Memoria "egunero" jorratzera datorren egitaraua
Gernika Memoriaren Lekukok Gernikako bonbardaketaren 88. urtemuga egitaraua argitara eman du. Hilaren 8an ekingo diote lehen ekimenari, eta egitaraua maiatzaren 3ra arte luzatuko da.

Apirila bertaratzeagaz batera, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrenari dagokion egitaraua plazaratu du, gaur [apirilak 5] Gernika-Lumoko Pasealekuan egin duten aurkezpen agerraldian. Bonbardaketaren “egun seinalatuaren efemeridea” hurreratzen dagoen heinean, egitarau “zabala” argitara eman du herritar plataformak. Memoria lanketaren egunerokotasuna azpimarratu dute plataformakideek: “Memoria egunero egiten dugu denok; nondik gatozen adierazten digu, baina zer garen ere esaten digu”.
“Mundua begiratzeko” jarduera hori elkartasunean egiten eta egingo du plataformak: “Justizian, ahotsa altxatzean, beharrezkoa den une, arrazoi eta aldi guztietan”. Hala, palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko tartea ere hartu dute: “Gu beti Palestinarekin egongo gara, eta bere aurkako genozidioa beti gogoratuko dugu, Israelgo estatu historiaren lekurik ilunenera eroan dezan”.
“Gu beti Palestinarekin egongo gara, eta bere aurkako genozidioa beti gogoratuko dugu, Israelgo estatu historiaren lekurik ilunenera eroan dezan”
Aurtengo egitaraua ontzerakoan, funtsezko alderdi biri erreparatu diote. Alde batetik, eragile arteko saretzeari. Urtero-urtero egin legez, “eragile gehiagok” parte hartu dute egitarauaren ehuntzean. Horietako batzuek ekimen propioz dihardute; beste urte batzuetan Zine Klubak egin izan du, eta aurten Ernaik halaxe egingo du. Horiekin batera, senidetzeekin elkarlanean antolatutako proiektuak ere ahotan eduki dituzte, kasurako, Lleidako nahiz Markinaldeko eragileekin eginikoak. Beste alde batetik, Gernika Batzordeak eta Gernika Garretan Kultur Elkarteak bonbardaketa eguneko hiru ekintzarik esanguratsuenak taldelanean antolatu izana nabarmendu dute. Hiru jarduerok sirenaren aktibazioa, herri antzerkia eta kandelen ibilbidea dira. Lehen biak plaza horretan bertan egingo dituzte, eta hirugarrena bertatik abiatuko da.
Gernika Deialdiaren horma irudia baliatuz, “kohesio handiagoa” eman gura izan diete egitasmo guztiei. Irudi hori, batik bat, 2003an nahiz 2011n erabilitakoa da: lehen aldian, Irakeko gerraren aurkako aldarri modura; bigarrenean, ostera, Gazako Askatasunaren Flotillarekin elkartasun ekintza egiterakoan. Horrekin guztiorrekin, “inperialismo berrien erabaki politikoei eta erabaki horiek sorrarazitako egungo gerrei ezezko biribila” eman gura izan diete, eta “memoria egiten” segitzeko hautua berretsi dute.
Jardueraz josita.
Urteurren egitaraua apirilaren 8an abiatuko dute, 19:00retan udaletxearen aurrealdean egingo duten Palestinaren aldeko elkarretaratzearekin, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak antolatuta. Hurrengo egunean [apirilak 9] Astra kultur faktoriara lekualdatuko dute fokua. Han, Urko Mantzizidor Torrontegi idazle mundakarrak bere azken eleberria, Gernika, día de mercado izenekoa, jendaurrean aurkeztuko du, Ipesek atonduta eta ordu berean.
‘Emakumeak 1931-1939’ argazki erakusketa maiatzaren 4ra arte egongo da ikusgai
Hilaren 22an, Elai Alai areto txikian Emakumeak 1931-1939 argazki erakusketa inauguratuko dute, maiatzaren 4ra bitartean ikusgai egongo dena. Gainera, Iñaki Berazategi kazetariak berbaldia emango du. 20:00retan, Lizeo Antzokian Bernhard Wickik 1959an ekoitziriko Zubia filma proiektatuko dute. Ez da Zine Klubak aurtengo aldirako prestatu duen filma bakarra izango, hurrengo egunean [apirilak 23] Elem Klimoven 1985eko Sarraskia izenekoa eskainiko baitute.
