Gerra-gatazketan ondarea babesteko egindako ekintzak aztertzeko jardunaldiak
Gernikako Bonbardaketaren 88. urteurrenaren baitako ekitaldietako bat da, gaur eta bihar artean jorratzen ari dena. Elai Alai aretoa eszenatoki da, nazioarteko hainbat adituren hitz eta hausnarketa entzuteko.

Gernika-Lumoko bonbardaketaren 88. urteurreneko ekitaldi sortaren baitan, Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak eta Gernikako Bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentruak gerra garaiko ondare artistiko eta kulturala hauspotzen dituen jardunaldiak antolatu ditu. Gaur (apirilak 29) eman diote hasiera jardunaldiei, eta bihar, egun osoko egitarauekin amaituko dituzte.
Jardunaldiak berak, gerra-gatazketan ondarea babesteko egindako ekintza desberdinak hartuko ditu, eta horrela azaldu du gaur, Bakearen Museoko zuzendari den Iratxe Momoitiok. «Urte asko daramatzagu gai hau jorratzeko ekitaldiak antolatzeko asmoz. Iaz hortxe-hortxe aritu ginen, baina azkenean ez genuen lortu. Baina aurten bai, eta horregatik gaude gaur emen», gaineratu du. Jardunaldien helburua, bide batez, argi adierazi du: «Gerra Zibileko ondarea babesteko lanak nola kudeatu ziren erakustea da Ondare artistiko eta kulturala gerra garaian jardunaldien helburua, bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bai Katalunian eta baita Estatuan ere».
Gai nagusia aintzat hartuz, hainbat azpigai jorratzen ari dira jardunaldia osatzen duten ekintza bakoitzean. Izan ere, ondare artistikoa eta kulturala gerraren biktima handienetako bat izanik, «suntsipena herriaren nortasunaren eta historiaren aurkako eraso zuzen» gisa jarri dute jardunaldien antolatzaileek. Momoitiok, halaber, nazioarteko hainbat adituren lankidetza eta presentzia izatea «ohore bat» dela nabarmendu du gaur, jardunaldien aurkezpen ekitaldian. «Zer esan ondareaz, ondareari buruz hainbeste dakiten adituei? Gutxi asko. Eskerrak eman baino ez. Eta, herrietako ondare material eta ez materialari beharrezko garrantzia ematea soilik gogoratu nahi dut», esan du.
Gaur, besteak beste, Gernikako Bakearen Museoko erakusketa iraunkorraren bisitak eman dio hasiera jardunaldiei. Bakea lehen lerrora eraman dute bisitariek, eta duela 88 urteko apirilaren 26ra egin dute salto, batik bat. Arturo Colorado Castellary Madrilgo Unibertsitateko katedraduna eta emerituak jarraitu du egitaraua, ordea, arratsaldean, Artea konfiskatu, zaindu, bonbardatu, lekualdatu eta espoliatzea hitzaldiarekin. Segidan, EHUko Artearen Historiako irakasle Francisco Javier Muñozen, Santos M. Mateos Rusillo arte historialariaren, Miguel Martorell Historia politiko eta sozialeko katedradunaren, arkeologo eta ikerlari den Isber Sabrineren eta Patricia Fernandez Lorenzo doktoregaiaren hitzez eta hausnarketez gozatzeko aukera eduki dute Gernika-Lumoko Elai Alai Aretora gerturatutakoek.
Bihar goizean. Bihar ere, beste horrenbesteko abanikoa eskainiko du jardunaldiak uztartzen duen egitarau zabalak. Eszenatoki berbera izanik, beste hainbat ahotsek beteko dute aretoa gaur goizean zehar. 10:30ean zabalduko dituzte ateak, Ohartarazpen bat munduari. Zuloaga eta ondare artistikoa Gerra Zibilean hitzaldiagaz; Bilboko Arte Ederren Museoko Kontserbazio eta Ikerketa koordinatzailea den Javier Novok gidatuko du. Bata bestearen atzetik hasiko dira, gero, besteak. Azken ekintzak, oro har, 13:00etan izango du hitzordua, Ana Teresa Nuñez Monasterioren eskutik Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrora bisita gidatua eginez, 1937ko sarraskiaren nondik norakoak hurbiletik ezagutuz, eta beti ere, ondare artistikoa eta kulturala goraipatuz.