Bermeo aurrezkirik gabe geratu dela salatu du EAJk
Bermeoko EAJk baliabide ekonomikoen "kudeaketa txarra" salatu eta gastuari eusteko plan bat eskatu dio EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernu taldeari.
Bermeoko EAJk EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernu taldearen baliabide ekonomikoen “kudeaketa txarra” salatu zuen herenengungo [apirilak 30] ez ohiko osoko bilkuran. Idoia Platas zinegotzi jeltzaleak zenbakiek “euren kabuz” hitz egiten dutela zehaztu zuen: “Bermeoko Udala aurrezkirik gabe geratu da une honetan”. Nabarmendu zuenez, udalak ez du larrialdi egoera baten aurrean ekiteko tartetik, eta iaz zeuden “aurrezki apurrak” gastatzea leporatu dio udal gobernu taldeari.
Diru sarrerak “puztuta” zeudela eta, 2024ko aurrekontuak bozkatu zirenean kontrako botoa eman zutela gogoratu zuen zinegotziak: “Bistan da, denborak arrazoia eman digu”. Aritz Abaroak zinegotzi ohiak orduan egindako irakurketa “hitzez hitz bete dela” nabarmendu eta bermeotarrek udal kutxak “muga-mugan” daudela jakitea merezi dutela nabarmendu zuen Platasek: “Nahikoa da informazioa desitxuratzeagaz”.
Zer gertatzen ari den eta dirua nora doan argitzea “beharrezkoa” dela azpimarratu zuen jeltzaleak: “2023an 1,6 milioi eurotik gorako likidaziotik 100.000 eurora igaro gara 2024an”. Gerakinari dagokionez, 2023an milioi bat eurotik gora izatetik 2024an 23.306,10 eurora igaro direla zehaztu zuen. Alderdi jeltzaleak “gastuari eusteko plan bat” eskatu dio gobernu taldeari, “kontrolik eza eta kapitalaren galera gero eta larriagoagatik” kezka agertzeagaz batera.
Horrez gain, EAJko zinegotziak Xabier Ortuzar alkateordeari aurpegiratu zion duela urtebete 2023ko likidazioari buruzko datuak negatiboak “EAJren ondorioa” zirela esatea; “Gezurra zen. Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du, eta kasu honetan, denbora eta emaitzak, bistan baita zuek iritsi zarenetik Bermeoko Udalak aurrezkiak galdu dituela”.