"Hardcore estiloak bere sasoia duela uste dugu, ezin dela luzatu"
Bederatzi urteko ibilbidearen ostean, bidelagun izan dituztenekin gogoratu dira Revertt talde bermeotarreko kideak. Bihar (martxoak 29) "egun berezia" espero dute, azken kontzertua eskainiko baitute, etxean.

Revertt taldeko kideak 2016az geroztik aritu dira buru-belarri euskal hardcorra eta punka sustatzen; Europa osoan zehar utzi dituzte euskarazko letrekin jantzitako soinuak, alegia. Euskal Herrian sortu den hardcorrarekiko saretzea azpimarratuta, horrek jarrai dezan, “atzetik datozen belaunaldien beharra” nabarmendu dute. Bihar (martxoak 29) eszenatokiak agurtuko dituzte, etxean; Bermeoko Nuntxakun.
Zelan sortu zen Revertt?
2016an sortu genuen taldea, kuadrillako lagunen artean. Denbora asko pasatzen genuen Bermeoko skate pistetan, eta hortik jaio zen Revertt. Skatearekiko zaletasuna genuen, eta hardcore eta punk influentzia asko genituen inguruan; gu ere horretan hasi ginen, nolabait.
Zer dela eta erabaki duzue taldea uztea?
Guk uste dugu musikak, eta are gehiago hardcore estiloak, bere sasoia duela, ezin dela luzatu. Gure ustez, hardcore talde baten ezaugarri garrantzitsua gaztetasuna da. Eta argi dugu hobeto dela zapore on batekin amaitzea, beste hainbat urtetan jarraitzearren luzatzea baino. Ez dugu taldea uzten musikagaz nekatu garelako. Guk musika maite dugu, eta musika maitatzen jarraituko dugu. Baina zapore on horrekin amaitu ahal izateko momentua hau dela uste dugu, azken kontzertu bat eginez, etxean eta lagunekin.
Atzera begira, zelan baloratzen duzue taldearen ibilbidea?
Guztiz ona izan da. Perfektua. Ez dugu sekula musika formakuntzarik jaso, eta hala ere, Europa osoan zehar eskaini ditugu kontzertuak. Gure diskoak mundu erdian saldu dira, letrak euskaraz izan arren. Gure musika jotzearen truke, Frantzian, Belgikan eta Herbeheretan egoteko aukera izan dugu, besteak beste. Bederatzi urte hauen balorazio oso ona egiten dugu, zalantzarik gabe.
Heldu zareten puntura heltzea imajinatzen zenuten?
Noski ezetz. Lagunarteko berotasun horrekin hasi ginen musika egiten, baina gure buruetatik pasatu ere ez zen egiten etorkizunik. Oraina soilik zegoen; ondo pasatzea, eta lagun artean musikaz disfrutatzea.
“Pandemia garaitik gaur egunerako tarte horretan, Bermeon hiruzpalau talde berri sortu dira. Guztiak lagunak edo ezagunak: Puro Odio, Santa Cruz eta Ogro“.
Punk eta hardcorrean saretze bat osatu da eskualdean. Gernika-Lumoko Kolpeka taldeagaz egindako split-a horren erakusle da?
Bada bai. Pandemia garaitik gaur egunerako tarte horretan, Bermeon hiruzpalau talde berri sortu dira. Guztiak lagunak edo ezagunak: Puro Odio, Santa Cruz eta Ogro. Gernika-Lumon, berriz, Kolpeka. Kidetasun asko izan dugu beti eurekin, eta musikan ere sinergia asko. Beraz, esango genuke baietz, eskualdean sortu den punk eta hardcorrarekiko batasun horren erakusle dela split hori.
Nondik dator talde biak elkarrekin sortzearen ideia?
Kontzertu asko eman izan ditugu elkarrekin. Horrez gain, lagun handiak ere bagara. Gu baino gazteagoak izan arren, azkenaldian, Frantzia ingurutik kontzertu asko eman dituzte gurekin, adibidez. Hori ikusita, bakoitzak spliterako lau kanta sortzeko proposamena egin genien segituan. Hortik dator ideia, eta egia esan, oso erraza izan da.
Nola definituko zenukete lanaren emaitza?
Zaila da definizio bat bilatzea. Baina uste dugu musika estilo honetan euskarak leku zabala izan dezakeela erakusten duela emaitzak, eta are gehiago, bizkaierak ere baduela tokia industrian. Musika gogorra egin daiteke, bizkaieraz, eta urrun heldu. Hori erakusten du, gure ustez, split-ak.
“Familia eta lagun artean agurtuko dugu bihar, bederatzi urtez hain zoriontsu egin gaituen Revertt“.
Bihar azken kontzertua eskainiko duzue etxean, Nuntxakun. Aurreikuspena ona izan behar da, sarrera guztiak saldu dira-eta.
Horrela da, bai. Jendea harrien azpietan dabil biharko sarrerak bilatzen. Harrera oso ona izan du azken kontzertu honek, eta gu oso pozik gaude, noski. Egun berezia izango da; familia eta lagun artean agurtuko dugu bederatzi urtez hain zoriontsu egin gaituen Revertt.
Euskal Hardcorra deitzen da zuen lan luzeetako bat. Ildo horretatik, nola ikusten duzue hardcore eszena Euskal Herrian?
Hardcoreak Euskal Herrian momenturik hoberena duela pare bat urte izan zuen. Gaur egun oraindik mantentzen da, baina, gure ustez, atzetik datozen belaunaldiek horrekiko apustu sendoa egin ezean, hardcore eszenari Euskal Herrian ez zaio bide luzea geratzen, tamalez.
Zein etorkizun duela esango zenukete?
Musika gogorra egiten dutenak badauden arren, berez hardocre musika egiten duten taldeak gutxi dira. Eta daudenak, ez dira berriak. Beraz, ez diogu etorkizun freskorik ikusten, egia esan.
Zer egin hori aldatzeko?
Joerak aldatu: gazteei kontzertuetara joatera animatu, underground mundua ezagutarazi, eta aukera bat eman. Eta diskoak ateratzen jarraitu, hardcorra entzuteko aukera behintzat ez galtzeko. Bide batez, besarkada handi bat bidali nahi diegu bide luze honetan bidelagun izan ditugunei, hardcorra sustatzeko borondateagatik. Aupa Euskal Hardcorra!