Mundaka bandera bategaz itzuli da Bizkaiko Batel Txapelketatik
Sestaoko uretan lehiatu den Bizkaiko Batel Txapelketan aritu dira eskualdeko arraunlariak asteburuan. Mundakak gizonezko haur mailan bandera eskualdera ekarri du, eta gizonezkoen absolutu mailan, Bermeo bigarren sailkatu da.

Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko arraunlariak Sestaoko uretan aritu dira asteburuan. Zapatuan [apirilak 5] sailkapen estropadan aritu eta gero, atzo [apirilak 6] Bizkaiko Batel Txapelketa lehiatu zuten, eta denetariko emaitzekin itzuli ziren etxera. Elantxobetarrek lau batel uretaratu zituzten, bermeotarrek hiru eta mundakarrek, berriz, bost. Azkenak, mundakarrak izan dira eskualdera bandera bat ekarri dutenak, gizonezkoen haur-kategorian nagusituta.
Kimu mailakoak izan ziren uretaratzen lehenak, eta talde mistoetan Itsasoko Amak 02.31,56ko denboragaz lortu zuen garaipena. Mundaka eta Elantxobe laugarren eta bosgarren postuetan sailkatu ziren, santurtziarren markatik urruti. Mundakarrak 02.50,12 eta 03.19,49ko denboran gelditu zuten erlojua, eta elantxobetarrak 48 segundora, 03.19,49ko denboragaz. Maila berean, Elantxobeko emakumezkoak hirugarren sailkatu ziren (02.56,86), Isuntza eta Ondarroaren atzetik.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Haur mailako proba mistoan bigarren postua lortuta itzuli ziren etxera Bermeo Arraun Taldekoak. Itsasoko Ama nagusitu zen, baina hiru segundora, Bermeo eta Isuntsaren arteko lehia estua egon zen: 05.19,70 denboragaz bukatu zuten estropada bermeotarrek, lekeitiarrek baino 38 ehunen azkarrago. Emakumezkoetan baina, Isuntzak bereganatu zuen bandera (05.03,74), eta mundakako arraunlariak bosgarren postuagaz konformatu behar izan ziren, erlojua hamabost segundoko aldeagaz gelditu baitzuten (05.18,75).
Gizonezkoen kategoria horretan baina, Mundakarrek asteburuko emaitza onena lortu zuten: lehenengo sailkatu ziren, 04.39,58ko denboragaz, eta banderagaz bueltatu ziren etxera. Lehia erabat estua izan zen, izan ere, bigarren sailkatuak, Kaikuk, 70 ehunen gehiago baino ez zituen behar izan proba amaitzeko (04.40,28).

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Ondarroa eta Isutzaren atzetik gelditu zuten erlojua Elantxobek eta Mundakak emakumezkoen kadete mailan. Ondarroak 07.35,60 behar izan zituen orotara, lekeitiarrek baino 55 ehunen gutxiago. Elantxobe berriz 14 segundora iritsi zen (07.49,46), eta Mundaka 18 segundora (07.53,88). Gazteteen mailan berriz, Mundaka Arraun Taldeko neskak bosgarrenak izan ziren, Deustu baino 45 gehiagoko denboragaz (10.55,48).
Zierbenak aparteko nagusitasuna erakutsi zuen gizonezkoen 23 urte azpiko proban, 09,11,85ko marka ezarrita. Elantxobetarrak laugarren sailkatu ziren (09.30,90), Isuntza eta Itsasoko Amaren atzetik.
Bermeo izan zen absolutu mailetan ordezkaritza izan zuen eskualdeko talde bakarra. Emakumezkoetan Ondarroa (10.02,45) nagusitu zen, erlojua gelditzen laugarrenak izan ziren bermeotarrak (10.23,01) baino 20 segungo azkarrago gelditu baitzuen denbora Ondarroak. Gizonezkoen taldeak, bestalde, Zierbenakoekin izan zuen lehia, baina ziabogaz ziaboga tartea handituz joan zen Zierbena. Hala, 08.49,11ko denboragaz bandera Zierbenara joan zen, eta bermeotarrak (08.59,73) bigarren postuagaz konformatu behar izan ziren.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak