Kirol kultura tradizionalarekiko zaletasuna errotzeko programa aurkeztu du Sustabizek
Sustabiz Fundazioak Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Partehartzaileak 2025 programa aurkeztu du: 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago, eta herri kirolen, euskal pilotaren eta arraunaren arloko topaketak antolatzean datza.

Aurreko urteetan izandako “arrakasta handiari” jarraipena emateko asmoz, Sustabiz Fundazioak Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Partehartzaileak 2025 “asmo handiko programa” aurkeztu du, gizarte eragile, erakunde eta herritarren parte hartze aktiboarekin “gure kirol kultura tradizionalarekiko zaletasuna errotzeko helburuagaz”. Programa 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago, eta herri kirolen, euskal pilotaren eta arraunaren arloko topaketak antolatzean datza.
Programaren helburu nagusia “euskal pilota, arrauna eta herri kirolak sustatzea” dela azaldu dute Sustabizetik, “bereziki belaunaldi berrien artean”. Hala ere, “anbizio handiagoa” duen ekimena da: Busturialdeko herrian arteko kohesioa, koordinazioa eta inplikazioa, gazteek euskal kultura eta kirola barneratu dezaten laguntzea, jaialdiak herri kirolen, arraunaren eta euskal pilotaren bidez gizarte elkargune bihurtzea, ikastetxeetan herri kirolaren sustapena bultzatzea edota kirolarien, gurasoen eta bertaratuen arteko harremanak sendotzea dira Sustabizek finkatutako beste helburu batzuk.

Argazkia: Sustabiz Fundazioa
Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirolen Zuzendari Nagusiak Sustabizen “lan garrantzitsua” azpimarratu du: “Bizkaiko Foru Aldundiak oso positibotzat jotzen du Sustabiz Fundazioak egiten duen lana. Bere inplikazioari esker, gure modalitateak gure gazten lehen kirol jarduera bihurtzen ari dira, belaunaldi erreleboa bermatuz eta denboran irauteko oinarriak ezarriz; gure kirol ondarea zaintzeko eta sustatzeko aparteko eredua”.
Aurreikuspenak beteta.
Duela hiru urte ekin zion Sustabiz Fundazioak bere ibilbideari, eta Joseba Etxebarria zuzendariak balorazio positiboa egin du: “2023ko maiatzean martxan jarri genuen proiektuaren aurreikuspenak %100ean betetzen ari dira”. Herri kirol zaleen laguntza sentitzen dutela gehitu du: “Lanak eta ahaleginak beti merezi du”.
Izan ere, Sustabizek “lorpen handiak” eskuratu ditu bere ibilbide laburrean, besteren artean, Europara jauzi egin eta AEJeST Kirol Tradizionalen Europako Elkartean sartzea. Elkarteak 17 herrialdetako federazio, fundazio eta elkarteak biltzen ditu, eta Sustabizentzat “harro egoteko modukoa” da: “Guretzako Europa mailako beste elkarte batzuekin harremanetan egotea suposatzen du, eta sustapeneko, ikerketako, Erasmus+ programako… proiektuak abian jartzeko aukera ematen digu”. Etxebarriak nabarmendu duenez, maila horretako lankidetzak esperientzia, ikaskuntza prozesua eta “beste maila bateko harremanak” ekarriko dizkio Sustabuzi.
Fundazioak, gainera, “aliantzak” egin ditu Busturialdeko udalekin, hitzarmenak sinatuta: “Lau urteko hitzarmenak dira, Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen proiektuaren barruan herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko”, azaldu du Jesus Manuel Madariaga Sustabiz Fundazioko presidenteak . Eskualdeko udal eta eragile publiko zein pribatuen laguntza asko eskertzen dutela gehitu du Madariagak: “Gure kirolen sustapenaren alde lan egiteko konpromisoa guztiona da”. Izan ere, proiektu globalaren helburuen artean “euskal gizatea kohesionatzea, koordinatzea eta inplikatzea” azpimarratu ditu.

Argazkia: Sustabiz Fundazioa
Hitzarmen berriak.
Sustabizen entrenamenduek lekualdaketa izan dute: aurten hasi eta aurrerantzean, Gernika-Lumoko Santanape udal kiroldegian egingo dira, bertan herri kiroletarako egokitutako gela bat baitute.
Hala ere, kokapen berritik gertu, entrenamenduetarako gune berri bat jarri dute, Gernikako Institutuaren instalazioetan, hain zuzen. Izan ere, Sustabizek eta Gernikako Institutuak hitzarmen bat sinatu dute, herri kirolak heziketa-zikloetako (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) ikasleen gorputz-hezkuntzan txertatzeko helburuagaz: Sustabizetik nabarmendu dutenez, hitzarmena sinatuta proiektua garatzeko “funtsezko helburuetako bat” betetzea lortu dute, “belaunaldi berrien artean gure kirol tradizionalak transmititzea”: “Gazteengana hurbiltzeko eta gure kirol kulturaren balioak barneratzeko aparteko aukera da”.
Gainera, 2024an zehar euskal kirol tradizionala sustatzeko egindako lan praktikoaren eta kudeaketaren ondorioz, Deustuko Unibertsitatearekin ere lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Graduko ikasleen arteen herri kirolak, pelota eta arrauna prestatu eta sustatzeko.
JARDUNALDI PARTEHARTZAILEAK 2025
- Maiatzak 18: Ajangiz.
- Maitzak 25: Gautegiz Arteaga.
- Ekainak 6: Muxika.
- Ekainak 7: Sukarrieta.
- Ekainak 21: Gernika-Lumo eta Busturia.
- Ekainak 28: Elantxobe.
- Uztailak 6: Mundaka.
- Uztailak 26: Kortezubi.
- Irailak 6: Murueta.
- Irailak 7: Nabarniz.
- Irailak 21: Gernika-Lumo.
- Irailak 28: Mendata.
- Urriak 4: Ereño.
- Azaroak 8: Forua.