Liztor asiarrari kolektiboki aurre egiteko hitzaldia antolatu dute
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Erlezain Elkarteak liztor asiarrari zelan aurre egin argituko dute hilaren 23an 12:00etan hasita Ekoetxea Urdaibain egingo duten doako hitzaldi informatiboan.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Erlezain Elkarteak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz, liztor asiarrari buruzko hitzaldi informatiboa emango dute apirilaren 23an, 12:00etan, Busturiko Madariaga dorretxeko Ekoetxea Urdaibain. Bertan, liztor mota horren eraginei aurre egiteko neurriak azaleratuko dituzte, eta saioak eskualdeko herritarrak “informatzea eta inplikatzea” izango du helburu nagusi. Sarrera librea edukiko du, edukiera bete arte.
Liztor asiarra (Vespa Velutina), egun, “mehatxu handienetako bat” da biodibertsitateari, erlazaintzari eta segurtasunari begira. Busturialdean ere, liztor horien “presentzia nabarmena” dagoenez, tokiko biztanleak kontzientziatzea eta bertaratzen direnei beharrezko “ezagutza nahiz gaitasunak” helaraztea bilatuko dute, espezie horri “modu koordinatu eta kolektiboan” aurre egiteko. Gainera, egitasmoan zehar Liztor beltza, Vespa Velutina Urdaibai 2025 izeneko txostena plazaratuko dute.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, liztor asiarraren mehatxua zertan oinarritzen den argitzen du txostenak: “Ingurumenari eta tokian tokiko erlauntzei zelan eragiten dien erakusten du, eta herritarrek haren kontrola edukitze aldera zein neurri har ditzaketen azaltzen du”. Hala, hurreratzen direnek etxeko tranpa eraginkorrak zelan eraiki ikasi ahalko dute, material informatiboak eta prebentzio estrategiak ezagutzeaz gain, herritar bakoitzak “bere inguru hurbiletik” lagun ahal dezan.
Keinu bakoitza, zutabe.
Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerente Aitziber Ansotegik adierazi du eskualdeko herritarren inplikazioa “funtsezkoa” dela: “Keinu bakoitzak, tranpa bakoitzak, geure ekosistema babesteko eta erlezainei laguntzeko balio du, euren lana ezinbestekoa baita ingurumenaren orekari eta tokiko elikagaien ekoizpenari begira”.
Aitziber Ansotegi: “Herritar informatuak, konprometituak eta jarduteko prest daudenak eskatzen ditu erronka kolektibo horrek”
Era berean, Ansotegik bereziki eskertu gura izan du Bizkaiko Erlezainen Elkarteagaz daukaten “lankidetza aktiboa“: “Beraien ezagutza teknikoagaz eta eskarmentuagaz, laguntza handia ematen digute”. Hori bai, nabarmendu du liztor asiarraren aurkako borroka ezin dela mugatu erlezaintza sektorera edota erakundeen lanera: “Herritar informatuak, konprometituak eta jarduteko prest daudenak eskatzen ditu erronka kolektibo horrek”. Hain zuzen ere, talde edo komunitate jakin batzuei hurreratzeko gonbita berezia bidali die gerenteak: “Auzo elkarteei, ikastetxeei, udalerrietako eragileei, baratze nahiz lorategi taldeei edota aire zabaleko jarduerak egiten dituzten norbanakoei”.