'Elanchove': ozeano ilunaren hondotik, etxera
1936ko urriaren 25ean modu zinez misteriotsuan hondoratutako ‘Elanchove’ lurrunontziari buruzko erakusketa ontziari izena ematen dion tokira iritsi da: Elantxobera. Irailaren 21era arte bisitatu ahalko da, eta bihar [apirilak 12] inauguratuko dute.

Misterioa. Horixe da Elanchove baporearen hondoratzea taularatzean azaldu ohi den terminoa. Sasoi latzean joan zen itsas hondora. 1936ko urriaren 25ean hala espainiar, nola euskal herritar egoera politikoa ezin urduriagoa zen. 36ko gerran bete-betean murgilduta, Elanchove Arroxela pareko uretan desagertu zen, portu hartatik ehun itsas miliatara. Eskifaiaren parte ziren Busturialdeko nahiz Lea-Artibaiko hainbat marinel.
Hondoratzearen inguruko azalpena ozeanoa besteko iluna izan da hamarkadak joan, hamarkadak etorri. Iluntasun horri argi printzak botatzea du asmo ontziari buruzko erakusketak: Elanchove izena jarri zion tokira bueltan da, Elantxobera; bihar [apirilak 12] bertan egingo dute erakusketaren inaugurazioa, 12:00etan, Gorgonio Renteria Kultur Etxean, eta irailaren 21era arte ikusgai egongo da.
Bizkaiko Merkataritza Ontzidiko Kapitainen Elkarteko lehen emakumezko kapitaina, Idoia Ibañez Ozores, dago proiektuaren buruan
Kapitainaren loba izan zen egun erakusketa denaren hazia landatu zuena. Senidea Bizkaiko Merkataritza Ontzidiko Kapitainen Elkarteagaz hartu-emanetan ipini zen, eta elkarte hartako lehendabiziko emakumezko kapitaina, Idoia Ibañez Ozores barakaldoztarra, arduratu zen langaiari buruzko lehen artikuluak idazteaz, Recalada izeneko elkartearen aldizkarian. Gaiak, baina, “askoz gehiagorako mamia” zuela argitu du Ibañezek.
Iaz, aldizkariaren 40. urteurrena tarteko, beren ibilbideko artikulu esanguratsuenak biltzea erabaki zuten, eta halaxe berreskuratu zuten Elanchove-ren hondoratzea jorratzen zuena. Berreskuratu ez ezik, gertaerari buruzko konferentzia eman zuten Bilboko Itsas Museumean. Bertaratu zirenen artean, antolatzaileen harridurarako, zendutakoen “senide pila bat” zegoen, denak ala denak “informazio eskean”.

Itsas Museumean emandako konferentzia.
Hildakoez gain, biziraun zuen marinel bakarraren senitartekoak ere bertaratu ziren. Jesus Betanzos Perez galiziarra izan zen, 26 orduz ohol bati helduta egon ondoren erreskatatu ahal izan zutena. Konferentzia hartan, gainera, Elantxobeko herritarrak ere egon ziren: “Azaldu ziguten harrigarria zela, ontziak herriaren izena edukita, beraiek haren berri ez izatea”. Halaxe antolatu zuten erakusketa. Plentzia izan zen bere lehen portua. “Hurreratu ziren herritarrek egundoko interesa erakutsi zuten”, adierazi du kapitainak.
Hondoratzearen teoriarik hedatuena denboraleak kroskoan eragindako zuloa den arren, egun hartako eguraldi iragarpenak “apartak” ziren
Baina zer gertatu ote zen?
Hainbat dira hondoratzea azaltzera datozen teoriak. Hedatuena denboraleak kroskoan eragindako zuloa da. Eguraldi iragarpenak, halere, “apartak” ziren. Ibañezek, era berean, ontziaren egoera “nabigatzeko egokia” dela aurreratu du: “Han-hemen entzundakoa gorabehera, dokumentazio guzti-guztia distiratsu zuen”.
