Eskualdeko arazoen aurrean Pasealekua hartuko dute
Gernika-Lumoko Egurre Gazte Asanbladak egun guztiko egitaraua prestatu du zapaturako (apirilak 12). Herrian eta eskualdean identifikatu dituzten arazoen aurrean zeresana dutela adierazteko asmoz hainbat ekintza antolatu dituzte.

Gernika-Lumoko Egurre Gazte Asanbladak zapaturako (apirilak 12) egitaraua prestatu du Pasealekuan, eskualdean identifikatu dituzten arazoen aurrean “kaleak hartzeko”. “Eskualdean garatazen diren politikak ez daude gazteoi bideratuta, edo ez dago fokurik gazteengan jarrita. Eta beraz, ez dago gazteentzako etorkizunik. Herrian gertatzen dena, gainera, Euskal Herri osoan gertatzen ari da”, azaldu dute gazte asanbladako kideek. Horren adibide argitzat dute, besteak beste, Guggenheim Urdaibai proiektua. Izan ere, “herriaren turistifikazioak gazteak inongo etorkizunik barik” utziko dituela esan dute.
Bide batez, herrian ematen ari den “indarkeria matxistaren normazilazioa” salatzeko prestatu dute zapatuko egitaraua: “Geroz eta eraso gehiago ari dira ematen gure inguruan, eta gainera, horietako asko zalantzan jartzen dira”. Gainera, “joera erreakzionarioak gorantza” doazela nabarmendu, eta kostako pareta askotan “pintada faxistak” agertu direla azaldu dute. Hori ardatz izanik, Inposatu nahi dozkuen Gerniken aurrien, gaztiok kaliek hartu! lelopean antolatu dute zapatuan, goizean hasi eta egun guztian zehar iraungo duen egitaraua.
Mahai-inguruagaz emango diote ekimenari hasiera, alegia. Gaztetxeen eta gazte asanbladen beharrizana izenpean, Kaletik gaztetxera, Etxarri II gaztetxea, Siberia gazte langileon asnablada, Kiñu gaztetxea eta Burlatako gazte asanbladako kideak izango dira Gernika-Lumon, 12:00etatik aurrera. Bazkariarekin jarraituko dute eguna, aipamen berezia eginez: “Herriko gazteak, adin desberdinetakoak batzeko unea izaten da, eta ikusten dugu Gernika-Lumon hori nolabait haldu egin dela. Gazteon arteko bazkariek eta Gazte Egunak berak ere indarra galdu dute gurean, eta hori berriz bultzatzea gustatuko litzaiguke”. Hala, bazkarirako tiketak Katu Tabernan ala sare sozialen bidez (@egurregazteasanbladie) eskuratu daitezkela gogoratu dute.
Arratsaldean ere jarraituko du giroak Pasealekuan; 16:00etan Manex Astigarragaren eskutiko monologoaz gozatzeko aukera izango da, eta ondoren, 17:00etan Bafle poteoan batuko dira bertaratutakoak, I am GIZ-en eskutik. Hori gutxi balitz, musika izango da egun osoko egitarauari amaiera emango diona, Zea Mayseko Aiora eta Pitiren eta Peio eta Garraioren kontzertuekin.
Herritarrei animatzeko deia zabaldu diete Egurre Gazte Asanbladako kideek beregain, “gazteok batzeko eta herrian eta eskualdean dauden arazoen ignuruan hitz egiteko eta antolatzeko” asmoz antolatu duten egitarauaren parte izatera. “Beste mota bateko aisialdi jarduera bat izan daiteke zapatukoa, eta ondo egongo litzateke ahalik eta jende gehien biltzea”.
EGITARAUA
Apirilak 12, zapatua.
12:00. Mahai-ingurua: Gaztetxeen eta gazte asanbladen beharrizana.
14:30. Bazkaria.
16:00. Monologoa; Manex Astigarraga.
17:00. Bafle poteoa.
Ostean. Kontzertuak