Doako Bermibusa eskaintzeko prozesua, martxan
Bermeoko Udalak Bermibus zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskala baliogabetzea onartu du, eta asmoa udarako zerbitzua doan eskaintzen hastea dela jakinarazi dute.

Bermeoko Udalak Bermibus zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskala baliogabetzea onartu zuen herenegungo ez ohiko bilkuran, EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin; EAJk kontrako botoa eman zuen. Baliogabetzearen helburua doakoa zerbitzua da eta, udaletik nabarmendu dutenez, neurri hori Bermeoko garraio-eredua eraldatzeko prozesuan “aurrerapauso garrantzitsua” da, “bai ikuspegi sozialetik, bai ingurumen ikuspegitik”.
Udal gobernu taldeak “argi” adierazi du herritarren “bizi-kalitatea hobetzea” dela hartutako neurriaren oinarria, eta erabakia hartzeko unean irisgarritasuna eta jasangarritasuna izan direla “funtsezko” irizpideak: “Helburua da herritar guztiek, egoera ekonomikoa edozein dela ere, garraio publikoa erabili ahal izatea”. Izan ere, udal ordezkarien ustez, trantsizio ekologikorako urrats zehatzak ematea “ezinbestekoa” da.
Bermibus zerbitzua doan eskaintzeak, gainera, herrigunean autoen erabilera murrizteko eta “mugikortasun iraunkorra sustatzeko bidea” emango duela gehitu dute. Modu horretan, udalak “herritarren kontzientzia piztea” ere bilatu gura du, herriko mugikortasunean ohiturak aldatuz, eta garraio publikoari lehentasuna emanez.
Ordenantza berria.
Ordenantza fiskalaren baliogabetzea behin-behinekoa da. Datozen 30 egun baliodunetan jendaurrean egongo da, eta erreklamaziorik aurkeztu ezean, automatikoki behin betiko baliogabetuko da. Prozesu hori bukatuta, udalak Bermibusaren zerbitzua arautzeko ordenantza berria landuko du, “zerbitzuaren funtzionamendua eta erabilera baldintzak zehazteko”. Jakinarazi dutenez, asmoa udarako zerbitzua doan eskaintzen hastea da.