Jose Mari Gorroño saritu du Munduko Estatu Batuak nazioarteko antolakuntzak
Munduko Estatu Batuak nazioarteko antolakuntza italiarrak Gernika-Lumo goraipatu du, eta Jose Mari Gorroño alkatea saritu du, "bakearekiko eta giza eskubideekiko konpromisoagatik". Michele Capasso idazkariak eman dio saria alkateari.

Jose Mari Gorroñok Munduko Estatu Batuak (Estados Unidos del Mundo) nazioarteko saria jaso du gaur (apirilak 28), Gernika-Lumoko Kultur Etxean. “Bakearekiko eta giza eskubideekiko konpromisoagatik” izan da saritua foru herriko alkatea; begirada atzera bota, eta “urte guztietako ibilbidearen erakusgarria” den saria jaso du, Gernika-Lumok bakearen eta giza eskubideen alde egiten duen etengabeko lana balioan jarriz.
Italiako nazioarteko sare bat da Munduko Estatu Batuak antolakuntza (www.statiunitidelmondo.org), gizarte zibileko herrialde, hiri, unibertsitate eta erakundeak biltzen dituena, gizarteko bidegabekeriei, gerrei, pandemiei, baliabideen xahutzeari eta klima-aldaketari aurre egiteko, eta askatasuna, berdintasuna eta gizakien oinarrizko eskubideak sustatzen dituena. Hori kontuan izanik, antolakuntzako idazkari nagusia den Michele Capassok eman dio saria Gorroñori.
30 urterik behin banatzen du antolakuntzak saria, eta esan dutenez, aurretiazko sarituen artean Rania Al Abdullah Jordaniako erregina, Angela Merkel Alemaniako kantziler ohia, Barack Obama Estatu Batuetako presidente ohia eta Felipe VI Espainiako erregea daude. Izan ere, Nobel Sarien ostean sari “esanguratsuena” da Munduko Estatu Batuak antolakuntzak ematen dutena, Capassoren hitzetan. Alegia, Gernika-Lumoren historia goraipatu, duela 88 urteko bonbardaketa erdigunean jarri, eta alkatea zein herritarrak nabarmendu ditu antolakuntzak, gaur, sariarekin.
Capasso hunkituta agertu da: “Oso pozik nago gaur Gernika-Lumon egoteaz. Duela 88 urte hemen gertatutakoa modu sinbolikoan gogoratzeko aukera dugu. Sari berezi bat emango diogu, herri berezi bati. Historia berezia duen herri bati. Berezia, ze, orain arte ez zen sari originala ematen; kopia bat ematen zen. Gaur, ordea, sari originala emango diogu herriari”.
Gainera, Gernika-Lumoko bonbardaketaren lekuko izan ziren herritar bi ere omendu ditu Munduko Estatu Batuak antolakuntzak, eta saria beraiekin ere partekatu nahi izan dute. Ekimen horrek, bestalde, Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren eta Napoleseko Bakearen Museoaren arteko lotura indartzen duela argi adierazi dute.
Gorroñok, bere gain, saria jasotzea “ohore handia” dela azaldu, eta antolakuntzari bere esker ona adierazi dio. Egunero bere ondoan lan egiten dutenez oroitu da alkatea. Herritarren garrantzia ere azpimarratu du, eta jasotako saria “herritar guztiekin partekatu” nahi duela argi esan du, batez ere, gazteenei keinu eginez: “Gure herriko gazteei esan nahi diet beraiekin kontatzen dudala. Bakea munduan zehar zabaltzeko beharrezkoak direla”. Lana “mantendu” egingo dutela nabarmendu du, halaber: “Giza eskubideen eta bakearen defentsan jarraituko dugu, bakea herri eta alor guztietara zabaltzea lortu asmoz”.