Talleres Mecanicos Gernikako langileen "egoera larria" salatu du LABek
Antzeko prozesuen epeak ezagututa, "beste hiruzpalau hilabetez" kobratu gabe eta langabeziara joateko eskubiderik gabe jarraituko dutela aurreikusten dute LABetik.

Talleres Mecanicos Gernikako (TMG) langileek elkarretaratzean bildu dira gaur goizean bizi duten “egoera larria” salatu eta egoerari “ahalik eta irtenbide azkarrena” ematea eskatzeko. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, enpresak bezero gehiago artatu ez eta enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartuko zutela jakinarazi zien martxoan langileei, eta apirilaren 1ean etxera bidali zituzten, “enpresak bere aktibitatea gelditzea erabaki duelako”.
Langileek lanean jarraitzeko eskaera egin zioten enpresari, hori baitzan prozesuak iraun bitartean “kobratzeko aukera bakarra”. TMGtik jasotako “ezezko borobila” salatu du LABek: “Kobratzeko likidaziorik ez dagoela adierazi zioten”. Ondorioz, langileak ez dute kobratzeko esperantzarik, ezta langabeziara joateko eskubiderik ere.
Enpresak apirilaren 25ean [barikua] egin zuten hartzekodunen konkurtsora eskaera, eta antzeko prozesuen epeak ezagututa, “beste hiruzpalau hilabetez” horrela jarraituko dutela aurreikusten dute LABetik. Era berean, enpresa hartu eta martxan jarraitzeko “zenbait interesatu” agertu direla jakinarazi dute: “Dirudienez, inork ez du aurrera egiteko erabakirik hartu”.