"Mundiala" izan da Batbigu jai batzordearen jaia
Giro paregabean bildu ziren errigoitiarrak zapatuan, Ikuilun. Batbigu jai batzordearen jaia ospatu zuten, eta bertan sortutako giro bikainak hirugarren jai batean begirada jartzera animatu ditu arduradunak.

Batbigu jai batzordearen jaian 200 lagun inguru elkartu ziren zapatuan (apirilak 5) Ikuikun, eta antolatzaileek esan dute “mundiala” izan zela festa. “Itzel pasatu genuen, mundiala izan zen eguna”, azaldu dute.
Belaunaldi arteko jaia izan zen zapatukoa, gazte, nagusi zein helduenentzako ekintzak barnebildu zituena, izan ere, antolatzaileen helburua izan da denentzako festa egitea. Gainera, ideologi guztietakoak bildu zirela ere nabarmendu dute, ideologi guztietako jendea baitako taldean. “Giro bikaina eduki genuen, eta oso ondo pasatu genuen eguna”.
Hala, ekintza guztien artean abarka eta txapel jaurtiketek izan zuten arrakasta azpimarratu dute jai batzordekoek, jende asko lehiatzera animatu zela adierazita.
Aurretik, baina, Elizaldetik Maiagara joan ziren martxalariak, handik berriro bueltan Elizaldera hurbiltzeko. Martxa erraza izan zen, eta, bueltan, pintxoak izan zituzten aukeran. Gaztetxoenak, gainera, talo tailerrean entretenitu ziren: “Taloen tailerrak arrakasta izan zuen gazteenen artean, eurak egindako talkoak jateko aukera izan baitzuten, eta asko gustatu zitzaien”. Egonaldia Etxebarria aita-semeek musikatuko zuten eta bertsolariak ere bikain aritu ziren. Paella janera, berriz, 100 lagun geratu ziren, giro “guztiz sanoan, euskaldunean eta bertso girokoan”.
Hala, jai batzordearen lehenengo jaia arrakastatsua izan bazen, hau “mundiala” izan dela diote, eta hirugarrena antolatzeko prest ere badaude; dagoeneko irailean jarri dute begirada. Izan ere, zapatuan sortutako giroak horretarako indarra eman die. Hala ere, uste dute ez dela erraza izango zapatukoa baino jai hobea egitea, hori “bikaina” izan zelako.
Jai batzordekoek, gainera, Ikuilu elkarteari bere prestutasuna eskertu diote, asko lagundu baitiete: “Elkartea utzi diote jai batzordeari horrelako jai bat egiteko, ezelako interesik barik gainera, eta hori eskertzekoa da”.