"Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala" aldarrikatuko dute domekan
Jardun Koordinadorak Gernika-Lumon ospatuko du laugarrenez Aberri Eguna. "Balore sinboliko handia" duen herria izanik, Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala aldarrikatuko dute domekan (apirilaren 20), egun osoko egitarauan.
Laugarren aldiz izango da Gernika-Lumo Jardun Koordinadorak antolatutako Aberri Egunaren eszenatoki. Izan ere, nahiz eta Covid-19aren garaian egun osoko egitaraurik prestatu ez, esan dutenez, manifestazioa eta ekitaldi politikoa burutu zituzten. Geroztik, ordea, bai; egun osoko egitarauz bete izan du Jardun Koordinadorak Gernika-Lumo, Aberri Egunez, urtez urte.
Tokiaren aukeraketa ez da ausazkoa izan, azaldu dutenez; “balore sinboliko handia” izan dezakeen herria dela nabarmendu dute: “Gernika-Lumok, azken finean, bai kulturalki zein historikoki pisu handia du Euskal Herriari dagokionez. Horregatik aukeratu genuen, eta horrela jarraituko dugu, oraingoz”.
Aberri Eguna “zentsu folkloriko batetik urrun” ulertzen dute koordinadorako kideek. “Euskal Herriarentzako askapen nazional eta soziala lortzeko tresna gisa ulertzen dugu. Hau da, Euskal Herri langilea estrategia iraultzaile batean artikulatzeko tresna gisa”, gaineratu dute. Borroka eta erresistentzia ere azpimarratu dituzte, bide batez, Aberri Eguna “Euskal Herriko langileen elkargune izateko” halabeharrezkotzat baitutuzte.
Urtero lez, egun guztian zehar dituzte ekintzak aurreikusita. 13:00etako manifestaziotik hasi, eta iluntzeko kontzertuekin amaituz. Tartean ere zenbait ekintza izango dira, ordea: “Ekitaldi politikoa eta bazkari herrikoia ere egingo ditugu, zeinentzako tiketak Astran bertan dauden salgai, 4 eurotan”. Giro ona nagusituko den arren, argi dute domekakoa ez dela ospakizun bat. Horregatik, “manifestazioari eta ekitaldi politikoari berebiziko garrantzia” ematen diotela aurreratu dute, “borrokarako tresna nagusi gisa” identifikatzen dituztelako, batik bat.
Horretaz haratago, kontatu dute, urte honetako Aberri Egunari “kutsu antiarrazista bat” eman nahi izan diotela. Bide beretik aipatu dute azkenaldian Euskal Herrian izan den “gorakada arrazista erreakzionarioa”, eta horrekin bukatzeko asmoz jendea domekakoaren parte izatera animatu dute: “Gustatuko litzaiguke Aberri Eguna Euskal Herri langilearen batasuna handitzeko eta erakusteko aukera izatea, eta horretara, ahalik eta jende gehien batzea”.
Egitaraua
Apirilak 20, domeka.
13:00. Manifestazioa, Merkurio plazatik.
13:45. Ekitaldi politikoa.
14:30. Bazkari herrikoia, Astran.
17:00. Andoni Ollokiegi.
20:30. Kontzertuak, Pasealekuan; Garena, Chulería Joder, Nucleo Terco, Skabidean eta Banda Bassotti.