Pello Bilbaok eskualde oso bat altxarazi zuen eguna
Itzuliaren Gernika-Lumoko etapa Pello Bilbaoren etapa modura gogoratuko da aurrerantzean. Gernika-lumotarrak eguneko ihesaldian zeharkatu ditu gaur [apirilak 11] eskualdeko errepideak. Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etaparen garaipena Ben Healyrentzat izan da; Joao Almeidak sailkapen orokorraren buruzagi izaten darrai.

Saiatu barik, ez da jakiterik. Euskal Herriko Itzulia saiatzen direnen lasterketa da. Gaurkoan [apirilak 11], Urduña eta Gernika-Lumo lotu dituen Itzulia Basque Countryko bosgarren etaparen irteeran, helburu bakarra zuen Pello Bilbaok: eguneko ihesaldian sartzea. Gasteizko etapa irteeran hautagai nagusienetako bat zen Bahrain Victoriouseko gernika-lumotarra, baina Lodosara bidean jasandako erorikoak sailkapen orokorraren jokotik aterararazi zuen. Ez, ostera, etxeko etaparen lehiatik. Tropel osoan, bosgarren etaparen ibilbidea hoberen ezagutzen zuen ziklista zen, eta lehen metrotik gogor jo du erasora.
Kostatu da eguneko ihesaldia egitea, horren erakusle hura osatu duten izenen maila: Bilbaoz gain, Julian Alaphilippe, Warren Barguil edota Bruno Armirail moduko izarrak sartu dira. Baita Ben Healy ere. Irlandarra Bilbaoren zirkuan ekilibrista izan da. EF Education-Easyposteko ziklistak lehen metroetatik jagon du gernika-lumotarren gurpila, eta, hainbat kilometroz txandapasan aritu ostean, erasora jo du Kortezubitik Gautegiz Arteagara arteko sasi-ordekan. Atoan zabaldu du arrakala irlandarrak. Atzean, Bilbaok geratzen zitzaizkion indar apurrak jazarpenean inbertitu ditu. Tropelaren buruan, Joao Almeida liderraren UAE Team Emirates-XRG taldeak dominatu du egoera.
Zallobanteko aldaparen magalean harrapatu dute etxeko izarra. Etapa garaipenaren borrokak alde eginda, gozatu ederra hartu du Bilbaok: tartea hartu du senide, lagun eta ezagunak agurtzeko; berak beren-beregi diseinatutako ibilbidearen azken kilometroak dastatzeko; funtsean, gozatzeko. Erakustaldia eman ondoren eta erabateko nagusitasunez, Healyk 03.55.57ko denboragaz gurutzatu du Artekaleko helmuga lerroa. Irlandarra indartsuena izan da; bere taldea, berriz, aztiena. Azken metroetan, faboritoen artean mugimenduren bat edo beste egon da, baina ez da nahikoa izan taldea puskatzeko. Almeida portugaldarrak eta bere taldekideek lasterketa uneoro kontrolpean mantendu dute, bereziki, Isaac Del Toro mexikarraren lana tarteko.
Kanpantxutik Mendietarako azken koskan, Ineos Grenadiers etxeko Axel Laurance frantziarrak metro gutxi batzuk hartu ditu taldearen aurretik, eta bigarren postua lortzeko balio izan dio, garailearengandik 01.47era helmugaratuta. Hautagaien 33 laguneko taldetxoa segundo bat beranduago iritsi da, XDS Astana taldeko Simone Velasco italirra buru duela. Sailkapen orokorrari dagokionez, ez da alderik egon gaurkoan: Almeidak minutu erdiko aldea du Maximilian Schachmannekiko (Soudal Quick Step) eta 38 segundokoa Florian Lipowitzekiko (Red Bull-Bora Hansgrohe).
Aldarriz beteta.
Busturialdeko etaparen ibilbidea aldarrien ibilbidea ere izan da gaurkoan. Han-hemen ikurrinak ikusi dira, baita Gure Eskuren banderak ere. Artekaleko helmuga zuzengunea, ostera, kolore laranjaz jantzi da, euskal txirrindulariei harrera egiteko. Ez hori bakarrik: etaparen luze-zabalean Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren kontrako aldarrikapenak ikusi ahal izan dira.
Irabazlearengandik ia 13 minututara harrapatu du Bilbaok orain arteko helmugarik bereziena. Inongo prisa barik gozatu du azken zatia. Helmugan itxaroten zituen senideak, itxaroten zituen kuadrillako adiskideak, itxaroten zuen herri oso bat. Podiumera igo da etxeko txirrindularia, eta lagun izan ditu bere lagunartea, Urdaibai Txirrindulari Eskolako haurrak nahiz Aixerrotape Zikloturista Elkarteko kideak. “Hunkituta eta eskertuta” hartu du Merkurioko podium gunea lepo-lepo bete duten etxekoen berotasun uriola.
Pello Bilbao: “Gaurkoan, ibilbidea ezagutzea ez zen nahikoa, ihesaldian aurrera egite aldera”
Itzuliaren hasieratik bosgarren etapa “gorriz markatuta” eduki arren, egunaren hasieran ihesaldiak bidea egitea “egiteko gaitza” zela pentsatu du gernika-lumotarrak: “Gaurkoan, ibilbidea ezagutzea ez zen nahikoa, ihesaldian aurrera egite aldera. Indarrak ez ditut oso alde eduki, baina ondo nekien neuzkan apurrak nun gastatu behar nituen. Alde muskularretik ere, ezin izan dut egoerarik onenean lehiatu; dena dela, Healyk gaur egindako erakustaldiaren aurrean, ez dago aitzakiarik“. Lehen kilometroetatik, EF Education Easypost taldea eta Healy bera bere gurpilaren zelatan sumatu ditu Bahrain Victoriouskoak: “Igarri dut ni hurretik zaintzen zebiltzala. Argi nuen etapa garaipena oso garesti ipiniko zidala Healyk; gaur, zaleen konbentzimendua neurea baino handiagoa zen, eta bultzada ederra eman didate”.
“Zaleen konbentzimendua neurea baino handiagoa zen, eta bultzada ederra eman didate”
Bihar [apirilak 12] geldituko da gurpilen jirabira, Eibarren hasiko eta bukatuko den etapa gogorrean. Lasterkariek zazpi mendate puntuagarriri aurre egin beharko diete: lehen mailako hiru, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako beste hiru. Sailkapen orokorrerako oilarrek, ondobidean, etapa lehiaren oilatokian mokoka egon beharko lukete. Hala denbora aldetik, nola sentsazioei dagokienez, Almeidak eta bere taldekideek edukiko dituzte bai hautagaitza, bai presioa. Bestalde, Lea-Artibaitik igaroko da berriro Itzulia; Izua eta Trabakua mendateen tartean, txirrindulariak birritan pasatuko dira Etxebarritik zein Markina-Xemeindik.
SAILKAPENAK
Etapa sailkapena.
1. Ben Healy (EF Education Easypost)
2. Axel Laurance (Ineos Grenadiers)
3. Simone Velasco (XDS Astana)
4. Alex Aranburu (Cofidis)
5. Romain Grégoire (Groupama-FDJ)
6. Maxim Van Gils (Red Bull-Bora Hansgrohe)
7. Paul Miquel (Kern Pharma)
8. Jordan Jegat (TotalEnergies)
9. Clément Champoussin (XDS Astana)
10. Guillermo Tomas Silva (Caja Rural-Seguros RGA)
Sailkapen orokorra.
1. Joao Almeida (UAE Team Emirates-XRG)
2. Maximilian Schachmann (Soudal Quick Step)
3. Florian Lipowitz (Red Bull-Bora Hansgrohe)
4. Ilan Van Wilder (Soudal Quick Step)
5. Mattias Skjelmose Jensen (Lidl-Trek)
6. Wilco Keldermann (Visma Lease a Bike)
7. Alex Aranburu (Cofidis)
8. Enric Mas (Movistar Team)
9. Simone Velasco (XDS Astana)
10. Steff Cras (TotalEnergies)

























































































































































































































































































