Errigoitiko Udala herria estaldura digital handiagoz hornitzeko lursail bila dabil
Herriko auzoetan estaldura digital handiagoa eman gura du Errigoitiko Udalak, baina udalak ez dauka lursail egokirik telefonia zerbitzu eta estaldura egokia emango duen Telekomunikazio Zerbitzuko Oinarrizko gune bat instalatzeko. Hala, herritarren laguntza eskatu du lursail horiek bilatzeko.

Errigoitiko Udala herriko auzoetan estaldura digital handiagoa emateko lanean ari da, Interneterako ia konexiorik ez duten guneetara sare mugikorreko konexio egokia eroateko. Baina, telefonia zerbitzu eta estaldura egokia emango duen Telekomunikazio Zerbitzuko Oinarrizko gune bat instalatu ahal izateko, horretaz arduratzen den enpresaren jarraibideei jarraituz, beharrezkoa da 80 metro karratuko azalera daukan eremua, errepidetik gertu dagoena, zuntz optikoaren hornidura daukana, eta, udalak ez dauka ezaugarri horiek betetzen dituen udal lurrik. Ondorioz, auzotarren laguntza eskatu du lursailak prestatzeko: “Udalak laguntza eskatzen die bizilagunei instalaziorako egokiak diren lurrak bilatzeko. Izan ere, udalerriak ez dauka horretarako lur publiko egokirik”.
Udalak herritarren beharrak eta proposamenak kontuan hartzeko jarrera “hurbila eta adeitsua” daukala diote, eta, ildo horretan, udalerriko sare mugikorreko konexio faltaren arazoei irtenbidea ematea aldera ari dira lanean. Jakinarazi dutenez, Metxika da konexio arazo handieneko auzoa, eta eremu horretan ere gune egokiak eta telekomunikazio zerbitzuen oinarrizko estazio bat instalatzeko beharrezko baldintza guztiak betetzen dituen guneak bilatzen ari da.
Ildo horretan, jakinarazi dute, instalazioak ez duela gorabeherarik egunerokoan, eta ez duela zaratarik edo interferentziarik eragiten ekipo edo aparatu elektronikoetan. “Telekomunikazio zerbitzuen oinarrizko gune hori ekipoetarako antenen eta armairuen sistema batez osatuta dago”.
“Udaletik ez dugu etenik izango gure bizilagunei zerbitzua emateko lanean. Badakigu ez dela lan erraza, ez dugulako behar adinako lurrik sare mugikorreko antena bat instalatzeko”, esan du Frank Zubiaga Errigoitiko alkateak. Hala, bizilagunen laguntasuna jasotzea espero du, “leku egokia aurkitu ahal izateko”.