Urdaibai Kantagunekoak Corkerantz abiatu dira, bertako kantu jaialdian parte hartzera
Urdaibai Kantaguneak bere 20. urteurrena goi-goitik ospatuko du, izan ere, Corkeko (Irlanda) Cork International Choir Festival jaialdian parte hartuko du. Harantz atera dira gaur (apirilak 29).

Urdaibai Kantaguneak 20 urte betetzen ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, Corkeko (Irlanda) Cork International Choir Festival kantu jaialdian parte hartuko du. Bertan parte hartzeko gonbidapena jaso zuten, eta gaur (apirilak 29) atera dira harantz. Bertara ailegatuta, denetariko jardueretan parte hartuko dute, eta sei ekimen ezberdinetan kantatu.
Barikuan (maiatzak 2) izango dute lehenengo hitzordua; izan ere, Choir Meet & Freet: International Non-Competitive Choirs zein Choral Trail at Tequila Jack’s Cork International Choral jaialdietan parte hartuko dute. Zapatuan (maiatzak 3), Ruta Coral en Fota House & Gardens festival coralean arituko dira euren kantuak eskaintzen, eta geldiunerik barik, domekan (maiatzak 4) Cobh Choral Trail Cork International Choral izango dute hurrengo hitzordua.
Horiek horrela, urteurren ospakizun “berezia” izango dute Urdaibai Kantaguneko partaideek, bertoko kantuak zein euskara Irlandako lurretan zabaldu eta ezagutaraziko baituzte.
Izan ere, Euskal Herrian bada euskaldunen artean “oso errotuta” dagoen kantu tradizioa: 200 abesbatza talde tradizional baino gehiago daude, eta bazkari, afari zein lagun bileretan ere kantatzeko ohitura handia dago, duela 25 urte inguru euskal folk eta herri kantu taldeen mugimendua sortu baitzen. Mugimendu horren ezaugarri nagusia hesirik bariko kale eta plazetan abestea da, baita edonork parte har dezakeela ere. Gainera, musika tresna ezberdinak jotzen dituzten musikari talde txiki batek lagunduta joaten dira.
Eta, Urdaibai Kantaguneak, bere horretan biltzen ditu ezaugarri horiek guztiak. Taldea mugimendu horren parte da, eta dagoeneko 20 urtez aritu da martxan. Mugarri horrek bultzatuta erabaki dute urteurrena ospatzera Iralndara joatea. Hala ere, gogoratu dute euren ibilbidean Hannoverren zein Stockholmon ere aritu izan direla, “hiri horietako abesbatzetako adiskideekin elkarlanean”.