Ricardo Abaunza erakusketa gela inauguratu dute
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak erakusketa gela eraberritu du eta zuzendari ohi den Ricardo Abaunza izenarekin inauguratu dute. Erakusketez gain, askotariko ekintzetarako lekua ere izango du.

1987. urtean hartu zuen Ricardo Abaunzak Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendari kargua. Hala izan da, gainera, duela zazpi urtera arte. 2018ra arte. Kultura oinarri izan du beti Abaunzak, eta artea, bere osotasunean hauspotzea izan du jomuga. Urtez urte artista gernika-lumotarrak egindako lana balioan jarri, eta eskertza gisa hartu dute aukera Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeak.
Bere izena “100 urtez, edo gehiagoz” herrian presente egongo da gaurtik aurrera, herriko alkate den Jose Mari Gorroñok nabarmendu bezala. Horregatik, kultur etxeko erakusketa gela eraberritzeak nolabaiteko aitortza egiten dio zuzendari ohiari. Lanak bukatu dituzte, erakusketetarako prest utzi dute, askotariko ekintzetarako gela gisa ahalbidetu dute gela zabaltzearen esker, eta gainera, Ricardo Abaunza erakusketa gela gisa izendatu dute. Gaur (apirilak 4) inauguratu dute, oro har, hurbilekoen eta udal ordezkarien artean.
Cristina Arana da 2018az geroztik Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendaria, eta bera izan da inaugurazioa aurkeztu duena: “Guk, gela eraberritu behar zela ikusi genuenean, ez genuen zalantzarik izan. Gela berri horrek bere izena izan behar zuen, halabeharrez”. Izan ere, “etengabeko lanaren aitortza” gisa hartzen du kultur etxeak izendapena. Abaunza, halaber, zalantzati agertu da. “Ez zait erakusketa gelei pertsonen izenak jartzea gustatzen, orokorrean. Horretarako toponimoak erabiltzearen zale naiz, eta ez izen propioak. Ez dira egokiak, nire ustez. Baina oso eskertuta nago, nitaz oroitzeagatik, eta erakusketa gelak aurrera jarraitzeagatik”, gaineratu du Abaunzak.
Inaugurazioaren atzeko lana azpimarratu du, hain zuzen ere, egungo kultur etxeko zuzendariak. Hala, kultur etxeko langileez oroitu da lehenik, “eguneroko lanagatik”. Udaletxeko langileak ere ez ditu ahaztu, bide batez: “Gernika-Lumoko Udalarekin lan hau aurrera eramatea oso erraza izan da. Jose Mariren konfidantza eta laguntza osoa izan dugu lehenengo momentutik, eta gauza guztiak gure erara antolatzen utzi digu”. Gorroñok, berriz, egungo zuzendariak “Abaunzak noizbait izandako ideiak” plazaratu zizkiola azaldu du, eta horrekiko “zalantza gutxi” izan dituela esan du.
Lehen erakusketa. Gelaren inaugurazioaz gain, TRISKANTZATIK ESPERANTZARA. GUZTION ONDAREA II erakusketa hartu du lehenengoz, gela berrituak. Gernikako-Udalak beregain dituen artelanez josi dute, beraz, erakusketa gela. Hala nola, eskualdeko hainbat artisten lanak lehenetsi dituzte; Luis Iriondo, Nestor Basterretxea, Ricardo Abaunza bera, edota Jose Antonio Uriguen.
Urigueni aipamen berezia egin diote, alegia, bera ere bertaratu delako erakusketa gelaren inauguraziora, beste batzuren artean protagonista izan den goizean. Aurkezpena egin duten tokiko atzekaldeko artelana berea dela nabarmendu eta horrekiko azalpenak eman ditu zuzendari ohiak: “Jose Antoniok beti lotu du Gernika-Lumoko bonbardaketa suarekin, eta hori islatzen du argiki, atzean dugun lanak. 2 urte zituenean bizi zuen bonbardaketa, eta oraindik ere sugarra da momentu hartaz pentsatzean burura datorkiona. Bere lanak bereziak dira niretzat, eta Gernika-Lumorentzat”.
Atzerriko artisten lanak ere jaso ditu Ricardo Abaunza erakusketa gelak, eta horren isla ira Willian Kelly, Alex Carracosa, David Asthon, Rolf Erkens, Giussi Naletto edo Wernfried Poschusta. Guzti horietaz akordatu da Abaunza, banan-banan lanen azalpen txikiak eman dituen bitartean.






















