Olabarriko jaiak ospatzeko prest daude errigoitiarrak
Denetariko ekitaldiak prestatu dituzte Olabarriko jaietarako: paella txapelketa, kontzertuak, su artifizialak... Etzi (maiatzak 1) hasi eta domekara bitartean hainbat ekitaldi izango dituzte aukeran.

Errigoitiko Olabarri auzoan jai giroan elkartuko dira herritarrak hurrengo egunetan. Izan ere, eguenean (maiatzak 1) hasita eta domekara (maiatzak 3) bitartean, denetariko ekitaldiak izango dituzte aukeran Olabarriko jaietan.
Egitarau zabala prestatu du aurtengorako Olabarriko lagun batzordeak, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Mezagaz abiatuko dituzte auzoko jaiak eguenean, eta trikitilarien laguntzaz, hamaiketakoa musikaz inguratuta dastatu ahalko dute bertaratzen direnek.
Hori bai, egun handia zapatukoa (maiatzak 3) izango da, izan ere, adin eta gustu desberdinetako herritarrek denetariko ekintzak izango dituzte aukeran. Goizetik jaurtiko dute txupina, eta ostean, paella txapelketaz gozatzeko aukera izango dute. Paellak prestatzen dituzten bitartean, gainera, etxeko txikienek puzgarriak izango dituzte aukeran, eta ostean, indarrak hartzeko, bazkaritan elkartuko dira herritarrak.
Arratsaldean ere ez da jai giroa faltako Olabarrin. Izan ere, igel eta tute txapelketak lehiatuko dituzte ausartenek; bost euro ordaindu beharko dira lehen txapelketan parte hartzeko eta 10 euro bigarrenerako. Sariak bildutako diruaren araberakoak izango dira: irabazleak bildutakoaren %70 jasoko du, eta bigarrenak %30.
Musika ere ez da faltako: Narva, John Maguire eta Santi Matxete y los pieles rojas ariko baitira iluntze-gaua girotzeko lanetan. Kontzertuekin eguna jai giro paregabean amaituko dute, baina su artifizialek biribilduko dute eguna, gaueko zerua kolorez betez.
Domekan, berriz, asteburuari amaiera ona emateko, triki poteoa egingo dute.
EGITARAUA:
Etzi, maiatzak 1.
12:00. Meza, trikitilariak eta hamaiketakoa-
Zapatua, maiatzak 3.
09:00. Txupina.
11:00. Nazioarteko paella txapelketa.
Bitartean. Umeentzako puzgarriak.
Gero. Bazkaria.
17:00. Tute eta igel txapelketak.
20:00. Kontzertuak: Narva, John Maguire eta Santi Matxete y los pieles rojas.
23:00. Su artifizialak.
Domeka, maiatzak 4.
12:00. Triki poteoa.