Duela 12 urteko sutea oinarri, udalaren historia omentzeko
Duela 12 urte Bermeoko Alde Zaharra suntsitu zuen sutea gogora ekarri eta udalaren historia omendu dute gaur, udalarentzat lan egin duten alkate eta zinegotzi guztiei aitortza eginez.

2013ko apirilaren 11 bermeotarrek egutegian gorriz markatutako eguna da. Izan ere, duela 12 urte, gaurko egunez, herriko Alde Zaharra erre zen. Sute batek hartu zituen Bermeoren oinarriak; alegia, “herriko udaletxea eta haren funtzionamendua ere kaltetu zituzten” sugar haiek. Horrela azaldu du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak gaur burutu duten ekitaldi berezian. Ekitaldian herriaren historia eta sutearen arrastoak izan ziren hizpide, baina ez zen oroimenerako, aitortzarako eta eskertzarako tarterik falta.
1979az geroztik udaletxean lan egin duten alkate eta zinegotziak bertaratu dira, beraz, sutearen urteurrenean, udaletxe berritura. “Bermeok bere erreferente nagusietako bat galdu zuen”, gaineratu du Nemehk. Hala ere, nabarmendu du Bermeok sekula ez duela amore eman, eta urteotan egindako “lan kolektiboaren balioa” azpimarratu du: “Guk badakigu beltzean badagoela berdea, eta errautsean ernea”. Bide batez, urte guzti hauetan udalaren eguneroko funtzionamendua posible egin duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie. Udal langileak aipatu ditu bereziki, euren “lan isila eta etengabeko konpromisoa” nabarmenduz.
Eskertzarako tartearekin jarraituz, herritarrak ere aipatu ditu alkateak, “erakutsitako pazientzia, laguntza eta konfiantzagatik”. Gainera, argi adierazi du, Bermeok ez duela sekula funtzionatzeari utzi, udalaren historian parte hartu duten guztiei esker. Halaber, “herritarren etxe” gisa definitu du udaletxe berritua: “Hau zuen etxea da, izan zen, eta izango da beti“. Eraikin berria ezagutarazteko asmoz, ekitaldia bisita gidatu batekin amaitu dute. “Udaletxea zaharberritzeko proiektua Begoña Tavera eta Ramon Garay arkitektoek abiatu zuten, eta haiek zendu ondoren, Arkaitz Izarra arkitektoak eta Alexander Aranburu aparejadore bermeotarra arduratu ziren lanari jarraipena emateaz”, adierazi du Nemehk.
Gauzak horrela, bisita Izarra arkitektoaren eskutik egin dute bertaratutakoek, eraikinaren inguruko azalpen guztiak entzunez. Izarrak historiaren eta gaur egunaren uztarketa aipatu du eraikinaren ardatz bezala, eta azaldu du, “Bermeoko historian zehar herriaren ikur esanguratsuak izan direnak eraikin berrituan presente izatea oso garrantzitsua” zela. Horren erakusletzat jarri ditu eraikinaren teilatuan ikusten den sarea, eta udaletxeko ate nagusian bereizi daitezkeen ezaugarriak: San Juan portaleko atea, arraun bat eta olatuak, hurrenez hurren.
Ez da bakarra izan. Bermeoko Herri Babesako boluntarioek ere izan dute hitza, goizean. Horregatik, Jon Ojanguren Herri Babesako koordinatzaileak, suteko goizaldea ekarri du gogora, eta udalerriko eta Alde Zaharreko egungo “beharrizanak eta erronkak” aipatu ditu, duela hamabi urteko irudiak eta bideoak erakutsi dituen bitartean. “Ez da Bermeon gertatzen den lehenengo sutea, izandako sute guztiek ia Alde Zahar guztia suntsitu dute. 1297, 1347, 1360, 1422, 1503 eta 1722. Urte horietan guztietan izan dira suteak herrian, eta horietako bakoitzak gure historiaren zati bat erre izan du. Horregtaik, gaur egun Bermeoren historiaz ez dakizkigun gauzak daude, eta egongo dira”.
Goizeko 03:15. Ordu horretan erregistratu zen duela hamabi urteko sutea, Ojangurenen hitzetan. “Hasieran Alde Zaharreko bi eraikin hartu zituen, baina haize indartsua zegoen, eta sutea hedatu egin zen”. Horrelakorik errepikatu ez dadin, beharrizan eta konponbide bat zein beste mahaigaineratu ditu koordinatzaileak, eta alkateak “apuntatu” egin ditu, jarraian. Herri Babesaren eguneroko lana aipatu du, beregain, Nemehk: “Beti daude Bermeoren beharretara, eta zelan ez, sutea itzaltzeko lanean ere parte hartu zuten”. “Gaurko eguna memoria, konpromisoa eta komunitatearen batasuna ospatzeko eguna da”, esan du, bukatzeko, herriko alkateak.