Idoia Ibañez Ozores: “Ustezko erasoaldi militar baten teoriak gaur egun ez daude inondik inora ziurtatuta”
Beste aukera norbaiten erasoa jasan izana litzateke, eta teoriak hortxe daude, puri-purian: batetik, ur haietan alemaniar presentzia ei zegoen, zenbait itsas historialarik urrian presentzia hura “oraindik ez zela iritsi” dioten arren; bestetik, baporea Bigarren Errepublikaren jabetzakoa zen, alegia, oraindik indarrean zegoen kolore politikoarena. “Ustezko erasoaldi militar baten teoriak gaur egun ez daude inondik inora ziurtatuta”, dio Ibañezek.
“Elanchove-ren eskifaia gerra heroiz beteta zegoen; edozelan ere, etxeetan gaia isilpean mantentzeko hautua hartu zuten, ondoriozko errepresioaren beldurretan”
Dokumentazio pilaketa izan da atazarik gaitzena. Biziraun zuen pertsonaren eta konpainia armadorearen testigantzak izan dira jasotako bakarrak, orduko aseguru etxeen agiriez edota urteen poderioari aurre egin dioten “dokumentu murritzez” gain. Plentziako geldialdian, senideen “hunkidura sakona” igarri zuen Ibañezek. Izan ere, erregimenak memoria historikoaren eta kolektibizazioaren “ezabaketa” txukun asko egina zuen: “Elanchove-ren eskifaia gerra heroiz beteta zegoen, eta haietako askok sariak ere jasoak zituzten; edozelan ere, etxeetan gaia isilpean mantentzeko hautua hartu zuten, ondoriozko errepresioaren beldurretan”.
“Sasoiko prentsa txatalak, argazkiak, ontziaren maketak, senideen ohar oso tristeak, hilberriak, eta abar luze bat edukiko du erakusketak”
Isiltasun horri aurre egitea eta, batez ere, senideei “zor zaiena” ematea du helburu erakusketak. “Denetarik” edukiko duela iragarri du Ibañezek: “Sasoiko prentsa txatalak, argazkiak, ontziaren maketak, senideen ohar oso tristeak, hilberriak, eta abar luze bat”. Informazioren bat duten marinelen nondik norakoak “fitxa batzuetan” aurkeztuko dituzte, baita eskifaiaren parte zen emakumezko bakarrarena ere: “Bernardina Gelpi Toimil zen, lehen makinistaren emaztea”. Ez hori bakarrik: salbamendu txalupa hondoratu zen unean bertan zeuden sei marineletako lau zeintzuk diren jakitera ere iritsi dira; hori ere argituko dute.
Bestalde, Ibañezek gaineratu du atal berezia sortu dutela, “herriko edo inguruko” marinelei eskainia: “Herritarren harridurarako, asko eta asko ingurukoak ziren, eta elantxobetar ugarik ez dute beren berri”. Izen-abizenen zerrenda txundigarria da: kapitaina bera, Fernando Abaroa Zarraonandia, lekeitiarra zen; bigarren eta hirugarren ofizialak, hurrenez hurren, elantxobetarra eta ibarrangelutarra; kontramaisua, erdi galiziarra, erdi elantxobetarra; arotza, ibarrangelutarra; hirugarren makinista, lekeitiarra; etxezaina zein eltzezaina, ostera, muxikarrak.
Herria, beharrezko konplize.
Herritarren laguntza aintzatetsi asmoz, haiek egindako ekarpenak ere erakusketan daude: “Elantxobetarren interesa eta ilusioa egundokoak izan dira”. Halaber, Ibañezek Gerraren Txokoa izeneko espazioa ere prestatu du: “Bertan, gerra eta itsasoa barnebiltzen dituzten elementuak daude, batik bat, minen edota bonben irudiak, alor hartan ospea harturiko sasoiko militarren inguruko informazioa, gerra- edo torpedo-ontziei buruzkoa, baita aldi hartan hainbat ontziri artilleria zelan eta zer dela-eta ipini zieten azaltzen duena ere”.