Bizkaiganeri jarraipena eman ahal izatea eskatu dute
Bizkaigane utzarazteko eskaera geldiarazteko eskatzeko eta Bizkaiganeri babesa adierazteko elkarretaratze jendetsuan bildu dira herritarrak gaur eguerdian Gernikako epaitegi aurrean.

Errigoitin dagoen Bizkaigane proiektuaren kudeaketa Txapel Koop kooperatibak darama, eta salatu dutenez, kooperatibakoek kudeatzen duten Bizkaiganeren eraikin bateko lursailaren jabeak kaleratu egin nahi ditu handik. Gaur epaiketa izan dute Gernikako epaitegian, eta Bizkaiganeri babesa adierazteko jendetza batu da bertan, bi ordu inguruz. “Gaurko ahozko saioan argi geratu da eraikuntza horiek Bizkaiganerenak direla eta guk erabilpena bermatuta izan behar dugula. Gure lekukoen adierazpenekin erakutsi dugu 1983tik eraikin horiek Bizkaiganerenak direla instalazioak, eta Bizkaiganek alokatu egin dizkiola Txapel Koop kooperatibari, jarduerarekin beste 40 urtean jarraitzeko. Gu ez gara okupak eta ez gaude inoren lekuan gurea ez den ekoizpen mota bat egiten”, azaldu du epaitegitik atera beharritan Markel Enzunza Bizkaiganeko langile eta kooperatibako kideak. Hala, proiektuari jarraipena eman ahal izatea eskatu dute, bai sindikatukoek bai elkartekoek, horretarako akordioetara ailegatzeko prest daudela esanez.
Izan ere, Bizkaigane nekazaritza proiektu bat da, 1983an sortutakoa, esnekiak saldu eta esnea eraldatzeko asmoz. Orduan, Bizkaigane elkarteak bere instalazioak lur jabearen baimen guztiekin eraiki zituen lursail horretan, hala adierazi dutenez, eta lanean jarraitu dute. Belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko asmoz, erreleboa antolatzen hasi ziren elkartearen sortzaile, langile eta gazteak, eta Txapel Koop kooperatiba sortu zuten horretarako. Kooperatibari Bizkaiganek alokatu egiten dizkio bere instalazioak, baina lurren jabea aldatu egin da eta eta Bizkaiganeren instalazioetatik kooperatibakoak utzarazteko eskatu du: “Salaketak Txapel Koop Bizkaiganerenak diren instalazioetatik kaleratzea du helburu, baina ez Bizkaigane ez Txapel koop ez dira egon okupa bezala instalazio horietan, horiek Bizkaiganerenak direlako, eta bere garaiko lur jabearen baimenarekin egindakoak direlako”. Eta horiek alokairu kontratua dute”.
Kooperatibakoek esan dute, euren instalazio batzuk euren lur propioetan dituzte arren, Bizkaiganeren instalazio hori ere “beharrezkoa” dutela jarduera osoa emateko, han baituzte txerri ekoizpena eta haragia eraldatzeko instalazioak. “Biak bat dira. Gainera, belaunaldi arteko erreleboa ematerakoan, Txapel Koopek ikusi zuen Bizkaiganeren instalazioak behar batzuk zituela jarduera esparrua zabaltzeko, eta bertan zegoen gaztaindegia berriztu egin genuen, obradore eta haragia eraldatzeko gunea eginez. Hori guztia instituzio eta administrazioen baimen guztiekin egin genuen, alokairu batean. Asko kostatu zitzaigun. Eta, orain, bat-batean, esaten digute hortik kaleratuak izan gaitezkeela”, azaldu du Leire Sorhouet kooperatibako kideak.
Eta inbertsio “handia” izan zela gogoratu dute: “Bere garaian apustu indartsua egin zen Bizkaigane Elkarteari jarraipena emateko, esfortzu ez bakarrik ekonomikoa, fisikoa eta emozionala ere bai. Lan handia egiten ari gara sektorearen alde, elikadura burujabetzaren alde, Errigoitiko herriaren alde, uste dugulako proiektu hau ezin dela hil pairatzen ari garen egoeragatik”.
EHNE Bizkaiak kaleratze eskaera gelditzeko eta inplikatutako alderdi guztiei “irtenbide egoki bat” bilatzeko eskatu diete, Bizkaiganeren ekoizpen jarduera bermatzeko premisagaz. “Berresten gara esanez Bizkaiganerenak direla eraikin horiek eta eskubide batzuk dituztela. Gainera, uste dugu gazteen lekua kortan dagoela eta ez epaitegietan. Gatazka hau ez da berria, urte luzeko gatazka da, eta nahikoa da. Nekatuta gaude, eta akordio batera ailegatu behar gara behin betiko. Baina ez epaitegietan. Guk ez dugu bide hau bilatu, inork ez du nahi izan hau, baina hona etortzera behartuak izan gara”, esan du Amets Ladislao EHNE Bizkaiko ordezkariak, behin betiko akordio batera ailegatzeko eskatuz.
Sorhouetek ere hala esan du: “Zabalik gaude akordio batera ailegatzeko, beti egon gara prest. Guk eskatzn dugun bakarra da Bizkaiganeri jarraipen bat eman ahal izatea. Elkarrizketak zabaltzea nahi dugu, eta behintzat aukera hori zabalik mantentu ahal izatea, ez bakarrik han lan egiten dugunontzat, baita elikadura burujabetzaren edo sektorearen etorkizunerako ere”.
Hain zuzen ere, EHNE Bizkaiakoek uste dute sektorean “nahitaezkoa” eta “estrategikoa” dela Bizkaigane, “erreferente bat”: “Eta hemen gazte batzuk prest daude proiektuarekin jarraitzeko. Hori altxorra da”. Sindikatuak gehitu du nekazaritza sektoreak ezin duela arriskuan jarri horrelako proiektu bat, elikagai ekoizpen iraunkor eta hurbileko zirkuituen bidez merkaturatutako baten adierazle “argia” dena. “Proiektu honek tokiko elikadura sistemak garatzeko osagai guztiak biltzen ditu, baita nekazaritza jarduerari jarraipena ematea ahalbidetzen duen belaunaldi erreleboa aktibatzea ere. Errelebo hauek guztiz blindatuta egon beharko litezke, altxorra da 30 urteko gazteek sektorean lan egin nahi izatea”, arrazoitu dute.