'Guernica Gernikara' abestia kaleratuko du NAZ taldeak
Gernika-Lumoko bonbardaketaren harira, duela 88 urte ume bat zen gaur egungo amama bat izango du protagonistatzat NAZ taldeak apirilaren 26an kaleratuko duen 'Guernica Gernikara' abestiak.

Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrenaren atarian, NAZ talde gernika-lumotarrak abesti berria kaleratuko duela iragarri du: Guernica Gernikara. “Errespetuz eta bestelako asmo barik” sortu duten kantak astelehen normal batean, eta zer gertatuko den jakin gabe plazara doan amama bat irudikatzen duela azaldu dute Irene Eiguren, Itsaso Irusta eta Nagore Bermeosolok: “Protagonista amama bat dela esaten dugu, bonbardaketan umea zen gaurko amama”.
Madrilgo metroan zegoela bonbardaketa gogora etorri zitzaion Bermeosolori, eta orduan abesti bat egin behar zuela pentsatu zuen: “Lehenengo otu zitzaidana koadroa izan zen eta bertsoa idatzi nuen, abestiaren leloa dena; melodia itsaskorra zela eta, istorio bat kontatzea pentsatu nuen”.
Istorio eta letraz gain, taldeak “nahiko potentea” den instrumentazioan eta produkzioan jarri du fokua: “Instrumento bakoitzagaz egun hori islatzen saiatu gara; adibidez, txeloa instrumento txarra izatea, bonbak, gero hegazkinak… Pianoa ere badago, alaitasuna edo inozentzia transmititzen dituena”. Amaiera aldera, gainera, “sorpresa bat” dagoela aurreratu dute: Andra Mari korala: “Koruko kideen ahotsagaz 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketatik bizirik atera zirenak gogoratu gura ditugu, umeak zirenak eta gaur, berriz, zaharrak direnak edo izango zirenak”.
Guernica Gernikara Gernika-Lumon eta gernika-lumotarren artean sortutako abestia da, aurreko kantuekin egin bezala, Iban Hernandez eta Ibai Bengoa ekoizleekin lan egin baitute. Hala ere, apirilaren 26tik aurrera entzungai egongo den abestiak badu taldeak aurretik kaleratutakoetatik urruntzen duen ezagurri bat: “Tristea da, eta orain arte egin ditugun abestiak alaiagoak dira. Instrumentalak ere ez du aurrekoen antzik, pila bat instrumentu entzun ahalko dira”.