Morgak BKT txapelketako bigarren proba hartuko du
Datorren domekan [martxoak 30], Morgan lehiatuko dute Bizkaia Kopa Trail txapelketaren bigarren hitzordua. Mendi lasterketa luze zein laburrak, martxa luze eta laburrak eta txakur kros proba egingo dituzte.
Otsailaren 1ean Trapagarango Zugaztietan txapelketari hasiera aparta eman ondoren, Bizkaia Kopa Trail bigarren hitzordura iritsi da. Datorren domekan [martxoak 30], Morgan lehiatuko dute lehiaketaren bigarren etapa, goizetik eguerdira arteko egitarauagaz. Kirola eta aisialdia sustatzen dituen txapelketa da BKT, “maila guztietako” parte hartzaileei zuzendutakoa. Hain zuzen ere, mendi lasterketez gain, mendi martxak eta txakur kros proba ere barnebiltzen ditu. Domekan, diziplina horiek denak egongo dira: lasterketa luze eta laburra, martxa luze eta laburra eta txakur kros lasterketa.
09:00retan ipini dute hitzordua, lehendabiziko lasterketari, 20 kilometroko ibilbidea duenari, hasiera emateko. Korrikalariak abiatu bezain pronto, bost minutu beranduago, martxa luzeko ibiltariek ekingo diote bideari. Jarraian, txakur kros probaren txanda iritsiko da: txakurrak eta gidariak 09:45ean hasiko dira lasterka. Ibilbide laburra, 10 kilometrokoa, hautatu duten partaideak abian ipiniko dira, azkenik: lasterkariak, 10:00etan; martxalariak, 10:05ean.
Bestalde, antolakuntzak ibilbide luzeko lasterkarientzako mozketa orduak egongo direla aurreratu du. Hiru puntu eduki beharko dituzte kontuan. 11:30ak arteko tartea iango dute 10,5 kilometraje puntura iristeko; 12:30ak orduko egon beharko dira 15. kilometroan; helmugako kontrol itxiera, ostera, 14:00etan izango da.
Domekan, debekatuta egongo da Athletic kalean aparkatzea
Dortsalak jasotzeko, proben irteera orduak baino lehen herriko pilotalekuan ipiniko duten gunera bertaratu beharko dira parte hartzaileak; “sasoiz bertaratzeko” eskatu dute antolatzaileek. Frontoian egongo dira, hain zuzen ere, dutxak. Irteera eta helmuga eremuan mahuken espazioa eta hornidura postua jarriko dituzte. Era berean, iragarri dute “guztiz debekatuta” egongo dela domekan Athletic kalean aparkatzea, probak hasieran eta amaieran inguru horretatik pasatuko baitira.
Ibilbideei buruzkoak.
Ibilbide luzeak 750 metro positiboko desnibel metatua edukiko du. Bidezidor eta mendi bide gorabeheratsuak uztartuko dituzte bai korrikalariek, bai ibiltariek. Lehen zatiaren koskarik esanguratsuena bosgarren kilometroan topatuko duten gaina izango da, Eskerika auzo inguruan. Edozelan ere, kilometroek aurrera egin ahala, 557 metroko garaieraraino igo beharko dira: Kurtziagagana eta Bizkargi mendietara. Azken hori izango da lasterkarientzako azken azterketa. Azken kilometroak Aretxabalaganera jaitsiz eta Okoriko auzoan barrena egingo dituzte.
Martxa eta lasterketa laburreko nahiz txakur kros lasterketaaren ibilbideak desnibel metatu apalagagoa edukiko du: 10 kilometrotan 270 metro inguru pilatuko dituzte. Aretxabalagane izango da harrapatuko duten punturik altuena. Proba denetan jatekoa zein edatekoa edukiko dute mendizaleek, hainbat anoa postutan banatuta.
Morgakoa lehiaketaren bigarren etapa izango da, eta beste lau geratuko zaizkio, urtean zehar
Tragaparanez eta Morgaz gain, ondorengo udalerriek osatuko dute 2025eko txapelketa egutegia: Loiuk, apirilaren 28an; Arrietak, irailaren 21ean; Laukizek, azaroaren 2an; eta, azkenik, Ispasterrek, abenduaren 28an.