Gaizka Insunzak 'Iaz' bere bakarkako bigarren diskoa aurkeztuko du Lizeoan
Zapatuan [maiatzak 3] 19:00etan emango du kontzertua eta sarrerak salgai daude.

Gaizka Insunza Aranzeta Audience taldeko kidea da, baina, aldi berean, 2019az geroztik, bakarkako bidea ere garatu du. Gernika-lumotarrak Iaz bere bakarkako bigarren diskoa aurkeztuko du zapatuan [maiatzak 3], 19:00etan, Lizeo Antzokian. Sarrerak salgai daude 12 eurotan; 9 eurotan Laguna txartela dutenentzat. Bost urte bete dira aurten lehen diskoa atera zuenetik, ingelesezko hitzekin. Orain, ordea, euskaraz sortu du Insunzak.
2020an grabatu zuen bere bigarren lana Audience taldearen lokalean, Iñigo Etxebarrietaren gidaritzapean. Iaz diskoa zortzi abestiz osatuta dago, eta instrumentazio “xumeak eta erritmo geldoak” nagusitzen dira. Bere ohiko erreferenteak ahaztu gabe, eremu berriak ere arakatu ditu: “Jazz edota Soularen eraginak nabariak dira. Gaur eguneko tendentzia orokorretik aldenduz, entzunaldi aktibo eta pazientea aldarrikatzen dira berehalakotasunaren aurrean, soiltasuna efektismoaren aurrean”. Musikariaren alde amesti bat erakusten du diskoak. Pandemia garaian grabatuta dago, eta isolamendu “puntu bat” nabaritzen zaiola dio: “Audiencegaz talde dinamikan lan egitera ohituta nago. Hemen, aldiz, argi ikusten dut neure burua”.