Euskaraldiaren hamaika enbaxadoreak aurkeztuko dituzte
Euskaraldiko batzordeak domekan [martxoak 30] emango du Euskaraldiaren Bermeoko hamaikakoaren berri. 250 herritarrek aurkeztutako ehundik gora izenen artean aukeratu dituzte enbaxadoreak.
Maiatzaren 15etik 25era bitartean euskararen erabilera aktibatu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da Euskaraldia, eta beraien inguruean zein herrian zehar horren berri ematearen ardura izango duen taldea aurkeztuko dute Bermeon, domekan. Hala, Bermeoko hamaika lagunek Euskaraldiaren enbaxadore izateko aukera izango dute 11 eguneko “praktika sozial masibo bateratuan”.
Aurkezpena domekan [martxoak 30] egingo dute, Lameran (euria baldin bada, frailetako portalean), 13:00etan, eta antolatzaileek “Euskaraldia bezala, ekitaldi alaia” izango dela aurreratu dute; izan ere, ez dira musika, dantzak, bertsoak eta umeentzako jarduerak faltako.
Hamaikakoa nortzuk osatuko duten domekan ezagutuko badute ere, herritarrek zeresana izan dute prozesuan. Izan ere, 250 bermeotarrek beraien proposamenak helarazi zizkioten batzordeari, eta jakanrazi dutenez “ehundik gora” izen jaso dituzte: “Izen horien artetik atera da Bermeoko Hamaikakoa: jatorri, adin, lanbide… askotakoak, eta Euskaraldian Ahobizi nahiz Belarriprest izango direnak”. Hala, anatolatzaileek “bermeotar guztiak” gonbidatu dituzte aurkezpen ekitaldian parte hartzera.