Ariatzako eskola zaharra berrituko du Muxikako Udalak
Eraikina berritzeko eta hori egungo beharrizanetara egokitzeko eraberritze proiektua onartu du udalak, eta hori urte amaierarako amaituta egotea espero dute.

Ariatzako eskolako eraikina guztiz berrituko du aurten Muxikako Udalak. Auzoko bizitza kulturalaren erdigune da eskola zaharra, eta denbora darama itxita, teilatuaren egoera txarragatik. Hori dela eta, eraikina berritzeko eta hori egungo beharrizanetara egokitzeko eraberritze proiektua onartu du udalak. Hala, lanak gaur esleitu dituzte, eta orain, hiru asteko epea izango du enpresak dokumentazioa aurkezteko. Behin hori eginda, sei hilabeteko epean gauzatu beharko du obra, aurreikuspenen arabera. Hala, aurtengo urte amaierarako obra guztiak amaituta egotea espero dute.
Teilatua egoera txarrean dago eta berritu egingo dute, baina gaur egun dagoen sabai faltsua kendu egingo dutela jakinarazi dute udal arduradunek, gela nagusiak altueran irabaziko duela esanda.
Teilatua berritzeaz gain, barruko gelen berrantolaketa gauzatuko da. Hala, egungo areto nagusia handitu egingo dute, atzeko gelari zati bat kenduta. Beraz, gela nagusiak gaur duena baino leiho bat gehiago izango luke. “Hori eginda, lekua irabazten dugu ekitaldiak egiteko. Barruko gelari kentzen diogu tokia, baina gela hori orain arte batzarrak egiteko edo zenbait ikastarotarako erabili izan da. Hala, izango duen azalera nahikoa izango da horretarako”, azaldu du Begoña Enbeita Muxikako alkateak.
Hala ere, atzeko gela horri ez diotela atea kenduko esan du, antzerki talderen batek behar izanez gero, eszenatokiaren atzean aldatzeko lekua izango lukeelako.
Aldatuko dutena, baina, gela ondoan dagoen biltegia izango da. Orain dagoena baino txikiagoa izango da gerokoa; hala ere, biltegiratzeko lekua egongo da eskola zaharrean, ze gaur egungo korridore nagusia dena biltegia izango da obra amaitutakoan. “Hor gauzak uzteko lekua egongo da”, gehitu du.
Sarrera nagusia ez da aldatuko, baina eskumako aldean ere beste sarrera bat egingo diotela gehitu dute udal ordezkariek. “Gaur egun egurrak uzten diren espaloia handitu egingo da, eta hortik sartzeko aukera ere egongo da; antzerkiak egonez gero seguruagoa izango da hortik sartu-irtenak egitea, bidetik urrunago geratzen baita”, azaldu dute. Gainera, bi sarrera izateak pribatutasuna ere eskainiko die erabiltzaileei, areto nagusian ekintzaren bat egonez gero, eskumako aldetik sartu ahalko direlako herritarrak, inor molestatu edo erditik pasatu behar izan barik.

Ariatzako eskolaren plano berria.Muxikako Udala
Komunak gaur egun dauden tokian geratuko dira, baina irisgarriak egingo dituzte.
Aldaketa guzti horiek eginda, areto nagusia handitu egingo da, eta altzari berriez beteko dute. Hala, erabilera asko eskaintzen dituzten egurrezko moduluak ekarriko dituzte, modulu horien bidez eszenatokia sor daitekeelako, baita gradak egin ere. Hala, eszenatoki berriak 100 edo 120 ikuslera arteko emanaldiak eskaintzeko aukera eskainiko du. “Erabilera handikoak dira, ez dute pisu askorik, eta nahi izanez gero, bankuak ere egin daitezke”.
Eskolaren kanpoaldea, berriz, berdin geldituko da, margotu egingo duten arren. Gainera, esan dute eskolara sartzeko giltz elektronikoa jarri gura dutela: “Giltza kentzeko asmoa dugu, eta giltz elektronikoa jartzea. Hori, gainera, herriko beste instalazioetan ere egin gura dugu (frontoietan edo kiroldegian, kasu), herriak gitz beragaz funtzionatu dezan”.
Diru kontuei dagokienez, obrak 247.000 euro inguruko kostua dauka, baina udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, 154.000 euro ingurukoa. Beraz, aurrekontuaren zati handi bat diruz lagunduta dago.
Gaur gaurkoz, eskola zaharra herriko eragileen gauzekin beteta dago, eta, udaletik jakinarazi dute, obrak hasi aurretik eragileei deialdia luzatuko dietela, horiek ateratzen joateko.