"Kantuetan gizabanakoaren introspekzioaz hitz egiten dugu"
Calathea taldeak bigarren EPa kaleratu du: ‘Flowers & Knives’. Lan berrian post hardcore eta screamo estiloetara "gehiago hurbiltzea" bilatu dute, eta lehenengo erantzuna "oso ona" izan da.

Pandemia garaian jaio zen Calathea, irakasle batek Musika Hezkuntzako ikasleak ziren Igor Jauregi bateria jotzailea (Galdakao, 2002) eta Asier Cantabrana (Galdakao, 2001) gitarra jotzailea batu zituenean. Taldea sortu nahian zebiltzala egin zuen bat Oier Alberdi (Ereño, 1999) abeslariak galdakoztarrekin. Geroztik, taldekide batzuen joan-etorria izan dute, baina Andoni Sierra (Gernika-Lumo, 1997) baxu jolearen eta Samuel Fernandez Samu (Cuchia, 2002) gitarra jotzailearen bat egiteagaz, “taldea egonkortzea” lortu dutela uste dute. 2022an Cries From the Heart argitaratu ostean, Flowers & Knives diskoagaz itzuli da post harcore taldea.
Lan berria argitaratu duzue. Nola definituko zenukete?
Diskoak post hardcorearen amorrua inguruneko pasarteen lasaitasunarekin konpentsatzen du. Zazpi kantu hauek akorde hunkigarriz, oihu melankolikoz, erritmo azkar eta astunez eta negar egiten duten gitarraz beteta daude.
EP bat da, baina zazpi pista ditu, iraupen luzeko lan baten mugan.
Iraupenaren inguruan sarri hitz egiten dugu. Hala ere, kantak osotasunean jorratzea eta euren arteko kohesioa lortzea izan dugu xede, ordena jarraituz, abesti bat aurrekoaren jarraipena balitz bezala. Gainera, musika estiloa aldatu ondoren argitaratzen dugun lehen lana denez, EP bat ateratzea ideia hobea iruditu zitzaigun guztioi, laburra izateak berriro entzuteko gogoa ematen duela uste dugulako.
“Post hardcore eta screamo estiloetara gehiago hurbildu nahi dugu, eta metalcore estiloko zatiak sakrifikatu behar izan ditugu”
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Gehienetan akorde edo melodia batetik hasten ditugu abestiak, edota bateria erritmo batetik. Batzuetan, abestiaren estruktura datorkigu burura, eta beste batzuetan, aurrera egiten dugu, otu ahala abestiari atalak gehituz, nora helduko garen jakin barik. Prozesu nahikoa abstraktua dela uste dugu, eta abesti bakoitza modu ezberdinean konposatu dugu. Hitzei dagokienez, kantuetan gizabanakoaren introspekzioaren inguruan hitz egiten dugu: tristura, mina, nostalgia, galera, alaitasuna eta bizitzaren dualtasuna lantzen dira, metafora eta irudien bitartez.
Lehenengo singlea, Tears, 2024ko apirilean argitaratu zenuten. Buelta asko eman dizkiozue diskoari?
Tears eta beste kantak batera grabatu genituen, nahiz eta argitalpenean denbora tarte handia egon. Konposatzean abestiak asko landu ditugula uste dugu. Gehienek aldaketa handiak izan dituzte, eta ia ez dute antzik lehenago egindako demoekin. Post hardcore eta screamo estiloetara gehiago hurbildu nahi dugu, eta metalcore estiloko zatiak sakrifikatu behar izan ditugu.

Calathea.SUTXART
Bi kolaborazio daude, Boneflower eta Vibora taldeekin. Ze garrantzia dute zuentzat?
Boneflower eta Viboraren eragin argia dugu bai konposizioan, bai soinuan, eta gure diskoan hainbat lanen ostean hobetzen jarraitzen duten bi talderen ahotsa izateak ilusio handia egiten digu. Ericekin (Boneflower) kontaktuan jarri, ideiak partekatu, eta, aste batzuetara, inoizko ilusio handiena egin zigun soinu pista jaso genuen. Viborarekin desberdina izan zen; Goiorekin hurbiltasun gehiago dugu, kontzertu askotan kointziditzen baitugu. Grabaketara gonbidatu genuen, Xanperen estudiora. Egunerokotasunean entzuten dugun ahotsa zuzenean entzutea momentu ederra izan zen.
“Astran eta Bermeon izateko aukera izan dugu, baina berriro ere etxera bueltatzeko gogotsu gaude”
Kontzertuak ematen ibili zarete. Ze feedback jaso duzue?
Erantzun ona jaso dugula uste dugu. Abesti berriekin oso eroso gaude eszenatokietan, eta horrek jotzen dugun bitartean asko mugitzeko aukera ematen digu, entzuleekin gehiago konektatuz.
Busturialdean jotzea gustatuko litzaizueke?
Busturialdetik kontzertu oso gutxi eman ditugu, nahiz eta bi taldekide bertakoak izan. Astran eta Bermeon izateko aukera izan dugu, baina berriro ere etxera bueltatzeko gogotsu gaude.
Ze plaza da zuentzat aproposa?
Plaza handi zein txiki, bi lekuetan ibili gara, eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Biak ditugu gustuko. Alde batetik, kontzertuetan asko mugitzea gustatzen zaigunez, eszenatoki handiak asko disfrutatzen ditugu. Bestetik, taberna edo gaztetxeetan ere jo izan dugu, eta jendearekin konektatzeko leku hobea da, hurbilagoa. Jendearekin hartu-emana indartzen saiatzen garenez, gure mezua transmititzeko lekurik aproposenak direla uste dugu.

