Batbigu jai batzordearen jaian bilduko dira Ikuilun
Jai batzordekoak zein herritarrak bilduko dira zapatuan Errigoitiko Ikuilun, "herrikoak, bizilagunak eta ideologia desberdinetakoak", jai batzordearen jaia ospatzeko asmoz. Eta, ondo pasatzeko denetariko ekintzak antolatu dituzte.

Batbigu Jai Batzordearen jaian elkartuko dira errigoitiarrak etzi (apirilak 5) Ikuilun, eta herritarrei jai egunaz gozatzera bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Izan ere, herrikoi guztiei gatza eta piperra jartzen urte askoz lan egin ostean, gaur egun udalak kudeatzen ditu jai horiek, eta jai batzordekoek euren lekua edo jaia ospatzeko helburuz antolatu dute bigarrenez Batbigu jai batzordearen jaia. “Urteetan herriko jaiak antolatzen aritu gara, baina udal aldaketagaz, esan ziguten eurek antolatuko zituztela jaiak aurrerantzean, eta herriko jaiak antolatu ezin ditugunez, guk gure jai propio bat izatea bermatu nahi genuen”, azaldu dute. Hala, Ikuilu elkarteagaz elkarlanean, zapaturako jaia prestatu dute.
Iazko jaia “oso arrakastatsua” izan zen, eta aurtengorako ere berdina espero dute. Jai batzordekoak zein herritarrak bilduko dira zapatuan, “herrikoak, bizilagunak eta ideologia desberdinetakoak”. Eta, ondo pasatzeko denetariko ekintzak antolatu dituzte.
Mendi martxa “errazagaz” hasiko dute eguna, Elizaldetik Maiagara eta handik Elizaldera buelta egingo baitute; iaz 40 lagun bildu ziren, eta aurten ere antzeko zeozer espero dute. Gero, talo tailerra egongo da aukeran. Taloak egin, eta horiek erre eta jan egingo dituzte, txosna eta pintxoak ere ez baitira faltako. Gainera, bertsolariak ere bertaratuko dira, eurenean presente egoten baitira beti.
Taloen ostean, paella dastatuko dute bertaratzen direnek, eta egonaldia Etxebarria aita-semeek musikatuko dute. Apustuetarako tartea ere egongo da, pernilak zenbat pisu daukan asmatzeko tartea ere hartuko baitute bertaratzen direnek, eta, erronkekin jarraituta, txapel eta abarka jaurtiketan abilena nor den jakiteko aukera ere izango dute. Zehaztu dutenez, antolatzaileek jarriko dute materiala, eta parte hartzaileek ez dute ez txapelik ez abarkarik eroan beharko.
Hori bai, jaia goi-goitik ospatzeko asmoz, buruan apaingarriak jantzita bertaratzeko deia egin diete herritarrei: dela txanoa, dela ileordea, direla antenak…
EGITARAUA.
10:30. Mendi buelta: Elizalde-Maiaga-Elizalde.
12:30. Talo tailerra.
13:30. Bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi eta Asier Legarreta.
15:00. Bazkaria: Paella.
17:00. Txapel eta abarka jaurtiketa.
Ostean. Dj / Karaokea.
Egunean zehar. Etxebarria aita-seme trikitilariak, txosna eta pintxoak, pernil pisaketa eta talde argazkia.