Herritarren kezkak azaltzeko bilera eskatu diote Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari berriari
Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak Bilboko Guggenheim Museoaren kanpoaldean elkartu dira gaur goizean, Miren Arzallus Loroño Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Orokor berriaren lehen aurkezpen publikoan.

Miren Arzalluz Loroñok Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari orokor kargua hartu zuen herenegun [apirilak 1], eta gaur [apirilak 3] izan du bere lehen aurkezpen publikoa. Bertara hurbildu dira Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak, museoan “garai berri bat” zabaltzen dela aprobetxatuta, zuzendari berriari bilera bat eskatzeko eskari formala luzatzeko.
Plataformako kideek zehaztu dutenez, Imanol Pradales Lehendakariak martxoaren 13an New Yorken esandakoek, eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak Faktoria saioan adierazitakoek “ezinbestean” daramatza Arzalluzengana. Izan ere, Lehendakariak Guggenheim Urdaibai proiektuak Guggenheim Bilbao Museoaren “etorkizunari eragin eta baldintzatuko duela” ziurtatu zuen. Ahaldu nagusiak, bestalde, Bilboko museoa “autonomoa” dela zehaztu zuen: “Guggenheim Bilbao Museoa autonomoa da Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan erabakitzeko”.
Hala, Etxanobegaz, Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiagaz izandako bileren “eredu berdina” jarraituta, Arzalluzi Busturialdeko herritarrek dituzten kezkak helarazi, eta “plataformak duen ikuspuntua zein den azaldu” nahi dizkiotela zehaztu dute Guggenheim Urdaibai Stopetik. Gainera, “agintariek Guggenheim Urdaibai proiektua ezagutzen ez dutela diotenez, eta azken erabakia Guggenheim Fundazioaren esku utzi dutenez”, museoko arduradun berriari horren webgunean dagoen proiektuaren gaineko informazioa eskatuko diotela zehaztu dute.