Calathea.SUTXART
Nola dago hardcore eszena Euskal Herrian?
Eszena nahikoa polita dagoela uste dugu; astebururo dago zerbait, kontzertua hurbileko gaztetxe baten, Euskal Herriko hainbat herritan beste bizpahiru emanaldi… Eskaintza handia dago. Diskoaren kaleratze data ere bi talde handirekin partekatu dugu, Ondarroako Dena eta Madrilgo Crossed taldeekin. Hauekin Bilbon egongo gara, beraien birako lehen kontzertuan.
Ze erreferente dituzue?
Erreferentzia nagusiak Touché Amore, Deafheaven, Viva Belgrado eta Boneflower dira, baina baita Euskal Herriko Vibora, Ikarass eta Meltdown taldeak ere.
“Eszena osatzen dugun guztion artean zaindu behar dugula aldarrikatu nahi dugu”
Irratietan entzuten den horretatik urrun egon daitekeen generoa izanik, ze gerrantzia dute zuentzat, Gasteizen dagoen La Bola Loca bezalako irratsaioek, musika genero horri isla emateko?
La Bola Loca irratsaioan talde interesgarri eta berri asko gomendatzen dira, Euskal Herrikoak zein bestelakoak. Hardcore eszenari ikusgarritasuna ematen dion espazioa da, eta hori asko eskertzen dugu. Ez daude radioformulatik urruti dauden generoei aukera ematen dieten irratsaio asko, beraz garrantzi handia du guretzat.
Talde asko gune autogestionatuetan edota gaztetxeetan ikusten dira. Eszena aldatzen ari al da zuen ustez?
Eszena ziklikoa dela uste dugu, eta orain, pandemiako susperraldia gaindituta, talde berriak sortzen ari dira: abesti berriak kaleratzen dira denbora gutxiro, kontzertuak daude sarri… Esan daiteke badagoela zerbait. Eszena osatzen dugun guztion artean zaindu behar dugula aldarrikatu nahi dugu, musika komertzialetik urrun dauden genero musikalei espazioa egiten dien tokiak defendatuz.
“Ez dugu baztertzen ezagutzen ditugun hiru hizkuntzekin hara eta hona ibiltzea”
Bi disko eta euskarazko bi kanta. Euskarazko proiekturen bat egitea aurreikusi duzue?
Ez dakigu datozen abestiek ze forma izango duten: ate irekiak dira, eta atzean zer dagoen ez jakitea gustatzen zaigu, Hala ere, aurrera egin ahala, gure hizkuntzak gure musikarekin bat egingo duela uste dugu, Loratu Ezean abestian moduan. Gure bigarren singlea izan zen, euskaraz idatzi genuen osorik, eta haren bideoklipa Busturialdeko txoko polit batean grabatu genuen: Nabarnizko pagadi sekretu batean. Disko berrian, euskarazko pasarte bat gorde genuen, eta Goiori utzi genion zati hori idazten. Ez dugu baztertzen ezagutzen ditugun hiru hizkuntzekin hara eta hona ibiltzea.
Proiektuaren estetika asko zaintzen al duzue?
Gaur egun garrantzia handia ematen zaio estetikari eta guk ere begi zorrotzekin erreparatzen diogu. Musikaren mezua hobeto helarazteko balio du, bideo, irudi eta bestelakoen bitartez. Biziarazten ari zaizkigun testuinguru apatiko honetan, ideiak edota sentipenak azaleratzeko momentu guztiak aprobetxatu behar ditugu. Gainera, kontzertu batera hurbildu ez den norbaitek giroa zer-nolakoa den imaginatu dezake argazki batzuen bidez. Arlo honetan Sutxart dugu, diseinatzaile, argazkilari eta denaegile moduan.

Calathea.SUTXART
Diskoaren aurkezpen bira duzue aurretik, baina nola irudikatzen duzue Calathea etorkizunean?
Uda hasi baino lehen hainbat kontzertu ditugu Euskal Herritik eta Iberiar penintsulatik, eta espero dugu hurreko etorkizunean Europatik bira egitea. Mundu osotik biratzeko ametsa dugu.
“Mundu osotik biratzeko ametsa dugu”
Zein da zuen ametsetako eszenatokia?
Euskal Herriko eszenatokiez hitz egitean, kontuan izan behar dugu nondik gatozen: Bizkaiko lokal eta plaza askotan gozatu dugu musikaz. Horregatik, esperientzia pertsonalen araberako lekuak datozkigu gogora. Ametsetako eszenatokiak Bilboko Kafe Antzokia, Donostiko Dabadaba, Gasteizko Jimmy Jazz, Biarritzeko Atabal eta Gernikako Iparragirre direla esango genuke. Gure sustraia nolabait bertan dagoela jakinda, Gernikako jaietan jotzea gustatuko litzaiguke.