hori jolasak Euskal Herrian duen “zale kopuruaren isla” da: lehenengoa Kofradia Zaharraren ondoan egin zuten, eta 48 partaide bildu zituen. Bigarren aldian Kafe Antzokian bildu ziren, 60 parte hartzailegaz. “Hirugarrenean, Bermeoko Udalagaz harremanetan jarri ginen, San Frantzisko Herri Ikastetxeko gimnasioa erabiltzeko, eta 120 lagun bildu genituen”, azaldu dute elkartetik. Laugarrena ere bertan egin ostean, bosgarrena Artza udal pilotalekura lekualdatu zuten, handik eta hemendik etorritako 30 talde eta 180 parte hartzaile bilduz. Aurten ere Artza izango dute trebetasunak eta estrategiak plazaratzeko eszenatoki.
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, gehiago haztea “oso zaila” izango da, frontoian ez direlako gehiago sartzen. Hala ere, aurten plazak betetzeko “oztopo bat” izan dute BREEkoek: Lleidan beste txapelketa bat antolatu dute, egun berean. “Talde batzuek zalantzak izan dituzte; irisgarritasuna eta ostatua ere begiratu behar dira, eta, nahitaez, Bermeon ostatua mugatua da, eta urrunetik etorri nahi duenarentzat, aireportuarekin konexioa den bezalakoa da”, zehaztu dute. Lleida bezalako txapelketagaz lehiatzea “zaila” dela nabarmendu dute, bai irisgarritasunagatik, bai espazioagatik: “Espazioa oso garrantzitsua da”. Ondorioz, aurten 30 talde izan beharrean, 26 talde eta 156 parte hartzaile izango dira: “%90 inguru euskaldunak izango dira, eta gainontzekoak Kantabriatik, Errioxatik… etorriko dira. Aukera ezberdinak daudenean, hurbiltasunak asko eragiten du”.

Argazkia: Bermeoko Udala
Espazioagaz lehiatu ezin dutenez, BREEtik “erosotasuna eta hurbiltasuna” eskaintzearen alde egiten dute: “Jendeak hurbiltasuna eskertzen du; sariak ere zaindu egiten ditugu, izen ematea ordaindu duenak pena merezi duela sentitzeko”. Sariak diseinaitzen “denbora asko” eman zuten: “Bermeotarrak izanik, balea aukeratu genuen; geroztik BREE eta gure kartel guztiak baleagaz lotuta daude”.
Bihar [maiatzka 3] ]08:00etan ekingo diote lehiari, eta frontoian arituko dira nor baino nor trebeagoa den erakutsi asmoz; domekan [maiatzak 4], 08:00etan hasiko dira, baina eguerdian, 15:00ak aldera itxiko dituzte ateak, dagokion sari banaketa egin ostean.
Sari banaketa egiteko eszenatokia Artzaren kanpoaldean kokatuko dute aurten, “giro ona” sortu eta ikusgarritasuna handitzeko helburuagaz. Gainera, bertaratzen diren herritarrentzako janari furgoneta bat ere egongo dela jakinarazi dute.