Guggenheim Urdaibai Stopek entzute prozesuari buruzko kezka plazaratu du
Elixabete Etxanobek Bizkaiko Batzar Nagusien kontrol saioan egindako adierazpenen harira, Guggenheim Urdaibai Stop plataformatik "kezka itzela" dutela argitu dute, museo proiektuaren inguruko entzute prozesua dela eta. Agirre Lehendakaria Centerreri ardura eskaria bidali dio plataformak.

Iragan eguaztenean [martxoak 26], Gernika-Lumoko Batzarretxeak Bizkaiko Batzar Nagusien kontrol saioa hartu zuen eta, bertan jorratutako langaien artean, Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko entzute prozesua plazaratu zuten. Besteren artean, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak aditzera eman zuen herritarren entzute prozesu aktiboaren lehendabiziko “sentsazioek ez dutela bistaratzen proiektuaren kontrako oposizio monolitikorik”. Baieztapen horren aurrean, plataformakideek “kezka handia” agertu dute, haren atzean ezkuta litekeen informazioa dela eta.
Izan ere, entzute prozesua otsailaren 14an egin zen publiko, eta martxoaren 13an ekin zieten elkarrizketei. Horrenbestez, plataformak prozesuaren kudeaketaren entitate arduradunari, Agirre Lehendakaria Centerri, “ardura eskaria” bidali dio. Kideen arabera, azalpen posible bi daude, Etxanoberen esanen gerizpean: “ALCekin bilera egin genuenean, azaldu ziguten prozesuaren iraupena sei hilabetekoa izango zela, eta epemuga horren ostean jasoko zutela hala Bizkaiko Foru Aldundiak, nola Eusko Jaurlaritzak prozesuan bildutako narratiben feedback-a. Beraz, zein informazio du Ahaldun Nagusiak, baieztapen hori egiteko? Bada, batetik, zehaztutako metodologia errespetatu ez izana; bestetik, adierazpen horiek inongo oinarri errealik gabe egindakoak izatea”.
“EH Bilduren izenean elkarrizketak egindako herritar edo ordezkarien narratibak Bizkaiko Foru Aldundira nahiz Eusko Jaurlaritzara iritsi dira”
Era berean, Etxanobek EH Bilduren eskualdeko ordezkari politikoentzako berbak ere eduki zituen, iragan kontrol saioan: “Denek informazio gehiago eskatzen dute, baina ez dute proiektua bete-betean gaitzesten”. Horren harira, plataformak entzute prozesuaren narratibek jasoko duten identifikazioan ipini du fokua: “Entzute prozesurako zehaztutako metodologiaren arabera, herritarrei, beraien narratibak jaso ondoren, identifikazio kode bat ezarriko zaie. Baina zer gertatzen da ordezkari politikoekin? Edo EH Bilduko ordezkari politikoekin? Zein metodologia erabiliko dute ardura politikoak dituzten ordezkariekin?”. Horrekin, azpimarratu dute EH Bilduren izenean elkarrizketak egindako herritar edo ordezkarien narratibak Bizkaiko Foru Aldundira nahiz Eusko Jaurlaritzara “iritsi direla“.
Etxanoberen adierazpen publikoen larritasuna plazaratuta, plataformakideek salatu gura izan dute, adierazpen horiek egin ahal izateko, “beharrezkoa dela informazio jakin bat edukitzea, eta informazio horrek jatorri bat izan behar duela”. Egoera horren aurrean, azalpenak eskatu dizkio ALCeri, “plataformak berak eta prozesuan borondate onez parte hartzen ari diren herritarrek merezi baitute”.
ALCk azaldu du aurreikusten dituzten 1.000 narratibetatik 100 besterik ez dituztela jaso
Agirre Lehendakaria Centerren erantzuna.
Eskakizunaren aurrean, ALCek eta AC4k (Columbia University) argitu dute orain arte jasotako iritziak “ez dituztela agenteekin partekatu“; halaber, gaineratu dute oraindik ez dela “informazio horren gaineko azterketarik” egin. Aditzera eman dutenez, aurreikusten 1.000 narratibetatik 100 besterik ez dituzte jaso. Horrez gain, jasotako iritzi horien “literaltasuna modu anonimoan argitaratzeko konpromisoa” berretsi dute, eta prozesuan inplikatuta dauden eragile guztiei “errespetua eta pazienzia” eskatu diete.
Plataformak, bere aldetik, entzute prozesua “zaintzen eta fiskalizatzen” jarraituko du: “Prozesuan jende pila bat ari da parte hartzen, erabateko konpromisoz; beraz, prozesuari berari eta jende horri dagokion errespetua zor zaie“.