Gernikatik, Italiari bonbardaketan izandako erantzukizuna onartzeko eskatu diote
Gorroñok dio aurretik Alemaniak eta Espainiak emandako pausoa emateko «garaia» iritsi zaiola Italiari. Angel Lekuonaren familiakoek eta palestinarrek piztu dituzte sirenak.

Sarraskiaren lekuko izan zen duela 88 urte Gernika-Lumo. Alemaniako Kondor Legioko eta Italiako hegazkinek Gernika-Lumora milaka bonba jaurti zituzten, eta ehunka herritar hil. Hala, bonbardaketaren urteurrenean, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak 1937ko bonbardaketan Italiak izandako erantzukizuna onartzeko eskatu zion Italiako Gobernuari. Gogoratu zuen lehenengo Alemaniak aitortu zuela eragindako kaltea 1997an, eta ondoren Espainiak 2022an. «Bada garaia Italiak Gernikako bonbardaketan —bere hegazkinen bitartez— izandako partaidetza eta erantzukizuna biktimen aurrean onartzeko». Bakearen eta Adiskidetzaren Aldeko Gernika Sariak banatzeko ekitaldian egin zituen adierazpenak, bere mezua nazioartera zabalduz.
Jarraian, Jai Alai frontoian bildutako 200 lagunetik gorak, kandela txikiak eskuetan zituztela, etorkizun baketsu baten alde borrokatzeko konpromisoa adierazten zuten argiak piztu zituzten: «Ahanzturari aurre egiten dion duintasunaren aldeko argia da. Argi bat bonbardaketetan hildakoengatik, bizirik ateratakoengatik. Argi bat Gernikatik, munduko gerren biktima guztientzako, bizi itxaropen modura». Ondorioz, Gernikatik, gerren aurkako ahotsa altxatzeko konpromisoa dutela adierazi zuen.
Mezu hori emanda, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko 20. Gernika Sariak banatu zituzten: Antonio Guterres nazio batuen idazkari nagusiak eta Argentinako Antropologia Forentseko Taldeak jaso zituzten sariok.
Irabazi asmorik gabeko erakunde zientifikoa da forentseetan, eta desagertutako pertsonak ikertzea eta berreskuratzea du helburu. 60 pertsonak osatzen dute giza eskubideen printzipioetan oinarrituta behartutako desagertzeen, indarkeriaren eta ondorio armatuen testuinguruan lan egiten duen taldea. Biktimen familiekin lankidetza estuan aritzen dira, haien iritziak errespetatzen dituzte eta gorpuak lurpetik ateratzeko eta identifikatzeko prozesu osoan laguntza eman diete familiei.
Hala, Maria Saladok jaso zuen saria, Argentinako Antropologia Forentseko Taldearen izenean. «Arlo pertsonalean zein profesionalean eskertza handia da horrelako sari bat jasotzea, harro egoteko modukoa», esan zuen. Gainera, «egiaren berri jakiteko eta memoriarako eskubidea» aldarrikatu zituen, eta Argentinako diktaduran desagerturikoen senideek izandako ausardia gogoratu zuen: «Gogora ekarri nahi ditut desagertze behartuen biktimak, errepresioaren biktimak, genozidioaren biktimak, mugak iztearen biktimak, baina baita haien senideen borroka. Horregatik gaude hemen, eta horregatik egiten dugu lan, egiaren eta memoriaren eskubidearen alde, ukatu behar ez den justizia eskubidea izateko».
Bestalde, Guterresek, nazio batuen erakundeko bederatzigarren idazkari nagusiak ere jaso zuen saria. 2017ko urtarrilaren 1etik darama kargu horretan, baina, lehenago, 10 urtez, nazio batuen erakundearen Errefuxiatuentzako Goi komisionatua izan zen eta besteak beste, Siriako, Irakeko, Hego Sudaneko eta Yemeneko desplazamendu krisiak kudeatu zituen. Internazional sozialistako presidente lanetan ere ibilitakoa da, errefuxiatuentzako Portugalgo kontseilua sortu eta hainbat proiektu sozialetan sartuta, beti besteei laguntzeko prest.
Haren izenean, Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzako idazkari nagusiak jaso zuen saria, eta Guterresek hainbatetan esandako hitzak irakurri zituen. «Bere eskertza eta emozioa transmititu gura ditut, ze oso eskertuta zegoela esan zidan, baita eskertuta ere. Hala ere, sari hori Nazio Batuen Erakundeari esker eman diotela esan zidan». Hala, nabarmendu zuen NBE «inoiz baino beharrezkoagoa» dela egun, «bakea arriskuan» dagoela eta gerrak amaitu behar direla. «Gure munduak bakea behar du, hori da gizarte osoarentzako saririk nagusiena».
Bakearen aldeko oihua.
Bonbardaketaren urteurrenean, gainera, Bakearen aldeko oihua ekimenean elkartu ziren Jai Alai frontoi horretan, eta Gorroñok eskerrak eman zizkion Nazio Batuen Zibilizazioaren Aliantzari eta Religions for Peace elkarteari ekimena bertan aurkeztearren.
Moratinosek gehitu zuen ekimenak bonbardatutako beste herri batzuk bisitatzea ere helburu duela —tartean Sarajevo edo Nagasaki—, horietan ere bakearen aldeko mezua zabaltzeko eta herrien eta erligioen arteko bakea sustatzeko. «Denok, elkarrekin, Gernikan geratutakoa gogoratzen dugu, lekukoak besarkatzen ditugu eta biktimak gogoratu. Guk, herritar modura, memoria transmititzeko beharrean lan egin behar dugu, horrelako ekintzak berriro gerta ez daitezen», esan zuen Moratinosek.
Memoria oihu hori, baina, esperantzaz betetakoa izan behar dela gehitu zuen, «bakearen alde lan egin behar delako». Eta, gerren aurkako mezua ozen adierazi zuen: «Gerrei ezetz esan behar diegu, eta bakea munduan lehenesteko pausoak eman behar dira. Ez dago besterik, bakea egitea baino. Bakearen kulturaren alde lan egin behar dugu, eta indarra behar dugu horri ekiteko».
Ekitaldian parte hartu zuen Ibone Bengoetxea lehendakariordeak, eta Jesus Maria Leizaola lehendakaria gogoratu zuen: «Justizia egitea zen bere xedea, gaixoak hartatzea, eta sarraskirik egiten ez zela ziurtatzea. Kultur arloan, kultura eta hizkuntza bizirik mantentzen ahalegindu zen». Kultur ikuspegiari jarraiki, Picassoren Guernicak bonbardaketa gogoratzen duela esan zuen, baina baita kulturak daukan balio eraldatzailea ere, artearen bidez gertatutakoa transmititu daitekeelako.
Hala, Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik, bakearen alde egitea berresten dutela esan zuen: «Bakearen, justiziaren eta kulturaren aldeko gure konprimisoa erabatekoa da, gizarte inklusibo eta baketsua sustatzen dugulako». Gainera, Bengoetxeak gogoratu zuen milaka pertsona ari direla biolentzia sufritzen: «Gure sinboloa den Gernikako zuhaitzaren gerizpean, uztartu ditzagun justizia eta kultura. Aldarrikatu dezagun elkarrekin gerra guztien amaiera. Aldarrikapen hau kolektiboa izan behar da, baina baita, eta bereziki, gutariko bakoitzarena ere».
4 minutuz isilik
Ohi legez, hil zirenei lore eskaintza egin zieten Zalloko hilerrian, baina, lehenago, Lau minutu ekimenak sirena hotsez bete zuen udalerria. Hala, aurten, Angel Lekuonaren familiakoak arduratu ziren Astrako sirena pizteaz, eta palestinarrak, berriz, Pasealekukoa martxan jartzeaz.
Lobek 1945eko apirilaren 10ean Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batean fusilatu zuten Anjel Lekuona busturiarrari aitortza egin gura izan zioten, eta horretarako, haren familiakoak gonbidatu zituzten Astrako sirena piztera, eta hunkituta erantzun zuten horiek. Izan ere, Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundearen parte dira familiakoak.
Pasealekuko sirena pizteko Sinn Feineko ordezkaritza gonbidatu zuen Gernika Batzordeak, baina logistika arazoak tarteko, Euskal Herrian bizi den palestinar ordezkaritza batek aktibatu zuen sirena.
Kulturaren presentzia nabarmena izan zen udalerrian. Izan ere, Gernika Garretan talde multidiziplinarrak antzerkia eskaini zuen Pasealekuan; euriaren eraginez, euren saioa moldatu behar izan zuten, baina, ehunka lagun bertaratu ziren, hala ere, herritik sortutako ekitaldia ikustera.
Eta, ohi legez, kandelen berotasunean, kandelen argipean agurtu zuten urteurren eguna, herria bizirik dagoela adieraziz eta ez gertatutakoa sekula ez dutela ahaztuko plazaratuz.

















































