Lurgozo bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek
Kontsumo ekologikoaren aldeko Lurgozo elkarteak 18 urte beteko ditu aurten, eta horregatik, ate irekien jardunaldia antolatu du zapaturako (martxoak 29); 11:00etan Ajangizko hornitze guneko (Mendieta auzoa, 67 behea) ateak zabalduko dituzte, herritarrek gunea ezagutu eta elkartearen antolamenduari buruz gehiago jakiteko. Hala, herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Bisitatuko duten hornitze gune horretan garbiketa, higiene eta kosmetika produktuak dituzte, “denak arreta handiz” aukeratutako produktu natural eta osasuntsuak dira: “Gehienek ekoetiketa ofizialen bermea dute, eta ahalik eta jatorri hurbilena izaten dute”. Produktu horiez gain, liburutegi “zabal eta interesgarria” ere eskuragarri dute Ajangizko egoitzan.
Izan ere, elkartea inguruko kontsumitzaile eta ekoizle baserritarrek osatzen dute, ez dauka irabazi asmorik, eta erabaki “garrantzitsuak” asanblada bidez hartzen dituzte: “Ajangizko Udalak laguntzen digu ekonomikoki eta egoitza eskainiz. Trukean, ajangiztar denek elkartean debalde izena-emateko aukera dute”.
Lurgozoren helburuek berdinak izaten jarraitzen dute hornitze guneko ateak zabaldu zituztenetik; duela 18 urte zabaldu zituen ateak, eta bi urtez Gernika-Lumon egon eta gero, 2009tik Ajangizen daude. Hala, lurraren osasunaren alde ekiteko helburua dute, “nekazaritza ekologikoaren printzipioetan oinarritutako elikaduraren alde eginez, pestizidarik eta tratamendu kimikorik bariko nekazaritza bultzatuz eta kontsumitzaileen interesak defendatuz”. Gainera, nabarmendu dute natura eta herriak kontuan hartzen dituzten produktuen kontsumoa suspertzea bilatzen dutela herritarren artean, Urdaibaiko Biosfera Erreserban nekazal merkatua bultzatuz. Lurraren erabilera egokia, bere ezagutza, errespetua eta aprobetxamendu naturala kontuan hartzen dituzten aktibitateak suspertu gura dituzte jendartean, baita osasunagaz eta bizi osasuntsuagaz lotutako edozein berri ezagutu eta zabaldu ere, hitzaldiak, argitalpen edo beste edozein bitarteko erabiliz: “Diruaren eta baliabideen erabilera modu arduratsuagoan eta solidarioagoan eraikitzeko ideia ere bultzatzen dugu”.