Heriotzari bizitza, injustiziari oroimena
Point de Graveko guduaren 80. urteurrenean, bertan borroka egindako Gernika Batailoia gogoratu dute gaur [apirilak 5], Pasealekuan egin duten ekitaldian.

Heriotza, bizitza. Dena emandakoei, dena buelta ematea. Gernika Batailoian zendutako gudariei omenaldia egin diete gaur [apirilak 5], Gernika-Lumoko Pasealekuan. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Eusko Jaurlaritzarekin eta Gernika-Lumoko Udalarekin elkarlanean antolatutako omenaldi agerraldian parte hartu dute politika, gizarte eta kultur alorretako ordezkari publikoek, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria buru dela.
1945eko apirileko Point de Graveko guduaren 80. urteurrenaren aterkipean, “totalitarismoaren aurkako ekina” nabarmendu dute, “demokrazioaren eta bakearen” aldeko egitasmoan. Gernika Batailoia kolore politiko ezberdinetako gudariek osatu zuten, askatasunaren eta giza eskubideen defentsa ardatz. Hori horrela, Gogora Institutuaren zuzendari Alberto Alonsok azpimarratu du Euskal Herriak irudikatzen dituen “esanahiekin” bat datozela hala batailoia bera, nola gaurko omenaldi jarduera: “Herri honek aniztasunarekiko nahiz diferentziarako eskubidearekiko duen konpromisoa bistaratzen du, zutabe nagusia demokraziaren zein askatasunaren defentsa baita”. Memoria demokratikoa eraikitzen jarraitzeko beharrizana nabarmendu du zuzendariak, batailoi horrekiko oroitzapenak beregain duen iraganerako bidaiak “etorkizuneko herritarrak eraikitzeko” balio duela aintzatetsita.
“Urrats bat aurrera” egitea erabaki zuten herritarren garra gogoratu gura izan du Pradales lehendakariak. “Gaur, geure herriaren sinbolo den udalerri honetan, bistaratu gura dugun garrantzitsuena da milaka euskal herritar egon zirela, batailoiko kideak bezalaxe, demokraziaren, giza eskubideen eta askatasunaren alde bizitza arriskatzeko prest“. Horretarako, atzera begiratzeko gonbita luzatu die bertaratutako herritarrei, baita batailoiko partaide izandakoen senideei ere: “Euskadin gerra galdu ondoren ere, gure herriak demokrazia eta giza eskubideak defendatzen jarraitzeko adorea eduki zuen Europan”.
Imanol Pradales: “Diktadurak eta erbesteak ahulduta, lankidetzan aritzeko eta antolatzeko gai izan zirenei den-dena zor diegu”
Gaineratu du batailoiak “egoerarik dramatikoenean eta ohiz kanpokoenean” ere, totalitarismoari aurpegia erakusteko gaitasuna izan zuela: “Diktadurak eta erbesteak ahulduta, lankidetzan aritzeko eta antolatzeko gai izan zirenei den-dena zor diegu“. Iraganetik orainera jauzia emanda, argitu du gudari haiek gogoratzeko eta omentzeko modurik eraginkorrena “beren sakrifizioa baloratzea eta babestea” dela: “Europa baketsua, oparoa eta demokratikoa zuten jomuga. Helburu horri eutsiz, lanean irmo jarraitu behar dugu gaur ere, boladan dauden diskurtso populisten eta autoritarioen gainetik, harresiak jaso eta hesiak eraiki nahi dituztenen gainetik, baita indartsuenaren legean oinarritutako mundu ordena defendatzen dutenen gainetik ere”.
Koloreen gudarostea.
Gernika Batailoia garaiko behin-behineko gobernuak sortu zuen, ANVko militante Kepa Ordokiren gidaritzapean. Talde hura denetariko alderdi politikoetako nahiz sindikatuetako kideek osatua zegoen: plurala, koloretsu eta anitza zen ideologikoki. 1945. urteko apirilean, Libertad batailoi espainiarrarekin auzolanean aritu ziren; beste batailoi hura ideologia anarkistadun militante errepublikar espainiarrek barnebiltzen zuten.
Gernika Batailoiko bost gudarik galdu dutzen bizitza Point de Graveko batailan, eta beste 35 zauritu egin zituzten
Médoc eskualdeko Point de Graveko guduan, alemaniar posizioen kontra borroka egin zuen Gernika Batailoiak. Guztira, bost gudarik bizitza galdu zuten, eta beste 35 zauritu zituzten. Zendutako bost borrokalariak Felix Iglesias Mina atarrabiarra, Juan Jose Jausoro Sasia alonsotegiarra, Antonio Lizarralde Garamendi durangarra, Antonio Mujika Arrizabalaga donostiarra eta Prudencio Orbiz Uranga villabonarra izan ziren.
30 inguru izan dira gaurkoan Gernika-Lumora bertaratu diren gudarien ondorengoak, hunkituta eta eskertuta agertu direnak. Besteren artean, hauexek: Txomin Arruti, Gotzon Arrutiren loba; Joserra Atorrasagasti, Jokin Atorrasagastiren semea; edota Koro Mujika, Antxon Mujikaren loba. Beren testigantzak jendaurrean plazaratu ostean, ohorezko aurreskuaren ondoren, lore eskaintza sentikorra egin diete hildako bost eusko gudariei beren senideek nahiz bertaraturiko ordezkaritza zabalak.
Bestalde, Gernika Batailoia liburua ondu duen Franck Dolosor kazetari eta idazlea ere ekimenean egon da, liburuaren nondik norakoak azalduz. Pasarte historikoa nahiz oroimen jarduera paperera zelan eroan duen argitu du lapurtarrak.





















































































