Txikitasuna aldarrikatu dute, hamahirugarrenez
Gernikako Lekuek jaialdiaren antolatzaileak "oso kontentu" agertu dira hamahirugarren aldiarekin. Jendearen urtez urteko erantzun ona nabarmendu dute. Panorama musikalean "guztiz egonkortuta" dago jaialdia eta "urte asko gelditzen zaizkio herrian".


Argazkia: Unai Alba.
Kulturaren formatu desberdinak landu eta indartu berri dituzte Gernika-Lumon, Gernikako Lekuek jaialdiaren hamahirugarren aldiagaz. Izan ere, bost egunez herriko kale eta espazio desberdinak ekintzaz eta musikaz josi dituzte: apirilaren 9tik 13ra bitartean, kulturaren alor desberdinak aldarrikatu dituzte.
Oraindik, “txikitasuna handitzearen beharra” dagoela nabarmendu, eta emaitzarekin “oso kontentu” daudela adierazi dute jaialdiaren antolatzaileek: “Uste genuena baino jende gehiago bertaratu zen egitarauaren baitako ekintza guztietara. Ia espazio guztietako aforoak bete ditugu, eta nahiz eta aurreko urtean baino bonu gutxiago saldu diren, aurten saldutako kopurua ere oso altua izan da. Oso pozik gaude”. Jendearen erantzuna, beste behin “positiboa” izan da. “Dena ondo” joan da bost egunetan zehar: “Zorionez, ez da ezbeharrik gertatu jaialdiak iraun bitartean”.
Borja Iglesiasen Coda liburuaren aurkezpena nabarmendu dute, besteak beste, “oso jendetsua” izan zelako, eta “feedback ona” jaso zuelako. Hala ere, ez dute ekintzarik gutxietsi: “Estilo desberdinetako ekintza guztiak joan dira oso ondo. Denak bete ditugu jendez, eta uste dugu ez dela egon besteekiko desberdintasun handiarekin gaineratu den ekintzarik”. Halaber, askotariko adin tartea izan du jaialdiak, eta “horrela jarraitzea garrantzitsutzat” dute Lekuekekoek.
Urtez urteko arrakasta ikusita, jaialdia panorama musikalean “guztiz egonkortu” dela sinesten dute antolakuntzako kideek. Euren esanetan, nazio mailan ezaguna egin den jaialdia da Lekuek dagoeneko, eta urtez urte aurrerapausoak ematen jarraitzeko gogoarekin jarraitzen dute. “Jendeak beti du hurrengorako gogoa, egitaraua jakitekoa eta kultura musikatzen jarraitzekoa. Beraz, horrekin jarraituko dugu. Gernikako Lekuek jaialdiak urte asko ditu aurretik, oraindik”, adierazi dute. Beraien hitzetan, hain zuzen, “txikitasuna aldarrikatzen jarraitzeko beharra oso nabaria” da oraindik ere, eta horri “erantzuteko prest” daude, eta egongo dira.