Gernikaren eta Markinaldearen arteko ahaidetzea are agerikoago bihurtuko da apirilaren 25ean: 18:00retan, Markina-Xemeingo udaletxeko osoko bilkura aretoak Gernika-Markinaldea Senidetze agerraldia hartuko du. Gainera, Sabin Ibazeta plataformakideak Gernika laborategi esperimentala izeneko unitate didaktikoa plazaratuko du. Sarek antolatuta, Pasealekuko eskaileretan kokatuko da hilabetearen azken barikuko Etxera elkarretaratzea, 20:00retan.
Sinn Feineko ordezkari irlandarrek aktibatuko dute Pasealekuko sirena
Apirilaren 26az.
Bonbardaketaren 88. urtemuga 4 minutuko isilaldi eta geldialdiagaz hasiko dute. Hain zuzen, herritarrei deialdia egin diete, egun horretan beraien balkoietan ikurrina eta xingola beltza ipini dezaten. 15:45ean, Merkurion elkartuko dira herritarrak. Entzungo duten sirena hotsa Pasealekutik etorriko da, Sinn Feineko ordezkari irlandarrek aktibaturik; Astran ere aktibatuko dute, Lobaken eskutik. 21:00retan egingo dute urteroko kale antzerki herrikoia: Gernika Garretan. Antzezlanaren ondoren ekingo diote kandelen ibilbideari, Gernika-Lleida Senidetzea-Agermanament Ateneu La Baularekin. Eguneko ekimen sorta osatzeko, 22:15ean, Ernaik antolaturko gazte agerraldia egingo dute, Auditorioan.
Maiatzaren 3an, Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna tarteko, Merkurion izango dute hitzordua, 13:00etan. Egun horretan, bestalde, Estepan Urkiaga Basarats Lauaxeta-ren jaiotzaren 120. urteurrena ere beteko da; hori ere omenduko dute.
EGITARAUA
Apirilak 8, martitzena.
19:00. Palestinaren aldeko elkarretaratzea, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak antolatuta.
Apirilak 9, eguaztena.
19:00. Urko Mantzizidor Torrontegiren Gernika, día de mercado liburuaren aurkezpena, Astran, Ipesek antolatuta.
Apirilak 22, martitzena.
19:00. Emakumeak 1931-1939 argazki erakusketa, Elai Alai areto txikian, Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta (maiatzaren 4ra arte ikusgai).
Ondoren. Iñaki Berazategi kazetariaren berbaldia, Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta.
20:00. Zubia filma, Lizeo Antzokian, Zine Klubak antolatuta.
Apirilak 23, eguaztena.
20:00. Sarraskia filma, Lizeo Antzokian, Zine Klubak antolatuta.
Apirilak 25, barikua.
18:00. Gernika-Markinaldea senidetzea, Markina-Xemeingo udaletxeko bilkura aretoan, Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta.
Jarraian. Sabin Ibazetaren hitzaldia, Gernika laborategi esperimentala unitate didaktikoa aurkezteko, Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta.
20:00. Azken ostiraleko Etxera elkarretaratzea, Pasealekuko eskaileretan, Sarek antolatuta.
Apirilak 26, zapatua.
15:45. Lau minutuko isilunea, Merkurion.
15:45. Sirena hotsa, Pasealekuan, Gernika Batzordeak antolatuta.
15:45. Sirena hotsa, Astran, Lobakek antolatuta.
21:00. Gernika Garretan kale antzerkia, Pasealekuan, Gernika Garretan Kultur Elkarteak antolatuta.
21:30. Kandelen ibilbidea, Pasealekutik hasita, Gernika Batzordeak antolatuta.
22:15. Gazte agerraldia, Auditorioan, Ernaik antolatuta.
Maiatzak 3, zapatua.
13:00. Lauaxetaren jaiotzaren 120. urteurren ekitaldia, Merkurion, Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta.











