Pantailaldia: hamar egunez, pantailetan ere, euskaraz bizitzeko erronka
Maiatzaren 6tik 14ra egingo dute euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea da helburu duen erronka. Pantailak Euskaraz mugimenduak agenda proposamen bat egin du.

Pantailak Euskaraz mugimenduak Pantailaldia antolatu du bigarrenez, duela bi urteko harrera beroa eta gero. Euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko ariketaren bigarren aldi hau, hain zuzen ere, maiatzaren 6tik 14ra egingo dute, Euskaraldia hasi aurretik, hain justu.
Euskaraldiaren testuinguruan, horren sinergiak aprobetxatzeko asmoz antolatu dute helburu bikoitza daukan ekimena: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea du helburu, eta, bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea. Hala, Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu izango du aurtengo leloa ekitaldiak.
Mota guztietako pantailetan (telebista, streaming plataformak, zinema, sare sozialak edo bideo jokoak) euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronak da Pantailak Euskaraz-ek herritarrei luzatu diena: hau da, hamar egunez, pantailetan ere, euskaraz bizitzeko erronka.
Euskarazko hedabide digital askoren babesa izango du, eta jadanik irekita dago bertan herritarrek izena emateko epea: pantailakeuskaraz.eus/pantailaldia web orrian izena eman datieke, maiatzaren 6a bitartean. Formularioan datuak bete eta bidaltzea besterik ez da behar.
Edozein herritarrek izango du Pantailaldian parte hartzeko aukera, izan ere, aipatutako erronka betetzea izango da helburua, eta, euren bizipenen berri sare sozialetan zabaltzea ere bai, #pantailaldia traola erabilita. Izan ere, parte hartzaile guztiei, behin izena emanda, profil irudi bat (sare sozialetan jartzeko), euskarazko ikus-entzunezko baliabide digitalen zerrenda eta agenda proposamen bat luzatuko diete, “erronka errazago betetze aldera”.
Agenda zabala.
Agenda proposamena zabala izango da. Ekimenekin hasteko, maiatzaren 6an (martitzena), 20:00etan Bilboko Kafe Antzokian, Kneecap telesail irlandarra eskainiko dute euskaraz azpititulatuta, azpitituluak.eus ekimenaren kaguntzari esker. Beste egunetan, gainera, euskarazko edukiak sareetan kontsumitzeko hainbat gomendio egongo dira, esaterako, maiatzaren 14an, Urak eginen du bide dokumentala —euskarak pantailetan dituen erronkei buruz hitz egiten du— emitituko dute 20:00etan, Iparraldeko Kanalduden eta 22:00etan Hamaika Telebistan.
Agendako ekintzen parte izango dira, baita ere, protestak. Maiatzaren 10ean, zapatuan, herriko zinemetara joan eta euskarazko eskaintzarik ez badago Euskararen telefonoa webgunearen bitartez dagokion salaketa jartzeko eskaera egin dute. Horrez gain, Pantailaldiak iraun bitartean, euskal kulturgintzako hainbat erreferentek euskara eta pantailekin dituzten bizipenak partekatuko dituzte sare sozialetan, euskarak aurrera egin dezan ikus-entzunezkoek eta pantailek duten garrantzia jendartean zabaltzeko helburuz. “Izan ere, gaur egungo mundu digitalean, pantailak dira hizkuntza eta kulturaren transmisiorako bitarteko nagusia”, esan dute antolatzaileek.
2022an egin zuten lehen edizioa, eta 500 herritarrek eman zuten izena. Eta, ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela ekimenari esker, eta %64ak edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela Pantailaldiak. “Aurtengoan, parte hartzaile kopuru hori gainditzea izango da erronka”.