Geratzeko berpiztu dute Gernikako Milia
636 korrikalari bildu zituen zapatuan (apirilak 5) Gernikako Miliak, eta arrakasta "biribila" izan dela ondorioztatu dute Gernika Atletismo Taldeko antolatzaileek.

Aurrera eta atzera, leku batetik bestera, korrika aritzeko zirkuituaren inguruan, edo barruan. Ehunka gazte ibili ziren herenegun (apirilak 5) Gernika-Lumoko San Juan kalean, aurrera zein atzera. Eta arrazoia, bakarra: Gernikako Milia. Guztira 636 korrikalari bildu zituen kirola eta aisialdia uztartzen dituen aurtengo hitzorduak, eta arrakasta “biribila” izan dela ondorioztatu dute Gernika Atletismo Taldeko antolatzaileek: “Iaz arrakastatsua izan zen ekimena, baina, aurten, are arrakasta handiagoa izan du. Kalea jendez gainezka egon da arratsalde osoan, eta eguraldia ere lagun izan dugu. Egun zoragarria izan da eta lasterketa hau berpiztu egin da geratzeko”. Hala, herri ekimena egunen batean herriaren bihotzera itzultzea espero dute arduradunek, ekitaldi historiko bezain kulturala delako.
Eta, horrelako ekitaldi batek haurrengan zelan eragiten duen erakusteko asmoz, arduradunek esan dute iazko Gernikako Miliaren ostean asko izan zirela irailean klubean izena eman zuten gazteak: “Haur asko iazko lasterketan konturatu ziren kirol hau zenbat gustatzen zaien. Eta, ez hori bakarrik, urte osoan ekitaldi honi buruzko iritzi positibo asko jaso ditugu bai gurasoen bai ikasleen partetik, gogotsu zeudela esanez. Batzuetan haur bat zoriontsu ikusteko modua bilatzen “.
Hain zuzen ere, aurten, iaz baino eskola gehiagok parte hartu dute: Seber Altube Ikastolak, Allende Salazar Herri Ikastetxeak, Mertzede Ikastetxeak, San Fidel Ikastolak, Barrutia Eskola Publikoak, Urretxindorra herri eskolak eta Haizeder herri eskolak.
Nagusien lehia sendotuz.
Hala, aurten lasterketa txikienengan finkatzen saiatu dira antolatzaileak, baina, era berean, nagusien lasterketa ere indartu gura izan dute, onlineko izen emate ireki eta doakoagaz eta garaikurrekin. Hala, maila oso oneko zenbait atletak parte hartu dute, Judith Otazuak eta Inma Ruizek, esaterako.
Hala, emakumezko absolutuetan, eurak izan ziren onenak: Otazua helmugaratu zen lehenengo, Ruiz bigarren eta Ester Zarandona hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Andoni Irazusta izan zen azkarrena, eta gertutik jarraitu zioten Unai Lobatok eta Patrik Saituak.
18 urtez azpikoetan, Maren Martitegik eta Irati Fernandezek egin zuten markarik onena, eta mutiletan, Amets Mantzizidorrek. 16 urtetik beherakoen artean, Amaia Feijoo eta Aiza Beaskoetxea izan ziren onenak nesketan, eta Daniel Gutierrez, berriz, mutiletan.
Jatorria.
Urte batzuetako etenaldiaren ostean lekualdatuta bueltatu zen iaz Gernikako Milia herrikoia. Izan ere, hitzorduak 1984an du oinarria, Aldaba aldizkariak ekimena aurrera eroatea erabaki zuenean. Hala ere, 2019az geroztik eta pandemia tarteko, antolatzeari utzi zitzaion. Baina iazko neguan, ikastetxeak atletismo klubagaz batu ziren milia herrira itzultzeko asmoa agertuz, eta herriak “ekitaldi historikoa faltan botatzen zuela atzemanda”, atletismo taldeak Aldabakoen lekukoa hartu zuten, “emaitza bikainagaz”. Gainera, aurtengo 37. edizioak Gernika Atletismo Taldearen 10. urteurrenagaz bat egin du, eta ekimenak “inoiz baino biziago” jarraitzen duela erakutsi dute.































































