Finalaurrekoa, etxekoen berotasunean
Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailako Elite Multzoaren play-offak lehiatuko ditu. Maiatzaren 17-18ko asteburuan jokatuko dute finalerdia, partidu bakarrera, Urbietan; aurkaria ez dute ezagutzen oraindik.
Ohorezko B Mailaren Elite Multzora sailkatzea zen Gernika Rugby Taldearen aurtengo erronka nagusia. Bada, sailkatu ez ezik, egundoko maila erakusten ari dira lehia horretan. Atzo [apirilak 27], CR Pasek Belenos taldearen aurka garaipen handia lortu zuten Avilesen (Asturias), multzoko bigarren postuan sendotu dituena eta finalaurrekoetara sailkatzea ahalbidetu diena. Basurdeek 34 eta 44ko markagailuagaz ezarri zuten beren legea, urte luzez ezagun izandako arerio borrokalariaren kontrako partiduan.
Kostatu zitzaien basurdeei norgehiagokari neurria hartzea. Izan ere, lehen minutuetan, etxekoen nagusitasuna uste baino zapaltzaileagoa izan zen, eta aurrea hartu zuten. Hori bai, aurten beste zenbait partidutan sobera frogatu legez, gernika-lumotarrek lortu zuten hotz mantentzea eta, auzolanean oinarrituriko jokoa eginez, egoera iraultzea. Liga erregularrean jasandako porrota “oso presente” eduki zuten gernika-lumotarrek: “Talde eskarmentatuagoa eta sendoagoa edukita ere, ezin izan genuen garaipena lortu eta, alde horretatik, domekako partiduan arantzatxoa atera ahal izan genuen”.
Atsedenaldira aurrea hartuta joan ziren, eta ostean ere errentari eutsi zioten, etxekoek partiduaren erritmoa koska bat igo arren. “Markagailuan hurreratu egin zitzaizkigun, estu hartu gintuzten, baina une batean ere ez genuen eduki neurketak eskuetatik ihes egiteko bezainbesteko arriskurik”, azaldu dute talde gernika-lumotarreko ordezkariek. Belenosek entsegu bi egin zituen, baina markagailuak bisitarien alde egin zuen: 34 eta 44 gailendu zen Gernika RT.
Domeka honetan jaingo dute zein aurkari suertatuko zaien finalerdian
Azken emaitza harekin eta multzoaren lehian partidu ia denak irabazita (berdinketa eta porrot bana bakarrik jaso dituzte), finalaurrekoei bete-betean heltzeko prest daude basurdeak. Maiatzaren 17-18ko asteburuan jokatuko dute finalerdia, etxean. Gaur-gaurkoz, gernika-lumotarrekin batera, CR Liceo Frances taldea dago sailkatuta. Elite Multzoko liderra da, 32 puntugaz; basurdeak bigarren postuan daude, 30egaz. Gainontzeko bi postuei dagokienez, dena “zabal-zabalik” dagoela aurreratu dute: “Jokatzeke duten jardunaldi baten faltan, Club De Rugby Sant Cugat, AD Ingenieros Industriales Las Rozas Rugby, Complutense Cisneros Zeta edota Pasek Belenos lehian murgilduta daude, eta edozeinek lor ditzake gainontzeko postu biak”. Hain zuzen ere, Sant Cugatek 20 puntu ditu egun; Ingenieros Industrialesek, 18 puntu; Cisnerosek, 16 puntu; Belenosek, azkenik, 14 puntu.
Play-offei begira, Liceo Frances da faborito handiena; gainontzekoen artean berdintasuna aurreikusten da
Taldekideek Liceo Frances “hautagai handia” izango dela play-offetan, baina “edozer dela posible”: “Domekan [maiatzak 4] jakingo dugu zeinen kontra jokatu beharko dugun. Dena dela, guztiak maila handikoak dira. Duela hilabete, Cisneros nahi eta ezin zebilen, baina egun oso sendo dabiltza; Belenos lantalde aldetik murritz samar dabil, eta alde horretatik aukeratxoa eduki dezakegu”. Era berean, Urbietako zelai naturalean jokatzea “esanguratsua” izan daitekeela azpimarratu dute: “Zenbait taldek berdegune sintetikoagaz jokatzen dute eta, beraz, Urbietan egin daitekeen jokoa ez da erosoena beraientzat. Mailari dagokionez, Sant Cugatek abantaila txikitxo bat eduki dezake, sailkapenean hirugarrenak baitira eta jokatzea egokituko zaien neurketa zertxobait errazagoa baita, beraien kantxan; hori bai, arerioa edozein izanik ere, partidu gogorra aurreikusten dugu”.