Herritarren ahotsak markatuko du Irisgarritasun Plana berrikusteko prozesua
Bermeotarrek maiatzaren 12ra arte [astelehena] izango dute galdetegia erantzuteko aukera, bai sarean bai formatu fisikoan, udalerriko hainbat udal eraikinetan.

Bermeoko Udalak Irisgarritasun Plana berreikusteko prozesua martxan jarri, eta herritarren parte hartzea erdigunean jarriko duen ekimena abiarazi du. Izan ere, herritarren ahotsa berrikusketa horren “ardatza, oinarria eta norabidea markatuko duen indarra” izango dela jakinarazi dute, eta horretarako galdetegi bat zabaldu dute, “ahalik eta herritar gehienen iritzia” jaso asmoz.
Udaletik nabarmendu dutenez, plan berria egunerokotasunean Bermeon bizi diren “zailtasunak, oztopoak eta aukera faltak” hurbiletik ezagutzen dituztenen esperientzietatik abiatuko da: “Herritarren begirada da baliotsuena, eta udalak hori entzun gura du, eta batez ere, kontuan hartu”. Horretarako zabaldu duten galdetegia sarean zein formatu fisikoan bete daiteke, udalerriko hainbat udal eraikinetan eskuragarri jarri baituzte: Gizarte eta Kultura Etxean, Intxaustiko udal eraikinean, Sancti Spiritus zaharren egoitzan, Areneko Kiroldegian eta Berhaz bulegoan. Galdetegia erantzuteko azken eguna maiatzaren 12a [astelehena] izango da.
Galdera nagusia.
Galdetegia betetzea “arina eta erraza” da, eta horren balioa, berriz, “handia”: “Ekarpen bakoitza kontuan hartuko da, eta plana berrikusteko diseinuan txertatuko da. Ez da iritzia jasotzeko ariketa huts bat”.
Izan ere, herritarren parte hartzeagaz “irisgarritasunaren inguruko kezkak, beharrak eta hobekuntza proposamenak bildu gura ditu udalak, hala nola, bide publikoaren egoera, garraioaren erabilgarritasuna, komunikazio eta informazio kanalek sortzen dituzten zailtasunak… Nabarmendu dutenez, guzti horren atzean “galdera nagusi bat” dago: “Nola sentitzen zara hirian mugitzeko orduan?”.
Udalak herritarrei galdetegia bete eta ariketan parte hartzeko deia egin die: “Irisgarritasuna guztion kontua delako, guztion artean herri hobe bat lortu dezakegu”.