'Heisenberg' lana aurkeztuko dute Lizeo Antzokian
Naiara Arnedo eta Ramon Agirre protagonista dituen lana zapatuan [martxoak 29] 19:00etan hasiko da. Sarrerak salgai daude 12 eurotan, 9 euro Lagunentzat.

YONKIYOTanttaka antzerki konpainiak Heisenberg antzezlana aurkeztuko du zapatuan [martxoak 29], 19:00etan, Lizeo Antzokian. Sarrerak salgai daude 12 eurotan, 9 eurotan Lagunak txartela dutenentzat.
Naiara Arnedo eta Ramon Agirre ditu protagonista ikuskizunak. Heisenberg lanagaz, Simon Stephens sortzaileak gizakion arteko konexioa “zein ziurgabea eta komikoa” izan daitekeen erakutsi nahi du. Hain zuzen ere, Fernando Bernues zuzendariak nabarmendu du antzerkigile ospetsuaren bereizgarritasunik aipagarriena “bizitza arruntak ezohiko egiteko duen trebezia” dela: “Inteligentzia, samurtasuna eta oihartzun emozionalez josia dago bere idazkera”.
Bikote “bitxi garaikide” baten ustekabeko harremanean murgiltzen du istorioak ikuslea. Ziurgabetasunaren printzipioa 1927an formulatu zuen Werner Heisenberg fisikari alemanak, eta horixe hartu du oinarri egileak “ia antagonikoak diren bi pertsonaiaren arteko istorio berezia” garatzeko. Eszenaratzeari dagokionez, egileak “espazio biluzian” lan egitea proposatzen du: gutxieneko eszenografia elementuak erabiltzen dira.
Komedia erromantikoa
“Emakumea aldakorra, kartsua, dibertigarria eta, tarteka, iruzurtia da… Gizona hura baino dezente helduagoa da, lasaia, agian, baita aspergarria ere, txukuna eta sistematikoa, eta ez du itxaropen handirik berehalako etorkizunean. Baina biak elkartzean, emaitza komedia erromantiko harrigarri, eta ez oso ortodoxo bat izan daiteke”, azaldu dute sortzaileek.