Jasangarritasunagaz lotutako prestakuntza-esperientziak eskainiko dituzte Ekoetxean
etxEKO familiak: Energia positiboa tailerra emango dute domekan [martxoak 30], 11:00etan, Ekoetxea Urdaibain. Familiei zuzenduta dagoela esan dute, eta 6 urtetik aurrerakoekin parte hartzeko egokia dela. Parte hartzeko izen eman behar da ( 2 euro) ekoetxea.eus webgunean.
Jasangarritasunarekin lotutako «gai giltzarriei» buruzko prestakuntza-esperientzien lehen saioa izango da. Hiru esperientziako zikloan, parte-hartzaileek berrerabilpenean, kontsumo arduratsuan, eraginkortasun energetikoan eta biodibertsitatean gaitasunak eskuratu ahal izango dituzte: “Dibertsioa eta ikaskuntza ziurtatuta egongo dira, eta ziur gaude etxEKO familiak zikloko gure esperientzietan hamaika ideia aterako direla bizitza jasangarriago bat eramaten lagunduko diguten elementuekin betetzeko”. Domekakoa energiari buruzkoa izango da, apirilaren 27an kontsumoa eta hondakinak izango da gaia, eta maiatzaren 25eko saioa bioaniztasunari buruzkoa izango da. Hiru esperientzietan parte hartzen duten familiek birziklatutako plastikozko botilekin egindako motxila jasoko dute.
Energia-kontsumoaren gaia jolas eta tailer txikien bidez landuko dute etzi, eta egunerokotasunean etxeetan hobekuntzak nola aplikatu daitezkeen ikusiko dute: “Izan ere, energia kontsumoa da klima aldaketaren eragile nagusietako bat, bere sorreran CO2 kantitate handiak askatzen baitira atmosferara. Gainera, energia horren guztiaren zati handi bat etxebizitza eta merkataritza eraikinek kontsumitzen dute”.